Gehigarria: ongizatea

Nerbioak eta atsedena, orekan

Ataria 2024ko uzt. 19a, 16:00

Tolosako Ehun fisioterapia zentroan Nesa Xsignal neuromodulazio ez-inbaditzaileko aparatua erabiltzen dute, nerbio-sistema autonomoan eragin eta oreka bilatzeko, hori ezinbestekoa baita gorputzaren funtzionamendu egoki baterako. Paziente jakin batzuei zuzenduta dago, eta oraingoz emaitza oso onak izaten ari da insomnio arazoak dituztenen artean, batez ere, kalitatean.

Berrikuntza teknologikoa azkar ari da garatzen medikuntzan, eta, horren ondorioz, baita patologia kronikoak edo lesioak dituzten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko irtenbideak ere. Tolosako Ehun fisioterapia zentroan, teknika berritzaileetako bat erabiltzen dute: Nesaworld teknologiak merkaturatutako Nesa Xsignal neuromodulazio ez-inbaditzaileko aparatua. «Erreminta oso egokia da, eskuekin heldu ezin garen zenbait gunetara heltzea ahalbidetzen duelako, eta eskuekin soilik konpondu ezin ditugun zenbait min edo arazo konpontzen laguntzen digulako», adierazi du Imanol Saizar  fisioterapeutak.

Aparatu honen funtzioa, batik bat, nerbio-sistema autonomoan eragitea da, oreka bat bilatu ahal izateko. «Nerbio-sistema autonomoak bi zati ditu: sinpatikoa eta parasinpatikoa. Zati sinpatikoak gorputza alerta egoeran jartzen du, estres egoera baten aurrean azkar erantzun ahal izateko. Parasinpatikoak, berriz, gorputza erlaxatzen du, oreka bat izateko, esaterako, lotarako orduan. Gorputzaren funtzionamendu egoki baterako ezinbestekoa da nerbio-sistema autonomoa ondo orekatuta izatea», azaldu du Saizarrek.

Lehenik, zenbait datu neurtzen dituen gailu bat jartzen zaio bezeroari eskuetan. «Besteak beste, bihotz taupaden aldakortasuna neurtzen du, gorputzean hanturazko prozesurik ote dagoen ala ez jakiteko; bizitzeko ezinbestekoak diren organoetara bulkadak heltzeko modua ere neurtzen du, baita bihotzaren estres maila ere, taupadak egitea kostatzen zaion ala ez, alegia. Horrez gain, nerbio-sistema sinpatikoaren eta parasinpatikoaren arteko oreka eta garuneko jarduera kognitiboa eta intentsitate-maila neurtzen ditu».

Gorputzean orratz bat sartzean, neuromodulazio inbaditzaileko teknika erabiltzen da; gorputzean erreakzio bat sortzen du. Kasu honetan, aparatuak mikrouhin elektriko bat sartzen du gorputzean, orkatiletatik eta eskumuturretatik horietan daude nerbio-sistemaren puntak. «Frekuentzia eta intentsitate oso baxuan sartzen da, gorputzak erabiltzen duen frekuentzia eta intentsitate berean, berea balitz bezala onartzen duelarik. Elektro batzuen bitartez, korrontea gorputzean sartzen da, sistema periferikotik zentralera. Bizkarrezur-muinera iristen da, eta ondoren, bertatik garunera, eta azkenik, neuronek sortzen dituzte pultsu elektrikoak gorputzean».

Gorputzeko atal batean min dugunean, atal horretaz arduratzen diren garuneko neuronak estresatzen hasten dira, informazio jakin bat jasotzen dutelako, eta hori konpondu ahal izateko lanean hasten dira. «Prozesu horretan, ordea, lanerako gaitasuna eta oreka galdu ohi dute. Beraz, aparatu honen helburua da neuronek moldeatzeko gaitasuna ez galtzea, nerbio-sistemara egokitzeko, eta denboran zehar mantentzea».

Denera hamar saio, astean bizpahiru

Fisioterapeuten esanetan, gailu honek asko errazten du beraien lana. «Bezero bat min jakin batekin gerturatzen denean, askotan, zaila izaten da min horren jatorria edo kausa jakitea. Min askok, gainera, zerikusia izaten dute garunarekin, pertsona bera antsietate prozesu batean dagoen kasuetan. Beste teknika batzuen bitartez ez gara iristen min hori arintzera, antsietatearen eraginez, eta beraz, gailu hau ezinbestekoa da prozesu hori gainditzeko».

Berez, edonork erabili dezake aparatu hau. Hala ere, paziente jakin batzuei zuzenduta dago; izan ere, gaixotasun kronikoak —fibromialgia, min kroniko eta orokortuak— edo loaren kalitatea hobetzeko gai da. Min kronikoen kasuan, mina arintzen laguntzen du. Antsietatea, estresa, hiperaktibitatea, gernu-inkontinentzia edota esklerosi anizkoitza pairatzen duten gaixoekin ere erabiltzen da, baita giharren errekuperaziorako ere. «Insomnio arazoak dituzten pazienteen artean emaitza oso onak izaten ari da, batez ere, kalitatean. Nahiz eta ordu kopuruak berdin mantendu, deskantsatuago jaikitzen dira».


Prozesuak bermea izan dezan, adituek gutxienez hamar saioko tratamendu bat egitea gomendatzen dute lauzpabost asteko tartean, hau da, astean bizpahiru saio; bakoitza ordubetekoa izan ohi da. «Hamargarren saioa eta gero, azterketa berri bat egiten zaio pazienteari, lehen saioko emaitzekin alderatzeko eta ondorioak ateratzeko. Balorazio subjektiboa ere kontuan hartzen da, pazientearen sentsazioak, alegia».

Zentroa handituta, lesiotik ongizatera

Hala ere, Ehun fisioterapian erabiltzen dituzten gainerako teknikak eskuen bidezkoak izaten dira, makinen erabilera ahal den moduan murriztuz. «Horrela lortzen ditugu hobekuntza nabarmenenak». Aparatu berritzaileak «gehigarri» modura aplikatzen dituzte, «egiten dugunari laguntza emateko». Bi urte eta erdi dira zentroa ireki zutela. «Laburra baina intentsitate handikoa izan da orain arteko ibilbidea, eta pozik gaude. Lanez gainezka gabiltza, baina hori dela eta, zentroa handituko dugu laster».

Hastapenetan bezala, gaur egun beraien ardatz nagusiak pertsonen zaintza eta ongizatea dira. «Sarritan, pazienteak lesiotik ongizatera daramatzagu». Lesio batzuk ekiditeko, baina, modu eraginkorrena aurretiaz lan egitea dela dio Saizarrek. «Arazoei aurre hartzea funtsezkoa da pertsonen ongizatea bermatzeko. Ohikoak edo konstanteak diren arazo edo minen kasuan, gehienak lan motagatik izaten dira, garrantzitsua da periodikoki hitzorduak hartzea, eraginkortasunean hobetzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!