Bost taldetan banatuta, 63 gaztek hartu dute parte Tolosako Udalak antolatutako auzolandegietan. Bada, bihar amaituko dira, eta udalak balantze oso ona egin du.
Hiru alorretako auzolandegiak izan dira: indusketak eta abentura uztartu dituen astebeteko auzolandegi itxiak Irulegi eta Murillo de Gallegon; naturarekin lotutako auzolandegi irekiak Iurreamendiko baratze parkean, eta muralak egiten ikasteko auzolandegi artistikoak. Azken bi horien kasuan, bina talde aritu dira, bat joan den astean, eta beste bat aste honetan.
Udalak auzolandegi itxiak antolatu dituen lehen aldia izan da, eta parte hartzaile eta begiraleen lehen balantzea oso ona izan da. 13 pertsonako talde batek parte hartu du, eta giro ederra izan dutela aste osoan zehar aipatu dute. Irulegin bertan indusketa lanak egin dituzte, Aranzadiko aditu talde baten laguntzarekin, eta Loarreko gaztelua eta San Juan de la Peña bisitatzeko aukera ere izan dute. Multi abentura ekintzak ere egin ahal izan dituzte: rafting-a edota arroila-jaitsiera, esate baterako.
Esperientzia «bikaina»
Tolosan bertan egin diren bi auzolandegi irekietan parte hartu dutenek ere esperientzia ona bizi dutela azpimarratu dute, baita bidelagun izan dituzten Gazte Topaguneko begiraleek ere. Artearekin lotutako auzolandegietan parte hartu duten bi taldeek –20 pertsona– mural bana sortu dute, Alaia Gaztelumendi eta Eñaut Irribarrez artistek gidatuta, Beotibar pilotalekuaren kanpoaldeko paretetan. Horma-irudietako batek pilotari egiten dio erreferentzia, mosaiko eta pintura teknikak erabiliz. Besteak, berriz, inguru hori Kerik Gabeko Gune izendatua dela kontuan hartuta, naturarekin du zerikusia.
Ingurumen auzolandegietako bi taldeak -30 pertsona-, Iurreamendiko baratze parkean aritu dira lanean. Espazioa hobetzeko lanak eta baratzegintzan sakontzeko jarduerak uztartu dituzte. Hala, trasteak gordetzeko erabiltzen den egurrezko etxola lixatu eta bernizatu dute, eta egurrezko eserlekuak sortu dituzte baratzeetako erabiltzaile edota Iurreamendi egoitzako egoiliarrentzat eta beren senideentzat. Horrez gain, baratzeko lanak nolakoak diren ezagutu dute, eta lurra lantzeko eta zenbait landare landatzeko aukera izan dute.
Udalak esan duenez, auzolandegien helburua harremanak sortzea, lan mota ezberdinak ezagutu eta praktikan jartzea, eta ondo pasatzea izan da.