Zortzi urteren ondoren, berriro elkartuko dira

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko uzt. 17a, 11:59

Tolosako GU musika taldeko kideak, 2015eko azaroan, Tolosako Orbela tabernan egindako kontzertuan.

Tolosako GU musika taldeak kontzertua egingo du ostiralean, 18:30ean, 3 tabernako terrazan; 2016an egin zuten azken saioa.

Zirrara handia eragiten dute Olinpiar Jokoek; bizpahiru astez, goi mailako kirolarien bilgune izaten dira. Aurten, Parisen (Frantzia) ospatuko dira uztailaren 26tik abuztuaren 11ra bitarte. Lau urtez prestatutakoa epe motz horretan erakutsi behar izaten dute parte hartzaileek. Izan ere, 2028an elkartuko dira berriro, Los Angelesen (AEB).

Tolosako GU musika taldearen zuzenekoek ere zirrara handira eragiten dute. Olinpiar Jokoetan bezala, maila bikaina erakusten dute; kasu honetan, baina, musika arloan dute eskarmentu handia. Antton Telleria, Ander Zubillaga, Xabier Beldarrain, Ivan Alzate eta Ion Arruebarrena dira taldeko kideak. Ez dago jakiterik, ordea, noiz elkartuko diren. Musikarekin ez ezik, egutegiarekin ere inprobisatu zaleak dira. Duela zortzi urte elkartu ziren azken aldiz, herrian bertan.

Bada, orain bueltan dira berriro, akaso, izpiritu olinpikoak eraginda. Ostiralean, uztailaren 19an, zuzeneko kontzertua egingo dute 3 tabernako terrazan. 18:30ean hasiko da saioa, eta aipatutako taldekideez gain, gonbidatu bereziren bat ere bertan izan daitekeela aurreratu dute. «Ez hutsik egin, guk ere ez baitakigu hurrengo kontzertua noiz izango den. Gure abesti propioak eta zenbait bertsio joko ditugu, eta inprobisazioak ere izango du lekua, noski», adierazi dute.

Musika bandaren saioa

Egun berean, 20:00etan hasita, Tolosako Udal Musika Bandak kontzertua eskainiko du Lopez-Mendizabal pasealekuan. Obra dantzagarriak interpretatuko dituzte, eta beraz, dantzatu nahi duen oro gonbidatu dute kontzertura. Tolosako Udalak antolatutako Kultura Plazara egitasmoaren barruan kokatzen da emanaldia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!