ERREPORTAJEA

Beretik abiatu berrasmatzeko

Jon Miranda Labaien 2024ko uzt. 19a, 12:04

Miren Gonzalez Goikoetxea, Donostiako Arteztu galerian, bere lanaren ondoan. J.M.

Donostiako Arteztu arte galerian 'Ber' izeneko erakusketa zabaldu du Miren Gonzalez Goikoetxea (Tolosa, 1973) artistak, eta azken hamar urteotako prozesu artistikoa erakusteko hamar obra jarri ditu ikusgai. Abuztuaren 24ra arte izango da bisitatzeko aukera.

Arnas luzea dute Miren Gonzalez Goikoetxearen (Tolosa, 1973) proiektu artistikoek. Denbora hartzen du sortze prozesuan eta egiteari bezainbeste garrantzi ematen dio begiratzeari eta entzuteari. Horren guztiaren emaitza da abuztua erdialdera arte Donostiako Arteztu galerian ikusgai izango den erakusketa. Hamar urteotan artista tolosarrak egin duen lanaren mostra txiki bat baino ez da, hamar koadrotan laburbilduta. Aldi ezberdinak bereizten ditu bilduma azaltzerako orduan, baina koadroetan badago jarraikortasun bat ere. Kateatu egiten dira proiektuak, bata bestearekin.

«Iristen da momentu bat non sentitzen dudan bukatzear dagoela aldi bat. Nire modua ez da koadro soil bat egin eta hurrengora pasatzea, egiteko modu bat aukeratu eta asko sakontzen dut teknika horretan. Urteak ematen ditut unibertso horretan murgilduta, bertsioak egiten, aldaketak egiten eta gauza berriak probatzen». Bere buruaz dio «nahikoa drastikoa» dela, eta etapa bat bukatu eta bestea abiatzen duela. «Sentitzen dut teknika jakin batekin esan beharreko guztia esan dudala eta gauza berrien bila abiatzen naiz».

Baina behin ere ez da izaten erabateko «apurketa». Tolosarra berriki konturatu da, bere lan guztiek badutela komunean zerbait. Cuencan (Espainia) eta EHUn Arte Ederretako ikasketak egin ondoren, tesian landu zuen gaia konstante bat izan da bere ibilbidean: zatiaren eta guztiaren inguruko gogoeta. «Unitateen metaketa eta konbinaketa etengabe errepikatzen den gaia da nire obran. Elkartze eta ez elkartze bisualez gainezka daude nire lanak eta begiak paisaia imajinario berrietatik ibiltzera gonbidatu nahi ditut ikusleak», dio Gonzalezek.

Elkartze eta ez elkartzeaz ari da, eta susmoa du pertsonen arteko harremanak direla egiazki bere koadroen gai nagusia. «Ibilbide bat egitea beharrezkoa da zenbait konturekin jabetzeko. Duela gutxi jabetu naiz oso proiektu ezberdinak gauzatu arren, beti ari naizela gai beraren inguruan.  Koadro hauetan ere nik pertsonak irudikatzen ditut, komunitate txikiak handiagoen beharra dutenak, elkar osagarritzea behar dutenak zati handiago bat izateko, zatia eta guztia. Pentsamendu filosofiko horiek daude presente egitasmoan». Gogoeta horiek eraman dute Ber izeneko proiektura. «Psikologiari buruzko elkarrizketan entzuten marrazten nuen bitartean eman nion hasiera. Neuronen funtzionamenduari eutsiz, konexio eta deskonexio plastikoei eman nahi nien forma».

Gonzalezek horretarako bi teknika erabili zituen kontrajarrita: bere aurreko lanetako batzuk zati txikitan desegin eta horiekin collageak osatu zituen. «Olio eta isipuen ordez, guraizeak, iltzeak eta mailua erabili nituen», aipatu du artistak. Ber deitu zion bere proiektuari, euskaraz aurrizki horrek esanahi asko har ditzakeelako, «berrikusi, birpentsatu, birmoldatu... eta berriro egin».

