Erreportajea

Baliza artean, giza balioez

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko uzt. 9a, 07:59

Ane Antxustegietxarte eta Eider Arruti Albaolako kideak, Atlantic Challenge International topaketan parte hartuko duten euskal ordezkariak. ALBAOLA

Uztailaren 20tik 29ra Atlantic Challenge International topaketan parte hartuko du Albaola Itsas Kultur Faktoriako kide den Ane Antxustegietxarte tolosarrak.

Duela 40 urte sortu zen bi urtez behin ospatzen den Atlantic Challenge International topaketa. Nazioarteko hezkuntza ekimen bat da eta mundu osoko gazteek parte hartzen dute. Aurtengo edizioa uztailaren 20tik 29ra egingo da Mainen (AEB). Albaola Itsas Kultur Faktoriako bi kidek Euskal Herriaren ordezkari gisa parte hartuko dute: Ane Antxustegietxarte tolosarrak eta Eider Arruti oriotarrak.

Albaolako komunikazioaren arloan lan egiten du Antxustegietxartek, eta topaketan parte hartzeko aukera nola suertatu zitzaien azaldu du: «Euskal eskifaia oso bat osatzeko zailtasunak izan ziren, eta ondorioz, hasiera batean, aurtengo edizioan ez parte hartzea erabaki zen; euskal ordezkaririk ez zen izango. Antolakuntzak pena handiz jaso zuen albistea eta nazioarteko eskifaiaren parte izateko gonbita luzatu zion Albaolari. Azkenik, Albaolak gu aukeratu gintuen». Ondorioz, hainbat herrialdetako parte-hartzaileak izango dituen tripulazioko kide izango dira Albaolako kideak. «Mundu osoko gazteak izango ditugu tosta-kide, hala nola, indonesiarrak, japoniarrak, ukrainarrak eta estatu batuarrak».

Topaketaren oinarria kirola izan arren, balio pedagogiko handia du. Bela -eta arraun- nabigazio tradizionalaren testuinguruan, gazteengan gizartean beharrezkoak diren balioak sustatzea da sortzaileen helburua. Balio horiek dira, besteak beste, talde-lana, berdintasuna, aniztasunarekiko errespetua, adostasunak aurkitzeko gaitasuna, norbanakoaren erantzukizuna, zailtasunei aurre hartzeko gaitasuna eta itsas -eta kultura- ondarearekiko sentsibilitatea.

Zortzi eguneko iraupena duen topaketa honek hainbat proba biltzen ditu, hala nola, bela-nabigazioa, arraun-estropadak eta itsas korapiloak egitea. «Funtsean, mundu guztiko gazteen arteko sareak sortu eta itsasoaz ikasi eta kontzientziatzea da helburua, baina lehiaketa ere bada», esan du Antxustegietxartek.

Trebezia eta ezagutza

Egunotan, Green Islanden (AEB) daude Antxustegietxarte eta Arruti. Bertan, beraien entrenatzaile izango denarekin eta gainerako eskifaia-kideekin bat egin dute, elkar ezagutu eta bi astez entrenatzeko.

«Topaketaren oinarria kirola izan arren, balio pedagogiko handia du;  gazteengan balioak sustatzea du helburu»

Prestaketa prozesua burutu ondoren, Belfastera (AEB) joango dira, Maine estatuaren iparraldera, lehiatzera. Bertan, hamabost herrialdek parte hartuko dute. «Egun bakoitzean proba bat baino gehiago egiten da, guztira hamaika. Elkarrengandik oso ezberdinak dira, eta horregatik, gauza askotan trebea izatea eskatzen dute. Beraz, garrantzitsua da gainerako taldekideak aurrez ezagutzea, bakoitzaren zeregina zehaztu eta talde moduan lanean jarduteko».

Estropadan lehiatzeko, talde guztiek Bantry izenez ezagutzen den iola bat erabiltzen dute, hamabi metroko luzera duen XVIII. mendeko ontzi frantses bat. Talde bakoitzak bere iola eraiki behar izaten du eta, horrez gain, tripulazio bat osatu. «Hona etorri aurretik, Albaolako ontzi tradizionaletan nabigatzeko aukera ezin hobea izan dugu. Itsasoan asko ibili direnen jakinduria guztia xurgatzen saiatu gara eta aurretik topaketan parte hartu duten Albaolako kideen gomendioak entzun ditugu».

Atlantic Challenge International topaketako aurtengo edizioko iolak. Argazkia: Atlantic Challenge International.

Lagunak, lehorrean soilik

Albaolako kideen helburu nagusia ingurukoengandik ikasteko aukera aprobetxatzea izango da. «Nork daki, agian etorkizuneko kolaborazioak sor daitezke itsas kulturen arteko elkartruke honetan. Lagunak lehorrean, baina lehiaketan gure onena ematen ahaleginduko gara», esan du Antxustegietxartek.

«Egunotan Green Islands irlan daude, tripulazioko kideak ezagutzeko eta bi astez entrenatzeko»

Topaketaren helburuaz harago, Albaolako ordezkariek ondorengo ardurak izango dituzte: Euskal Herriko itsas ondare kultural aberatsaren hedapenari jarraipena ematea, beste kostalde batzuetako pertsona interesdunekin loturak ezartzea eta ideiak trukatzea. «Itsasoan eta ondarean interesa duen jende asko erakartzen dute jardunaldi hauek eta aukera paregabea da gure herriaren historia zabaldu eta beste kultura eta kostalde batzuetakoa ezagutzeko», gaineratu du.

2016an Danimarkan Albaolako kideek erabili zuten ‘Lafayette’ ontzia. ALBAOLA

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!