Gehigarria: ongizatea

Zure arima zaintzeko

Ataria 2024ko uzt. 23a, 16:00

Duela zazpi urte zabaldu zuen bere psikologia zentroa Maite Blanco psikologoak, eta geroztik, Tolosako Kale Nagusiko 29. zenbakian dago. Gestalt Terapian da espezialista, eta Ainara Campos lagun eta psikologoarekin elkarlanean aritzen da horren bueltan.

«Gestalt Terapiari esker, geure burua hobeto ezagutu dugu; beharrezkoak ez diren zamak askatu ditugu, pertsona osoagoak bihurtu gara, geure jokabide-ereduak aztertu ditugu, emozioak askatu ditugu, eta  gehiago bizi gara gorputzean. Azken finean, munduan modu maitekor eta osasuntsuago batean egoteko aukera eman digu Gestalt Terapiak», dio Blancok.

Ikuspuntu «humanista» batetik egiten dute lan. Izan ere, Gestalt Terapia teknika multzo bat baino gehiago dela dio, «bizitzeko jarrera bat da. Terapia humanisten barruan egonik, guztiok garatzeko dugun gaitasunean oinarritzen da; beraz, dugun potentzialari bide ematea da duen helburuetariko bat».

Bakoitzaren garapen pertsonala bilatzeaz gaiz, beste hainbat arazo ere artatzen dituzte. Esaterako, langabezi egoerak, dolu prozesuak edota dibortzioak, baita norberak bere buruarekin izan ditzaken arazoak ere; izan harremanetan zailtasunak, bakardadea, antsietatea, depresioa edota obsesio arazoak. Horretarako, Gestalt Terapiaz gain, Nur izeneko metodoa ere erabiltzen dute. Metodo hau bizipen traumatikoak askatzeko erabiltzen da bereziki, «trauma nuklearrenera iristen saiatuz, kontzientzia-egoera berezi baten bidez, gorputz-sentsazioei erreparatuz eta atal indibidual eta sistemiko desberdinen integrazioa bilatuz».

Helduekin egiten dute lan, eta eskaintza zabala dute aukeran. Esaterako, bakarka edo taldekako terapia saioak egiten dituzte, baita bikote terapia saioak ere. Horrez gain, urtean zehar terapia tailer ugari ere antolatzen dituzte. Genero berdintasuna oinarri izanik, espazio seguru, gertuko eta konfiantzazko bat sortzen dute, bezero bakoitzaren garapen pertsonala eta profesionala bideratuz.

Terapiaren iraupena aldakorra da, bezero bakoitzaren behar eta nahien araberakoa. Esaterako, arazo zehatz bat konpondu nahi duten bezeroek, arazo horri irtenbidea ematean emango dute bukatutzat terapia. Beste batzuek, aldiz, bizitzan aldaketa sakonagoa egin nahi dute, eta horrek prozesu terapeutiko luzeagoa eskatuko duela dio Blancok. «Azken finean, laguntza eskatzeko momentu egokia da, bizitzan aurrera egiteko laguntza behar duzula sentitzen duzunean».

Maite Blanco psikologoa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!