Horregatik ez du «puskatu» aditza erabili nahi izan bere aurreko obretako asko zati txikitan moztu dituela adierazteko, nahiago izan du desegiteaz hitz egin. «Jende askok sufrimendu puntu batekin begiratzen zidan guraizeak hartu eta nire koadroak nola zatitzen nituen ikusterakoan. Nik eduki ez dudan sufrimendua sumatzen nuen besteengan. Ez nintzen nire obra suntsitzen ari, transformatzen baizik. Aurrera egiteko atzean gauza batzuk utzi behar dira. Banaiz pertsona bat momentua bizi duena, egunerokoan ilusioa bilatzen saiatzen dena». Hiru urte eman zituen collagearen teknika lantzen eta aitortu du behin ere ez dela pintzeletatik hainbeste denboran urrundu. «Oso lan zehatza da, zatitxo bakoitza iltze txiki batekin lotzen baita egur entelatu batera. Zati bat bestearen gainean jarriz, unibertso ezberdinak sortu ditut. Berritzailea zen niretzako teknika eta asko gozatu nuen». 

Zerbait berria sortzen ari zenaren konbentzimenduz jardun zuen tarte horretan, pasioz. «Nire proiektuak beti hasten dira aurkikuntza moduko batekin. Estudiora gogoz joaten nintzen, teknikak berak bere bideetatik eraman ninduen eta lan egiteko era ere aldatu zitzaidan. Normalean nire lantokia koadroz eta pinturaz beteta izaten dut, eta collage hauek lantzeko, piezak koloretan eta kaxetan banatuta neuzkan, txukun-txukun». 

25 koadro inguru sortu zituen modu horretara eta horietako lau ikusgai ditu egunotan galerian. Abiapuntu bezala erabili zituen koadernoak Donostiako arte galerian ikusgai daude koadroekin batera. Jolasa eta ikerketa tartekatuz, proba bezala erabili zituen koadernoak dimentsio handiagoko koadroetara jo aurretik. Piezarik handienean, collagerako erabilitako zatiak garai ezberdinetako koadroetatik ateratakoak dira: «Urdin horietan ikusten da Jabier Muguruzaren Fiordoan diskoaren inguruan egin nuen proiektua eta beste zati batean, berriz, Mendebaldeko Sahararen inguruan landu nituen koadroetako puskak daude». Gonzalezen ibilbide artistiko osoa, beraz, zirkulu bat osatzen. «Asko ibili ditut buruan migrazioa, mugimendua eta mundua. Horregatik, akaso, zirkuluaren forma». 

Donostiako erakusketan, collagearen proiektuaren segida bezala etorri ziren lanak erakutsi ditu artista tolosarrak. Berrerabilitako mihise zatiekin egindako koadroek sortutako bolumenari begiratu eta pintura bidimentsionalaren bitartez nola transmititu entseatu zen. «Justaposizio eta super posizioaren bidez irudia begiratzen dugunean, plano batetik bestera mugitzen gara, oso ondo jakin gabe non kokatu. Leihoak bezalakoak dira, begirada atzera eta aurrera dabilkizu». Dimentsio handiko eta olioz egindako beste hiru koadro ditu ikusgai Gonzalezek aldi horren erakusgarri bezala.

«Irudi geometrikoak dira batak bestearen ondoan enkajatzen dutenak, baina badaude pintzelkadak logika hori puskatzen dutenak. Planoekin egiten den joko horrek lanak eman dizkit. Proiektorea erabili dut ideia horiek mihisera eramateko eta gero bertan egin dut lan». Prozesu luzea izaten da hori Gonzalezentzat. Aipatu du urtebete pasa dezakeela lan bat bukatutzat emateko. «Aurretik bozetoak egiten ditut eta seguru xamar nagoenean eta konposizioa dezente finkatuta, orduan jotzen dut tamaina handira. Hor ezin da hainbeste arriskatu eta kontu handiarekin egin behar da lan».

