Hiru domina hegats igeriketako Munduko Master Txapelketan

Ataria 2024ko uztailaren 17a

Patxi Monge eta Gregorio Manzisidor hegats igerilariak, master mailako Munduko Txapelketan.

Igarondo Urpekoak taldeko Patxi Mongek bi domina lortu ditu eta Gregorio Manzisidorrek eskuratu du bestea.

Igarondo Urpekoak hegats igeriketa taldeko bi kide izan dira master mailako Munduko Txapelketan, eta hiru domina lortu dituzte bi tolosarren artean. Patxi Mongek bi domina lortu ditu, zilarrezkoa eta brontzezkoa, eta Gregorio Manzisidorrek domina bat, zilarrezkoa. Belgradon egin da txapelketa eta 25 selekziotako 150 igerilari elkartu dira bertan.

Aurtengoan bi igerilariek +50 kategorian lehiatu dute. Monge abiadurako probetan oso ondo aritu da, eta 50 metro apnean zilarra lortu du eta brontzea 50 ur gainekoan. «Aurkariak ikusita eta lesio batetik zetorrela kontuan hartuta, emaitza paregabeak dira», azaldu dute klubetik. Manzisidorrek 400 metro ur gainekoan ezustekoa eman du eta zilarra lortu du, 50 metro ur gainekoan 5. postu polit batekin errematatuz Munduko Txapelketa.

Esperientzia «oso polita» izan da tolosarrentzat «bai kirol emaitzengatik eta beste herrialdeetako kirolariekin bizi izandako esperientziagatik. Mundiala izan da», azaldu dute Igarondo Urpekoak taldetik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!