Tolosaldeko Etxebizitza Sindikatuak etxegabetze saiakera bat salatu du

Ataria 2024ko uzt. 18a, 14:57

Iturria: Tolosaldeko Etxebizitza Sindikatua

Sindikatuaren arabera, Iurreamendi egoitzaren pareko etxe batean bizi diren pertsonak «jazarri» ditu Tolosako Udaltzaingoak. Honi buruz Tolosako Udalak esan du Iurreamendiko eraikin horren barruan jendea zebilenaren abisua jaso zuela atzo eta bertan bi pertsona zeudela egiaztatu ahal izan zuela, «haiekin hitz egin eta gero, beren borondatez atera ziren. Inondik ere ez zen indarkeria edo jarrera bortitzik izan». 

Tolosaldeko Etxebizitza Sindikatuaren arabera, atzo goizean udaltzainek Iurreamendi egoitzaren pareko etxean bizi diren pertsona batzuk etxearen kanpoan «inongo agindu legalik gabe» gelditu, haien gauzak «aterarazi» eta bizilekura sartzea «debekatu» zieten. Horrez gain, etxe barruan «giltzapetuta» utzi zituzten beste zenbait pertsona, etxeko sarrera bakarra kate batekin itxita. Etxebizitza Sindikatuaren hitzetan «jazarpen metodoak» erabiltzen «jarraitzen» du Tolosako Udaltzaingoak: «Desokupa bezalako antolakunde faxisten metodo berak erabiltzen ari da Tolosako Udaltzaingoa, eta gizarteko geruza baxuenei inpunitatez aplikatzen dizkiete». Tolosako Udalaren erantzukizuna ere seinalatu du sindikatuak: «Era berean, Tolosako udal gobernuak jokabide hauek bere jabetza batean inpunitatez emateko testuingurua sortzeaz gain, ez du inongo borondaterik pertsona horiei alternatiba bat emateko».

Udalaren erantzuna

Tolosako Udalak gaiaren inguruan zehaztu du eraikin hori jabego publikokoa dela, ez etxebizitza bat, eta egoera kaskarrean dagoela, «eta hori dela eta, neurri modura eraikina guztiz ixten da, berroneratzeko proiektua gauzatu arte».  Udalak alternatibak eskaintzeko borondatea duela esan du, eta horregatik, pertsona horietako bat aurretik Gizarte Zerbitzuetan artatua izan dela esan du, baita Abegiko eguneko zentroan ere, «gainerakoei beti eskaintzen zaie Gizarte Zerbitzuetatik laguntza, eta halaxe egin da kasu honetan ere». «Paraleloan, udala SEFAC zerbitzuarekin harremanetan da, bazterkeria egoeran dauden pertsonekin lan egiten duen zerbitzuarekin, alegia, gizarteratze prozesuak bideratzeko zein aukera dauden aztertzeko», gehitu du.

Udalak nabarmendu du kalean dauden pertsonei arreta ematen dien Gipuzkoako herri bakarrenetakoa dela Tolosa, «tamalez, udalak bere eskura dituen baliabideak mugatuak dira, eta ez dira nahikoa gizarteak bere orokortasunean duen gabezia honi aurre egiteko. Hala eta guztiz ere, bere gaitasunen barruan egin dezakeen guztia egiten du pertsona hauei laguntzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!