Elkarrizketa

«Ezetz esateko prest egon behar dugu; mendia beti egongo da hor»

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko uzt. 10a, 07:59

GR11 ibilbidea oinez egiten hasi eta bi astera, etxera itzuli da Josu Iztueta Azkue bidaiari eta abenturazale tolosarra, Pirinioetako elurra ohi baino beranduago urtzen ari delako, eta abuztuan jarraituko duela esan du; kontu handiz ibiltzeko deia egin die mendizaleei.

Ekainaren 24an, mende erdiz luzatutako ametsa betetzen hasi zen Josu Iztueta Azkue (Tolosa, 1957) bidaiari eta abenturazalea: Hondarribiko Higer lurmuturretik oinez abiatu, eta handik sei astera, 800 kilometro egin ondoren, Creus puntara (Herrialde Katalanak) iristea. Pirinioen kartografia ia buruz ikasita izango du, baina hori ez da nahikoa horrelako erronka batean, ez behintzat ibilbidearen baldintzak oso txarrak direnean. Bizkarrean 15 kilo hartuta abiatu eta, hamabigarren egunean, etxera itzuli da. Erabakia hartu arte «kezkatuta» zegoen, baina «lasai» etorri dela aitortu du. Lau aste barru berriro ekingo dio zeharkaldiari, utzitako leku beretik. «Lasai joatea espero dut», esan du.

San Joan eguna. Herrian festa giro itzela, eta zu Hondarribian, Pirinioetako hegoaldeko zeharkaldia ekiteko prest. Nola suertatu zen erronka?

Gazte garaian, 16 urte ingururekin, askotan begiratzen nituen Pirinioetako mapak eta gida-liburuak. Beti zegoen hatzekin egiten nuen marra bat, Kantauri itsasotik Mediterraneo itsasora. Amets bat zen zeharkaldi hau egitea. Nerabezaroan lanean aritu nintzen, eta ondoren, Nairobitarraren garaiak heldu ziren. 40 urtetan ez dut uda bat bera ere osorik pasa hemen. Beraz, aurten suertatu zait aukera.

Nolakoak izan ziren zeharkaldiaren lehen bi asteak?

Oso gustura egin nuen egindako ibilbidea. Egunak pasa ahala, sasoi hobea nuela sentitzen nuen, eta buruari neurria hartzen nindoan. Lehen egunean bero handia egin zuen, eta ondorengo egunetan lainoz estalita aurkitu nuen bidea; Abodi inguruan ez zen ia ezer ikusten. Bigarren astean, Zumardia elkarteko gazteei nirekin ibilbidearen zati bat egiteko aukera eskaini nien, begiraleen laguntzarekin. Otsagabitik (Nafarroa) Candanchuraino (Aragoi, Espainia) etorri ziren nirekin, baina bertan, zenbait mendizalerekin eta erreskate taldetako kideekin hitz egin nuen eta mendiko blog batean informazio bila aritu nintzen. Banekien ibilbidearen baldintzak ez zirela onak, eta etxera itzultzea erabaki nuen.

 Iztueta, zeharkaldiaren une batean. J. I. A.

Susmoren bat bazenuen, beraz.

Udaberri freskoak atzeratutako elurra pilatzea ekarri du, eta ekaina ez da espero zitekeena bezain beroa izan. Horrek, uste zena baino elur gutxiago urtzea ekarri du. Elurtegi luzeak daude eta ez da nahikoa bastoiekin joatea. Zenbait zati arriskutsu daude; kranpoiak, pioletak eta kaskoa erabiltzea aholkatzen dute. Argi esateko, lehen semaforoa laranja kolorekoa bazen, orain gorria da. Gainera, engainagarria da egoera. Jakatik Pirinioetara begira jarriz gero, ez da elurrik ikusten, baina beste aldean, arrisku handia dago. Aurten, beraz, neurriak hartzea eskatzen diet mendizaleei. Plan bati ez esateko prest egon behar dugu; mendia beti egongo da hor.

