Omenaldi izaera hartuko du Urmugaren Urtanta jaialdiak

Ataria 2024ko uzt. 16a, 07:59

Aurten ez da Urmugarik izango, baina helburu bera duen Urtanta egingo dute; hilaren 22tik 28ra izango dira emanaldiak eta, besteak beste, Koldobika Jauregi omenduko dute.

2020an abiatu zen mendizaletasuna eta kultura uztartzen dituen Urmuga jaialdia. Bi urtez behin ospatzen dute eta Euskal Herri osoa ekialdetik mendebaldera zeharkatzen du. Ekitaldi hori egiten ez den urteetan, aldiz, Urmugaren Urtanta antolatzen dute. Jaialdi laburragoa, baina Urmuga bezain indartsua dela dio Migel Zeberio (Tolosa, 1966) antolatzaileak, «jaialdian parte hartzen duten artista eta lantalde guztiak zigilu berezi bat eransten baitiote».

Aurtengo edizioak omenaldi izaera hartuko duela esan du Zeberiok. Izan ere, batetik, Nestor Basterretxea eskultorea omenduko dute, jaio zenetik ehun urte bete baitira. Bestetik, Jakin aldizkariko sortzaileak ere omenduko dituzte, baita duela hilabete hil zen Koldobika Jauregi eskultore alkizarra ere. Horretarako lau emanaldi antolatu dituzte, uztailaren 22tik 28ra eskainiko dituztenak, Urmuga jaialdiaren ohiko formatuan: Et Incarnatus orkestra izango da gidari eta euskal abeslari eta artista ezagunen parte hartzea izango du.

«Hainbat omenaldi proposamen iritsi zitzaizkigun, baina horiek mugatu eta aukeraketa bat egin behar izan genuen», aitortu du Zeberiok. Zentzu horretan, zenbait gairi heltzea erabaki zuten antolakuntzatik. Basterretxearen kasuan, batetik, azken urteetan bizi zen herria hautatu dute: Hondarribia. Bestetik, euskal eskultorearen sorlekura ere bidaia egingo du Urmugaren Urtanta jaialdiak, izan ere, Zeberiok azaldu duenez, «Basterretxea bermeotarra zen eta han inguruan dagoen Bakiora joango gara, bi herrien artean baitago Gerra Zibileko itsas gudariei eskaini zien Matxitxakoko Guda artelana». Lemoizen, gainera, zentral nuklearra «arte eta zientzia gune» bihurtzea proposatu zuen Basterretxeak, beraz, horiek guztiak batuko dituzte.

Aurtengo edizioak beste bi lekutan egingo du geldialdia; Arantzazuko Santutegian eta Aralarko Mailopean. Azken horretan amaituko da Urtanta. Kontzertuetarako iristeko mendi ibilbideak antolatu dituzte eta horien inguruko informazio guztia dago ikusgai Urmuga.eus webgunean.

Hondarribia eta Arantzazu

Egitarau guztia josteko, Basterretxeak landutako Euskal Serie Kosmogonikoa hartu dute oinarri antolatzaileek. Maisulan horiek «gure izanaz, orainaz eta gure geroaz» hitz egiten duela azaldu du Zeberiok, eta horiekin, hain zuzen, Joxe Miel Barandiaranek jasotako mitoei forma eman nahi izan zien. Horri tiraka sortu dute emanaldia, hain justu, uztailaren 22an Hondarribian eta, uztailaren 23an, Arantzazuko Santutegian eskainiko dutena.

Euskal artista ugari izango direla jakinarazi du Zeberiok, eta adin guztietakoak, gainera. Asisko Urmeneta ilustratzaileak eta Titika Rekalte aktoreak sortu dute gidoia, eta «Basterretxearen irudietara eramango gaituzte». Et Incarnatus Orkestrarekin batera ariko dira Donostiako Orfeoia eta Maika Etxekopar eta baita Olaia Inziarte abeslaria ere. Jon Esnaola Tolosako konpositore gazteak gainera, sei euskal doinu tradizional hartu eta beste sei sorkuntza berri idatzi ditu. Horiek guztiak ere Hondarribian eta Arantzazun estreinatuko dituzte.

Bertan, gainera, omenaldia eskainiko diete Jakin aldizkariaren sortzaileei; Paulo Agirrebaltzategi eta Joxe Azurmendi. Horrez gain, Bitoriano Gandiaga ere izango dute gogoan, Hiru gizon bakarka poema liburuaren argitalpenaren 50. urteurrena dela eta.

Uztailaren 25ean, Bakion, eta uztailaren 28an, Aralarko Mailopean, Urmugan izaten diren antzeko programak antolatu dituzte. Bertan, Eñaut Elorrieta, Idoia Asurmendi, Anje Duhalde, Olaia Inziarte eta Xabier Leturia ariko dira Et Incarnatus Orkestrako kideekin batera.

Gainera, azken egun horretan «tamalez» beste omenaldi bat egingo dutela jakinarazi du Zeberiok, «gustu handiz egingo duguna, baina hari hau etetea gustatuko litzaigukeena». Eskulturgintzari tiraka, aurten zendu den Koldobika Jauregi eskultore alkizarra omenduko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!