Geroz eta ikastetxe gehiago dira Erasmus+ programarekin bat egiten dutenak, eta eskualdean ere baditugu horietako hainbat. Horien artean dago Tolosako Orixe BHI. Urtean zehar hainbat proiektu martxan jarri ohi dituzte, ikasleen arteko elkartrukeak eta mugikortasuna eta irakasleen formazioa atzerrian gauzatzeko helburuarekin.
Horretarako, duela bi urte inguru Eramus+ akreditazio agiria jaso zutela kontatu du Arantxa Mendizabal Orixe Insitutuko Eramus batzordeko kideak. «Honekin, 2027ra arte, ikastetxeak Europan zehar egingo diren kalitate handiko mugikortasun ekintzak burutzeko finantziazioa jaso genuen. Lorpen honek eragin zuzena izan du Orixeko ikasle zein irakasleengan, eleaniztasuna, inklusibitatea, digitalizazioa eta garapen iraunkorra baititu helburu».
Akreditazioa eskatzera bi arrazoiengatik animatu zirela azaldu du: «Batetik, ikastetxeko ibilbidearen jarraipen logikoa zela ikusten genuelako eleaniztasunean jada ibilbide bat egina baikenuen, eta bestetik, hurrengo urteetan gure proiektuak aberastu eta ikasle guztiei zein irakasleei mugikortasun gehiago eskaintzea zelako gure helburua».
Gauzak honela, azken urte hauetan Eramus+ programan hainbat berrikuntza txertatu dituzte. Horietako bat izan da epe luzeko mugikortasuna. Programa berak ikasle guztiei baldintza berberak markatzen dizkiela dio Mendizabalek, eta hizkuntza ez ezik, errendimendu akademikoa ere lehenesten da. «Aurtengo ikasturtean epe luzeko mugikortasuna egin nahi zuten ikasleek proiektu bat aurkeztu behar izan dute, eta bertan puntu gehien lortu zituen ikaslea izan zen Unai Urdampilleta. Froga moduan egin genuen eta oso harrera ona izan zuen, beraz, datorren ikasturtera begira berriro antolatu dugu eta bertan, Ibai Tape eta Julen Satrustegi ikasleek lortu zuten puntuazio altuena».
Trantsizio urtea Irlandan
Horrenbestez, aurtengo ikasturtean Unai Urdampilleta (Tolosa, 2009) ikasleak Irlandako Glenamaddy Communnity School ikastetxera joateko aukera izan zuen ikastera, lau hilabetez, abuztutik abendura bitarte. Bertan, DBH4. maila burutu du, eta horretarako trantsizio izeneko urtea egin du. «Bertan DBH4. maila hautazko moduan dute, eta hori egitea aukeratzen dutenek datorren ikasturtean izango diren edukiak jorratzen dituzte, Batxilergoa aukeratzeko unean nondik jo behar duten bideratzen laguntzeko».
Hizkuntza ugari jorratu zituen Urdampilletak. Esaterako, ingelesa, galesa, frantsesa, errusiera eta italiera. «Hizkuntzak ez dituzte hemen bezala jorratzen, batik bat, ingelesa. Hemen gramatika lantzen dugu, baina han gehiago oinarritzen dira literaturan eta poesian». Hala ere, «eroso» sentitu zela esan du: «ingelesarekin ondo moldatzen naizelako eta hori gehiago lantzeko eta hobetzeko aukera izan dut».
Dena den, beste hainbat irakasgai ere izan zituen. Esaterako, sukaldaritza, teknologia, ekonomia, matematika, erlijioa, IKT, gorputz hezkuntza, komunitateari zuzendutako proiektuak eta marrazketa teknikoa, besteak beste. Bere gustukoena, berriz, Gaisce [ingelesez great achievement eta euskaraz Lorpen handiak] izeneko irakasgaia izan zen. «Bizikletaz 30 kilometro egiten genituen, 5 kilometro piraguan laku batean, eta ondoren, gau bat igarotzen genuen aterpe batean. Honekin Irlandako Gobernuak ziurtagiri bat ematen zigun, non Gaisceko C maila lortzen genuen».