Bizi-Min-Bizi

Gai bat hartu eta gai horretan sakontzeko joera du Gonzalezek bere lanean. Bizpahiru urte ematen ditu proiektuetako bakoitzean. «Ez dute zertan beti gai sakonak izan behar, Mendebaldeko Saharako gatazka politikoa bezala. Eguneroko gaiak hartzen baditut, diziplina berdina jarraitzen dut. Tomatea bada motiboa, prozesu guztia hartuko dut, landare denetik fruitua usteltzen den arte, artistikoki dena erregistratzea gustatzen zait».

Ber proiektuaren barruan pintura bidimentsionalera bueltan, irudi geometrikoekin eta planoekin lanketa ari zela albiste batek «inpaktu izugarria» sortu ziola kontatu du artistak. «Nigandik oso gertu suertatu zen minbizi kasu bat. Berehala hitzaren zama ikaragarria etorri zitzaidan gainera. Orduan erabaki nuen, nire modura, gaixotasunera gerturatzea». Bizi-Min-Bizi proiektuari hasiera eman dio, beraz, Gonzalezek eta Arteztun ikusgai dauden bi koadrok abiatutako bidearen nolakotasuna erakusten dute. 

Lanetako batean albistea jaso eta berehala lantzen ari zen pinturaren gainean egindako lana erakusten du. Zelulak ageri dira bertan, zati beltzak ere bai, eta baita laino berde bat ere, «esperantzaren ikur», artistaren hitzetan. Erizaina duen lagun bati azaldu zion buruan zebilkien proiektua. «Harrera ona egin zidan eta bere bitartez Manuel Moreno medikuarekin harremana egin nuen. Hari ere ondo iruditu zitzaion asmoa eta aukera eman zidan, hilean behin, Donostiako Ospitaleko Anatomia Patologikoko laborategia bisitatzeko. Mikroskopiotik minbizien biopsiak ikusi eta zuzenean koaderno batean marrazten dut ikusitakoa».

Zortzi minbizi klase ezberdin aztertu ditu orain arte eta denek komunean ezaugarriak dituzten arren, minbizi klase bakoitzean zelulen «kokapena eta harremanak» ezberdinak dira. Donostiako Ospitalera egindako bisitetan koadernoa hartu eta errotulagailuekin hartzen ditu apunteak Gonzalezek. Gero, tamaina handira eramaten ditu jasotako ideia horiek. «Oraingoz akrilikoa erabili dut, nahiz eta badakidan proiektuaren momenturen batean olioetara pasako naizela». Arteztu galerian, bularreko minbiziarekin osatutako koadroa dago, adibidez, ikusgai. «Gizakiak beste izakiekin konektatuta egoteko duen behar hori, gure erlazionatzeko modua, komunitate baten parte izateko kontu hori, neuronek eta zelulek behar duten modu bera da», dio bularreko minbiziari buruzko koadroari begira. 

Bizi-Min-Bizi proiektuak ibilbide luzea izango dela ziurtatu du Gonzalezek. Ikerketa eta partekatze prozesuan dabil orain. Besteak beste, minbizia pasa izan duten pertsonen bisitak jaso ditu bere tailerrean eta haiekin lanketa egin du. «Euren orbanak oihal pusketetan josteko eskatu diet. Gero, denak elkarri lotu eta gainetik pintatzeko asmoa dut. Egin ditut proba batzuk eta gustatzen ari zait nola geratzen ari den».

Buruari bueltaka eta buru-belarri proiektu berrian murgilduta dela, Ber erakusketa azaldu eta arrazoitzeko tartea ere hartzen du Gonzalezek. Aurreko udazkenean zati bat erakutsi zuen Tolosako Fronton kafetegian eta orain Arteztu galerian ikusgai izango da, nahi duenarentzat, abuztuaren 24ra bitartean. Donostiako Resurreccion Maria de Azkue kaleko 12. zenbakian. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!