Udal administrazioko bost lan eskaintza berri argitaratu ditu Tolosako Udalak

Ataria 2024ko uztailaren 8a

Liburutegiko bi administrariren, nahitaezko diru-bilketako teknikariaren, hirigintzako teknikari juridikoaren eta garapen ekonomikoa, enplegua, merkataritza, turismoa eta azoketako arduradunaren plazak dira argitaratutakok. Abuztuaren 2ra bitarte eman daiteke izena eskaintzetan.

Tolosako Udalak bost lan eskaintza publiko berri argitaratu ditu, udaleko giza baliabideak hobetu eta indartzeko bidean. Hala, udal administrazioari lotuta, liburutegiko bi administrariren, nahitaezko diru-bilketako teknikariaren, hirigintzako teknikari juridikoaren eta garapen ekonomikoa, enplegua, merkataritza, turismoa eta azoketako arduradunaren plazak osatzeko hautaketa prozesua jarri du martxan, lan eskaintza publiko bitartez.

Interesdunek abuztuaren 2a bitarte (hau barne) izango dute eskaintzan izena emateko epea. Lan eskaintza bakoitzeko informazio gehigarria eta izapideak betetzeko jarraibideak udal webgunean daude eskuragarri.

Liburutegiko bi administrari

Batxilergoko titulua, bigarren mailako Lanbide Heziketa edo baliokidea duten pertsonei zuzenduta dago eta honako eginkizunak bete beharko ditu: herritarrei arreta eman, maileguak eta itzulketak izapidetu, liburutegiaren materiala prestatu edota liburutegien arteko mailegua kudeatu.

Nahitaezko diru-bilketako teknikaria

Zuzenbidean, Politika, Ekonomia edo Enpresa Zientzietan, Merkataritza Intendentean edo Aktuarioan lizentziatu titulua edo baliokidea duten pertsonei zuzenduta dago deialdia. Eginkizunen artean honakoak nagusitzen dira: errenta eta zerga-bilketako gainerako pertsonalarekin batera, zuzenbide publikoko premiamenduzko bidean, eta zuzenbide pribatuko exekuzio bidean egin beharreko lanen antolaketa eta gauzatzea, diru-sarrerak epe exekutiboan kudeatzea eta kontrolatzea edota administrazio-errekurtsoak ebazteko txostenak eta proposamenak egitea.

Hirigintzako teknikari juridikoa

Zuzenbideko gradua edo titulu baliokidea duten pertsonei zuzendua, eginkizunak honako hauek izango dira: hirigintzaren edo obren arloetan aholkularitza juridikoa eta kudeaketa administratiboa eskaintzea, informazio juridikoa ematea eta hirigintzako plangintza, garapen, kudeaketa eta egikaritze-espedienteak kudeatzea, edo jendaurreko arreta eta informazioa ematea.

Garapen ekonomikoa, enplegua, merkataritza, turismoa eta azoketako arduraduna

Ekonomia, Administrazio eta Enpresa Zuzendaritzako gradua edo titulazio baliokidea duten pertsonei zuzenduta dago deialdi hau. Lanpostu horri honako eginkizun hauek dagozkio: merkataritza, turismoa eta azokak sustatzeko programak diseinatzea, antolatzea eta kudeatzea, ekonomia eta enplegu-programak garatzea, jarduera profesionalak dinamizatzea, unitatea eta mendeko langileak koordinatzea eta gainbegiratzea, eta arduradun politikoei aholkularitza teknikoa ematea, besteak beste.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!