Ez da izan asteburu ona Tolosaldea traineruarentzat Euskotren Ligan. Zapore «mikatza» utzi die, Ramon Erostarbe entrenatzaileak azaldu duenez. Bi estropada jokatu dituzte, larunbatean Bilbon eta igandean Sestaon, eta bietan bosgarren postuan geratu dira. Horren ondorioz, eta Oriok lortutako emaitzak direla-eta, ligako sailkapen orokorrean bigarren postutik hirugarrenera jaitsi dira.
Asteburuko bi estropadak Donostia Arraun Lagunak traineruak irabazi zituen eta lehen postuan jarraitzen dute, orain arteko guztiak irabazita.
Lehen lau estropadetan hiru bigarren postu eta hirugarren bat lortu zuen Tolosaldeak. «Bi estropada hauetan ez zaizkigu gauzak atera espero bezala. Biak ibaian izanik, horiek ziren niri beldur gehien ematen zidaten estropada eremuak. Ez dira guretzako baldintza onenak, baina horiek ere egin behar dira», esan du Erostarbek. «Larunbatekoa oso gogorra izan zen, uraren egoeraz gain, baziren kontuan hartu beharreko beste hainbat elementu batzuk ere». Igandekoan kale txar batetik ateratzea egokitu zitzaien, eta haizea zebilen. «Gure estropada egin genuen, gure txanda irabaziz, baina gero haizea jaitsi egin zen ohorezko txandarako, eta besteei mesede egin zien kaleak, lehen biak oso indartsu joan zirelako, eta beste biak atzetik joan ziren».
Datorren asteburuan Galizian izango dituzte bi estropadak. Larunbatean Aguiñon eta igandean Boiron. «Larunbateko estropada eremuan ez da itsaso handirik izaten, baina haizea pixka bat altxatzen bada ikusiko dugu zein diren baldintzak», esan du Erostarbek. «Eremua txikiagoa da eta, beraz, bi ziaboga egin beharko ditugu, eta horrek ere eragina izan dezake estropadan».
Aurtengo denboraldirako beste maila bat igotzea zuten helburu Tolosaldea trainerukoek. «Igotzen ari gara maila hori, baina agian lehen lau estropadetan asko igo dugu, eta hankak lurrean izan behar ditugu. Estropadaz estropada joan behar dugu, baina ilusioa galdu gabe, eta saiatuko gara banderaren bat irabazten».