Gehigarria: ongizatea

«Beharrezkoa da konfiantzazko ginekologoa izatea»

Ataria 2024ko uztailaren 21a

Irune Alzola (Gasteiz, 1959) Zuatzu Klinikako ginekologoa da, haurdunaldian, jaio aurreko diagnostikoan eta medikuntza fetalean espezializatuta. Hastapenak aski ondo gogoratzen ditu Alzolak, bera baita proiektuko sortzaileetako bat.

Zuatzu Klinikako hastapenetatik diharduzu. Nola jaio zen klinika?
Gure ideia beti izan da kalitate handiko zerbitzu bat eskaintzea. Horregatik Gipuzkoako Poliklinikan eta Donostiako Pilar Klinikan zeuden ginekologia taldearen indarrak batu genituen, lortu nahi genuen helburu horretara iristeko. Oso pozik gaude, une honetan 15 ginekologo inguru ari garelako Zuatzu Klinikan lanean. Denok ginekologia orokorra egiten dugu, baina bakoitzak bere eremua du, eta horretan adituak gara.

Esan eta egin. Zein garrantzia du esparru honetan kalitatezko arreta jasotzea?
Emakumearen barruan dagoen aparatu txiki batez soilik arduratzen gara, baina berebiziko garrantzia du emakume guztion bizitzan. Emakumeei bizitza osoan laguntzen diegu haien bizi kalitaterako garrantzi handia duten prozesuetan. Gainera, prozesu guzti horretan zure bizitzan lagunduko dizun konfiantzazko ginekologo bat izatea beharrezkoa dela iruditzen zait, horrek emakumeontzat oso onuragarria den gertutasun giroa sortzen duelako.

Duela hiru urte inguru Tolosan zabaldu zenuten kontsulta berria. Zein zerbitzu eskaintzen dituzue bertan?
Ane Garmendia eta biok arduratzen gara Tolosako klinikaz. Anek ginekologia orokorra egiten du, baina sexu-harreman eta menopausia arazoez arduratzen da, baita ginekologia birsortzaileaz ere. Ni, berriz, haurdunaldiez eta jaio aurreko diagnostikoez arduratzen naiz.

Zergatik jo Zuatzu Klinikara?
Gipuzkoan behintzat ez dut uste beste zentro asko egongo direnek hain mediku talde handiarekin. Gu ginekologo asko garenez, eta Gipuzkoa osoko hainbat klinikatan lan egiten dugunez, emakume bakoitzaren ezaugarrietara gerturatzeko bitartekoak ditugu, gertuko arreta eskainiz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!