Igeriketa denboraldiko emaitzekin «oso gustura»

Imanol Garcia Landa 2024ko uzt. 17a, 07:58

Denboraldi zaila izan da Tolosaldea IKT taldeko kideentzat, azarora arte ezin izan zutelako Usabalgo igerilekua erabili.

Beñat Bidaola taldeko teknikariak azaldu duenez, «neguko denboraldia gehiago kostatu da, baina gero udaberritik aurrera martxa hartuta, errazagoa izan da, eta taldea indartu egin da eta emaitza positiboak izan dira. Oso gustura gaude orain arte lortutakoaz».

Txapelketei dagokionez, uztailaren hasieran Europako Junior Txapelketa izan zen jokoan, eta bertan izan ziren Nahia Garrido eta Mattin Zubeldia. Garridok bizkar estiloan 200 metrotan bosgarren postua lortu zuen (2.12,45) eta 100 metrotan 24. postuan amaitu zuen (1.03,75). Zubeldia bizkar estiloan 200 metrotan 14. postuan geratu zen (2.03,82), baina ez zen finalerdietara sartu, Espainiako selekzioko beste bi igerilari bere aurretik geratu zirelako, eta selekzio bakoitzetik gehienez bi igerilari sartu daitezkeelako finalerdietara. 100 metro bizkarrean 37. postuan amaitu zuen (57,79). «Maila hauetara iristea oso zaila da. Tolosaldea taldean ez dugu aurretik izan maila horretan igerilaririk. Orain bi ditugu eta hori nabarmentzekoa da», zehaztu du Bidaolak.

Aurretik, ekainean, Espainiako Txapelketa egin zen, junior eta absolutu mailan, eta bertan taldeko sei igerilarik parte hartu zuten. Garrido 100 metro bizkarrean bigarren geratu zen junior mailan, eta 1.02,38rekin 17 urteko Euskadiko marka egin zuen; 200 metro bizkar proban bigarren egin zuen (2.13,57). 50 metro bizkarrean finalean sartu zen. Mattin Zubeldiak 100 metro bizkarrean bosgarren egin zuen (57,43) eta 200 metro bizkarrean 2.03,14 marka egin zuen finalerdietan, 17 urteko Euskadiko errekorra lortuz; finalean deskalifikatu egin zuten, irteeran mugitzeagatik. 50 metro bizkar eta 50 metro tximeletan ere aritu zen. Malen Zubeldiak absolutu mailan parte hartu zuen, infantil mailakoa izan arren, eta B finalera sailkatzea lortu zuen 200 eta 400 metro estiloetan (2.25,41 eta 5.10,14); 50 eta 100 metro tximeletan ere parte hartu zuen. Igor Arrigainek absolutu mailan 50 eta 200 metro bular estiloan parte hartu zuen. Junior mailan parte hartu zuten Uhaitz Aranbarrik 200 metro libre, eta 200 eta 400 metro estiloetan, eta Irene Sagarnak 50 eta 100 metro libre, eta 50 metro tximeletan. «Taldearentzat garrantzitsua da horrelako txapelketa batera sei igerilarirekin joatea», esan du teknikariak.

Alebin mailako Espainiako Txapelketa jokatu berri da, eta bertan parte hartu du Patxi Arzallusek 50 eta 100 metro libre probatan, hurrenez hurren, 16. eta 17. postuan amaituz.

Euskal Herriko Txapelketari dagokionez (Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroa), alebin mailakoa Tolosan egin zen ekainean, eta taldeko zortzi igerilarik parte hartu zuten. Mutilak taldeka hirugarren geratu ziren. Infantil mailakoan taldeko hamasei igerilarik parte hartu zuten, eta nesketan lehen postua lortu zuten, mutiletan 16.a eta bateratuan hirugarren izan ziren.

Aurreko asteburuan, San Joan Saria izan zen jokoan Usabal kiroldegian, eta 60 igerilari baino gehiagok parte hartu zuten, horietatik 30 Tolosaldea IKT taldekoak. Lehen sailkatua Maider Redin donostiarra izan zen, 100 metro estiloak proban Euskadiko marka eginez. Mattin Zubeldia bigarren izan zen, 200 metro bizkarrean Euskadiko marka absolutua eginez 1.57,39 denborarekin. Aurten Bidasoa taldean dagoen Unai Zubeldia tolosarra hirugarren izan zen, 100 metro librean 49,89ko marka eginez.

Gipuzkoako Txapelketei dagokionez, ekainean infantil eta alebin mailakoa egin zen, eta neskek hirugarren egin zuten, mutilek laugarren eta bateratuan bigarren izan ziren. Junior eta absolutu mailetan, neskak txapeldun izan ziren, mutilak bigarren eta bateratuan txapeldun. Nabarmentzekoa da Igor Arrigainek 2.16,40 egin zuela 200 metro bularrean, taldeko errekorra eginez.

Asteburu honetan ere txapelketa gehiago dituzte Tolosaldea IKT taldekoek. Infantil mailako Espainiako Txapelketa dute Sabadellen (Herrialde Katalanak), hilaren 18tik 21era arte. Bertan izango dira Enara Urizar, Malen Zubeldia eta Ilargi Sarria proba indibidualak egiten, eta hauei Enara Zubillaga gehituko zaie erreleboen proban aritzeko. Bestalde, Ordizian Euskal Herriko Txapelketa egingo da junior eta absolutu mailan, asteburuan, Ordizian. Taldeko hamabi bat igerilari joango dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!