Tolosako Udaleko Gizarte Zerbitzuen bulegoetan espazioa berregokitzeko lanak egingo dituzte datozen hilabeteotan. Horrek obrak amaitu bitarte zerbitzua lekuz aldatzea eskatzen du. Hori dela eta, Aranburu Jauregian emango da arreta denbora tarte horretan.
Lekualdaketa uztailaren 18tik 22ra bitartean egingo da. Horrenbestez, hilaren 19an eta 22an –ostirala eta astelehena–, zerbitzua ez da martxan egongo. Uztailaren 23tik aurrera emango dute arreta berriro ere normaltasunez, Aranburu Jauregiko beheko solairuan dagoen erakusketa gelan. Lanak amaitu bitarte kokatuko dira bertan Gizarte Zerbitzuen bulegoak, aurreikuspenen arabera, ia urte amaierara bitarte.
Hobekuntzak ohiko bulegoetan
Irailean, udalak hainbat esku-hartze egingo ditu ohiko kokalekuan, herritarrei eskaintzen zaien arreta eta bertako langileen lan espazio, baliabide eta azpiegiturak hobetu asmoz. «Azken urteotan Gizarte Zerbitzuetako lantaldea handitu egin da, eta arreta egokia emateko lan-espazioa berrantolatu behar da, behar berrietara egokitzeko. Lan hauei esker, arretarako bulego berriak egokitu ez ezik, bilera gela berreskuratuko da, eta itxarongela eta komunak berrituko dira, irisgarritasuna bermatzeko neurri guztiekin», adierazi du udalak.