«Egunak pasa ahala, sasoi hobea nuela sentitzen nuen, eta buruari neurria hartzen nindoan»

Gainera, kontuan hartu behar da eguraldi iragarpena begiratzeko joera dugula, eta gainera, komeni zaiguna soilik interesatzen zaigula, baina, askotan, ez gara informatzen ibilbidearen egoeraz. Horretarako badago webgune bat: Montanasegura.com. Aragoiko Mendi Federazioak eta erreskate taldeek elikatzen dute, eta astero buletin bat argitaratzen dute, bide bakoitzaren egoera azalduz.

Hala ere, erronka ez duzu bertan behera utzi.

Ez. Aurrerago berrartzeko asmoa dut. Abuztuaren 1ean Canfrancera (Aragoi, Espainia) joango naiz, eta bertatik jarraituko dut zeharkaldia egiten. Lau asteko bidaia izango da. Bertan behera uztea porrot bat izan zitekeen, baina nik ez daukat presiorik, eta zorionez, jarraitu egingo dut.

800 kilometro eta 40.000 metroko desnibel positiboa sei astetan. Ez al da astakeria bat?

Ez zait iruditzen. Egunean 5-6 ordu ibiltzea da kontua, 20 kilometro inguru egitea, alegia. Ibilbidea, gainera, ez da mendi tontorretatik pasatzen, lepoetatik bakarrik. Egia da, batzuetan desnibela oso handia dela, eta daramazun pisuarekin ez dela erraza. Haizeak eta ekaitzak ere baldintzatzen ditu aurreikuspenak. Bestalde, bakarrik edo taldean egitea desberdina da. Nik erabateko askatasuna nuen eta izango dut. Hala ere, bakarrik joateak ez du esan nahi bakarrik egotea. Bidean mendizale ugarirekin topo egiten duzu.

«Eguraldi iragarpena begiratzeko joera dugu, baina, askotan, ez gara informatzen ibilbidearen egoeraz»

Bizkarrean beharrezkoak edo ezinbestekoak direnak hartuta egiten hasi zinen. Zer sartu zenuen motxilan?

Zeharkaldi bat oinez egiten duzunean, bizkarrean kilo kopuru handia eraman behar duzu. Hala ere, hori baino ariketa konplexuagoa izaten da motxilan zer eraman eta zer ez erabakitzea. Zerrenda bat egiten duzu beharrezko gauzekin, eta gero, badaezpadakoak gehitzen hasten zara, eta azkenean, gainerakoak ere eraman nahi izaten dituzu. Erabateko autonomiarekin joan nahi izanez gero, pisu handia eraman behar da; 15 kilo izan daitezke. Taldean joanez gero, pisua gainerako kideekin banatu daiteke. Pisu txikiagorekin joanez gero, lotarako edo kozinatzeko materialik gabe adibidez, diruz ondo kargatuta joan behar duzu, ostatu hartzeko eta otorduak egiteko. Nire iritziz, autonomia zenbat eta handiagoa eduki, orduan eta hobeto.

Nire kasuan, lauzpabost egunetarako janari autonomia eraman ohi dut, eta horri sukaldeko materiala gehituta, hiruzpalau kilo izaten dira. Lotarako materialarekin ere beste hainbeste kilo eramaten ditut gainean. Gainerakoan, arropa, botikina, mendirako gailuak eta dokumentazioa eramaten dut. Lehen egunean, 12 kilo pisatzen zituen nire motxilak, baina horri bi edo hiru litro ur gehitu behar zitzaizkion; hori beharrezkoa izaten da, batez ere, bero handia egiten duen egunetan.

Ondo pentsatu zenuen, beraz, zer hartu.

Bai, baina txilibitu bat hartzea ahaztu zitzaidan. Ezinbestekoa da mendian bakarrik ibili behar baduzu, eta nik beti eramaten dut bat gainean. Abuztuan motxilan sartuko dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!