Uztailaren 1ean abiatu zuten EuskarAbentura Atharratzen, eta Euskal Herriko 27 herri igaroostean, uztailaren 31ean emango diote amaiera Getxon. Tartean da Tolosa, eta hain zuzen, gaur eguerdian iritsi dira trenean bertara. Zerkausian egin dute lehen parada, eta bertan Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak eman die ongietorria.
Lehenik eta behin, Tolosako leku esanguratsuen nondik norakoen inguruan aritu da alkatea, baita urtean zehar antolatzen dituzte ekitaldi eta festa ospetsuen inguruan ere. Kultur eragileen garrantzia aipatzeaz gain, naturarekin eta kirolarekiko duten harremana ere azpimarratu du eta horren bueltan dabiltzan zenbait kirol talde eta ekimen goraipatu ditu.
Gazteen artean euskararen erabilera sustatu eta normalizatzea, gazte euskaldunen sare berri bat sortzea eta elikatzea eta natura-ondasun eta ondasun historiko nahiz kulturaren transmisioa bermatzea dira EuskarAbenturaren helburua, eta Tolosan ere horrekin bat egiten dutela azpimarratu du. «Tolosaldea eskualde oso euskalduna da, eta aurten, lehen aldiz, gure kaleetan euskara gehiago nagusitu da gaztelera baino», gehitu du.
Eskualdekoak tartean
Guztira, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako nahiz diasporako 15 eta 17 urte bitarteko 127 gaztek eman dute izena aurtengoan, horietatik 28 gipuzkoarrak. Tartean dira Oihan Aranzabal eta Izadi Olasagasti tolosarrak, Eneko Zubia ibartarra eta Izaro Santano billabonatarra. Bihar arte izango dira Tolosan, eta geldialdi «motza» izango bada ere, «pozik» daudela adierazi dute, «lagunak eta familia berriro ikusteko aukera izango dugulako, baita arropa garbitu edota pixka bat deskantsatzeko ere».
16 egun igaro dira abentura hasi zenetik eta dagoeneko momentu on ugari bizitu dituzte elkar. Aranzabalen gustukoena, esaterako, Gasteizko Errekaleor auzoa bisitatu zuten eguna izan zen. Hala ere, egitasmoaren alderik «aberasgarriena» parte hartzaileen artean sortu diren harremanak direla dio Olasagastik. «Gure inguruan dabiltzan euskalki ugari ezagutu ditugu eta horrek ere aberastu egin gaitu», gehitu du Santanok.
Izan ere, egitasmoaren erronketako bat hilabete osoan zehar euskaraz hitz egitea izan da, eta erronka horri erraz eutsi dio eskualdeko laukoteak. «Eskualdean beti izan dugu euskaraz hitz egiteko ohitura, beraz guretzako erronka oso erraza izan da, baina bizkaitarren kasuan, adibidez, zailagoa ez baitaude oso ohituta», dio Aranzabalek. «Hala ere, gurekin euskaraz egiten saiatzen dira, gazteleraz egiteko duten ohitura horri buelta ematen laguntzen baitiegu», gehitu du Olasagastik.
Dagoeneko ibilbide erdia egin dute eta aurrera jarraitzeko indarrarekin daudela diote. «Etapak ez dira horren gogorrak izan eta oraindik energia badugu, beraz ikusiko dugu abentura nola joaten den hemendik aurrera».
Bi egunetako geldialdia
Alkatearen ongietorriaren ostean Laskorain Ikastolarako bidea hartu dute EuskarAldiko parte hartzaileek; egitasmoan parte hartu duten 127 gazteekin batera, 10 xerpek, 4 xerpa laguntzailek, 2 xerpa buruk, 3 medikuk, 2 erizainek, 2 gidarik, 2 argazkilarik, euskara teknikari batek, kamera batek eta komunikazio arduradun batek.
Eguerdian, Laskorain Ikastolan deskantsatzeko nahi adina denbora izan dute, arratsaldean bisita ugari izango baitituzte. Batetik, Igone Mariezkurrena kazetariaren bisita jasoko dute, eta bestetik, Antton Telleria eta Julen Telleria anaien sorpresa ere izango dute.
Bihar goizean, berriz, Geruzak elkartekoek hitzaldia eskainiko diete sexu erreprodukzioaren, sexu harremanen eta hilerokoaren inguruan. Arratsaldean talde argazkiak egingo dituzte eta, ondoren, Juantxo Arakama Glaukoma musika taldeko abeslariaren bisita jasoko dute.
Ostegun goizean autobusa hartuko dute Oiartzunera, bertan abiatuko baitute etapa berria.