Euskotren Ligako bigarren asteburua jokatu ondoren, Tolosaldeak bigarren postuan jarraitzen du sailkapenean. Asteburuan bi estropada izan dira jokoan eta bietan bigarren postua lortu du. Donostia Arraun Lagunak traineruak lortu ditu bi banderak, eta ligako lau estropaden ondoren sailkapeneko liderra da, 32 punturekin. Tolosaldeak 27 puntu ditu, orotara hiru bigarren postu eta hirugarren postu bat lortuz. Orio gertu du eskualdeko traineruak, 25 punturekin. Maialen Amondarain Tolosaldea ontziko patroiak azaldu duenez, asteburuko estropaden ondoren «sentsazio nahiko onak» dituzte: «Bi estropadetan bigarren postua lortu dugu, eta nahiko emaitza onak direla esan daiteke».
Larunbatean La Fabrika bandera izan zuten jokoan, Donostiako uretan. Bigarren luzean asko gerturatu ziren eskualdekoak Arraun Lagunak ontziari. «Joaneko luzean beti segundoak ateratzen dizkigute, baina oso itzulera txukuna egiten ari ginen eta harrapatzeko asmoa ere bagenuen, baina irla parean olatu oso onak hartu zituzten eta alde egin ziguten», esan du Amondarainek. Lehorrean zegoen estropada horretan, eta beste taldekideekin batera oso urduri ikusi zuen estropada: «Ikusten ari ginen gain-azpi hartzen ari zirela, eta emozioz beteta geunden. Estropada polita izan zen kanpotik ikusteko».
EMAITZEKIN GUSTURA
Igandeko estropadan patroi lanetan aritu zen Amondarain. IV. Edinor Bandera izan zen jokoan, Zierbenan, eta Amondarainek azaldu du «oso gustura» daudela lortutako bigarren postuarekin: «Oso borrokatua izan zen. Estropada guztian zehar atzetik joan ginen, eta gero azkeneko metro horietan aurrera egin genuen. Burugogor joateko estropada izan zen». Lehenengo lau estropadak jokatu ondoren, bigarren postuan egotea espero ote zuten galdetuta, Amondarainek erantzun du lehen lau postuetan egotea espero zutela. «Gure lana ondo eginez gero, ahalik eta altuen egotea espero genuen, eta gustura gaude emaitzekin», gaineratu du.
Arraun Lagunak koskatxo bat gorago dago, aurreneko postuetan dauden beste hiru traineruekiko, baina Amondarainek ez du baztertzen banderaren bat lortzea, eta denboraldi honetako helburuetako bat da: «Egun batean kale txar bat izan edo estropada bat ez bazaie ondo ateratzen, besteak hor izango gara banderaren borrokan».
Asteburu honetan beste bi estropada izango dituzte Euskotren Ligan. Larunbatean, VI. Bilboko Bandera izango da, erlojuaren kontra, eta igandean Sestaoko Udalaren III. Bandera. «Ibaian egingo diren estropadak dira, eta indarra protagonista izango da. Beste ontzi batzuk horretan agian gainditzen gaituzte, baina gu borrokalari joango gara. Gainera, estropada eremuak nahiko tranpatiak dira, korronteak direla-eta, eta ikusiko dugu zer gertatzen den», esan du Tolosaldea traineruko patroiak.
SAILKAPENA
- Donostia Arraun Lagunak 32p
- Tolosaldea 27p
- Orio 25p
- Donostiarra 20p
- Hondarribia 14p
- Cabo da Cruz 11p
- Hibaika 10p
- Tiran Pereira 5p