Gazako haurrek bizi duten genozidioa bildu dute erakusketa batean

Leyre Carrasco 2024ko uzt. 18a, 11:59

Lau obra eta instalazio batek osatzen dute Eva Mena artistaren 'Futuro' erakusketa; Tolosako GKo Galerian dago ikusgai uztailaren 27ra arte.

Iazko urriaren 7ko eguna ondo gogoan du Eva Mena artista bizkaitarrak, egun horretan areagotu baitzen Israel eta Palestinaren arteko gatazka. «Duela urte asko Mujeres Artistas por la Paz izeneko Gobernuz Kanpoko Erakunde batekin horma irudi bat margotzera joan nintzen Zisjordaniara. Horregatik, gerra bertan piztu zenean, egoerak zuzenean eragin zidan, aurretik egoera oso gaizki baitzegoen», kontatu du.

Ordurako Tolosako GKo Galerian erakusketa bat antolatzeko proposamenari baiezkoa emana zion Menak, baita obrak bukatuta ere. «Hasieran margolan loretsuak eta koloretsuak sortu nituen, baina gerra piztu zenean ez nintzen horiek aurkezteko gogoarekin sentitu», aitortu du. Honela, erakusketa guztia aldatu eta Palestinako Gazan haurrek sufritzen ari diren gerra egoera irudikatzea erabaki zuen.

Guztira, lau margolan eta instalazio batek osatzen dute erakusketa, Adam Shatz idazle estatubatuarraren Israelen gainbehera izeneko artikuluarekin batera. Margolan bakoitza, gainera, Palestinako historiako hainbat momentutan argazkilari ezberdinek egindako argazkietan oinarrituta dago. Argazkien aukeraketa, berriz, ez zen oso zaila izan artistarentzat, eta azkar egin zuela esan du, «haur horien begiradarekin berehala konektatu nuelako». Bidegabetasuna eta sufrimendua izan dira horiekin islatu nahi izan duena, «haur horientzat jaio diren lekuan jaio izana bidegabea dela uste dut, baita sufritzen ari diren egoera hori ere».

Etorkizuna

Futuro izenburupean zabaldu du erakusketa Tolosako GKo Galerian, eta izenburuak bere baitan errealitate asko barnebiltzen dituela azaldu du artistak: «Batetik, haur horiek lur horren etorkizuna direlako; bestetik, euren etorkizuna zalantzagarria delako; eta azkenik, etorkizun desberdinak ere etorri daitezkeelako, bai beraientzat, baita guretzat ere».
Hala ere, Menak argi adierazi du, «gerra bizitzen ari diren haur horiei etorkizuna guztiz puskatu zaie». Eta hori erakusketan bertan jarri duen instalazioarekin ere islatu nahi izan du. Horretarako, Jostailu puskatuak jartzen duen kartel argitsu bat jarri du, eta horren parean kristalezko kanpaia baten barruan dagoen panpina bat. «Instalazio hori hondakinen artean panpina bat agertzen den margolanaren aurrean kokatu dut ispilu moduan, obra hori ere instalazioaren parte baita», azpimarratu du.

«Kartela ez dator bat normalean antzeko kartelek izaten duten mezu positiboarekin, eta horrek esan nahi du dena ezin dela esfortzuarekin lortu», azaldu du. Panpinak duen kanpaiak, berriz, babeslekua adierazi nahi duela gehitu du, «eta horrek bizi garen lekuan haurrak nola babesten ditugun eta gatazka lekuetan gertatzen ari dena nola babesten dugun erakusten du».

Hori guztia uztailaren 27ra arte ikusteko aukera izango da GKo Galerian, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan 10:30etik 13:30era edo 17:30etik 20:00etara.


Artisten erakusleiho
«Ohore handiz» jaso dituzte artista bizkaitarraren obrak GKo Galerian. Hala adierazi du GKo Galeriako arduradunetako bat den Garikoitz C. Muruak: «Euskal Herria mailan artista gutxi daude kaleko artearen inguruan dabiltzanak eta guretzako ohore bat da Eva gurekin izatea, Euskal Herriko lehen emakume grafitigile erreferentea delako».
GKo Galeriak 2008an zabaldu zituen ateak Tolosako Kale Nagusiko 24. zenbakian, hiriko arte garaikidea sortzeko eta zabaltzeko gune gisa. Ordutik, eskualdeko erreferente gisa finkatu da, dendaz gain, erakusketa eskaintza zabala duelako, bai eta tokian-tokian, estatuan eta nazioartean kudeatzen diren hainbat proiektu ere.


«Urtean zehar artista bat aukeratzen dugu. Euskal Herrian kaleko artearekin harremana izatea baloratzen dugu eta guretzako zerbait berezia egitea eskatzen diogu», azaldu du Muruak. GKo Galeriatik igarotzen diren artistak etorkizun batean oihartzuna izango dutela uste du arduradunak. Horregatik, aukeraketa egiterako garaian garrantzia berezia ematen diote artistaren izenari, bere ibilbideari, baita aurkeztu behar dituen obra guztiei ere.
Mena izaten ari den erantzunarekin pozik agertu da arduraduna: «Orain arte bisita asko jaso ditugu eta ez bakarrik gaia erakargarria delako, baita obren edertasunagatik ere».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!