Lau eskultura eraberritzen ari da Tolosako Udala

Ataria 2024ko uzt. 9a, 16:16

‘Goldea’ eta ‘Oroimenaren Gaztelua’ eskulturak, eta Pablo Gorosabelen eta Adrian Lasquibar Larretaren bustoak eraberritu eta garbituko dituzte, obra horiek zaindu, balioa eman eta bere iraunkortasuna bermatzeko.

Tolosako Udalak iaz ekin zion herrian zehar sakabanatuta dauden eskulturak zaharberritu eta garbitzeko prozesuari. Lan horiek faseka gauzatzen ari da eta iaz, lehen fasean, Juan Loperen Baserritarrei omenaldia, Koldobika Jauregiren Kantu ixila IX, Eduardo Chillidaren Lizardiren leihoa eta Jorge Oteizaren Atauts eskulturetan egin ziren lanak. 

Aurten beste lau eskultura zaharberritu eta garbituko ditu udalak: Nestor Basterretxearen Goldea (Emeterio Arreseko lorategiak), Ricardo Ugarteren Oroimenaren Gaztelua (San Frantzisko pasealekua, Artxiboaren aurrean) eta Juan Lopek egindako Pablo Gorosabelen eta Adrian Lasquibar Larretaren bustoak (Soldadu kalea eta Berazubi estadioa, hurrenez hurren).

Urteen poderioz, klimaren eraginez eta bestelako jokabideen ondorioz, obra horiek narriatu egin dira. Hala, zaharberritze eta garbiketa lanen bitartez, obra horien jatorrizko itxura berreskuratu nahi du udalak, eskulturak zaindu, balioa eman eta iraunkortasuna bermatzeko.

Adituen esku hartzea

Eskultura bakoitza izaera, ezaugarri eta material desberdinekoa da eta horiek behar bezala errespetatu eta mantentzeko, lanak eskulturagintzan adituak direnek egingo dituzte. Horretarako, eskulturen harria edota materiala hondatzen ez duten material eta produktu kimikoki puruak eta toxikotasun txikikoak erabiliko dituzte, eta obraren jatorrizko materialei ahalik eta bateragarritasun fisiko-kimiko handiena duten tratamenduak aplikatuko dizkiete. 

Era berean, garbitu eta konpontzeaz gain, harrizkoak diren eskulturen kasuetan, gainazala ere berdinduko da, kolore kromatikoen berrintegrazioa eginez. Horrez gain, hidrofugazio lanak ere egingo dira, uraren sarrera-irteera eragotzi eta hezetasuna saihesteko.  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!