Trantsizio urtea «lagungarri» suertatu zaiola adierazi du Urdanpilletak: «Hizkuntz asko jorratu nituen eta hasiera batean hortik joan nahi nuen, baina trantsizio urtea egin ostean konturatu nintzen nire bizitza ez nuela hizkuntza batean oinarritu nahi». Horregatik, argi esan du datorren ikasturtean Batxilergo Zientifiko Teknologikoa egingo duela.
Errepikatzeko esperientzia
Urdampilletarentzat ez da izan beste herrialde batera bakarrik bidaiatu duen lehendabiziko aldia: «aurreko udan Ingalaterran egon bainitzen, hiru astez, eta ez zen ezer berria izan niretzako». Orain, atzerrian denbora gehiago igaro duen arren, esperientzia«motz» geratu zaiola esan du, «plangintza batzuk urte osorako prestatuta baitaude eta ez dit denborarik eman horiez nahi adina disfrutatzeko».
Euskal Herrira itzultzean, berriz, martxa hartzea ez zitzaion batere kostatu, «lehen egunak arraroak izan ziren bigarren ebaluazioa hasita baitzegoen, beraz, ordura arte egindakoa nire kabuz lantzen aritu nintzen. Hala ere, irakasleen laguntza uneoro izan nuen».
Datorren helmuga berria
Aurtengo ikasturtea amaitu den honetan, dagoeneko Orixe institutuan hasiak dira ikasturte berriarekin. Oraingo honetan Eramus+ programak ere jarraipena izango du, eta datorren ikasturtean Ibai Tape (Tolosa, 2008) eta Julen Satrustegi (Irura, 2008) DBH4. mailako ikasleek egingo dute epe luzeko mugikortasuna Herbeheretara. Hain zuzen, Assen hirian dagoen CS Vicent Vangogh ikastetxera joango dira, lau hilabetez, abuztuaren 27tik azarora bitarte.
Orain arte, Orixe BHIn elkartrukeak bakarrik egiten ziren Herbeheretara, baina aurten, lehen aldiz antolatu dute epe luzeko mugikortasuna bertara. Elkartruke horietako batean parte hartu zuen Tapek, beraz badu herrialde horretan esperientzia. «Duela gutxi Community Manager irakasgaiko ikasle guztiak Herbeheretara joan ginen, astebetez, eta bertan turismo asko egin genuen, beraz, hango kultura aski ezaguna egiten zait».
Gogoz eta ilusioz dagoela dio, bidaiatzea gustuko baitu. «Gure mugetatik kanpo, Portugal eta Frantzian egon naiz soilik eta harago joateak emozionatu egiten nau». Kultura sakonago ezagutzeaz gain, ingelesa hobetzea du helburu, baita lagun berriak egitea ere. «Ez nuen denbora handirik izan bertako ikasleekin hartu-eman handirik izateko eta orain izango dut horretarako nahiko aukera».
Guztira hiru hilabete igaroko ditu, eta bertako familia ere ezagutzeko irrikaz dagoela esan du. «Hartuko nauen familia ni ezagutzeko gogoz dagoela esan didate, eta nire ikastetxe berean ikasten duten bi ahizpa izango ditut, beraz, haiekin joango naiz egunero ikastetxera».
Elkartruke eta formazio berriak
Datorren ikasturterako elkartrukeak ere antolatuko dituzte Orixe BHIn. Hain zuzen, hiru elkartruke egingo dituzte eta guztira, 77 ikasle inguruk parte hartuko dute horietan. Horietatik 45 ikasle DBH 3. mailako ikasleak izango dira eta Groningan herriko Harens Lyceum izeneko eskolara joango dira azaroan, eta ondoren hango ikasleak etorriko dira, apirilean, Tolosara. Bestetik, frantseseko DBH4. mailako 10 ikasle inguruk, lehen aldiz, Okzitaniako Tolosa ondora bidaiatuko dute, eta azkenik, bigarren Batxilergoko 22 ikasle Belgikako Menen herrian kokatu dagoen Sint Aloysius ikastetxera joango dira urrian, eta ondoren, hango ikasleak otsailean etorriko dira Tolosara.
Horrez gain, aurten bezala, irakasleek ere atzerrira bidaiatuko dute, hainbat ikastaro jasoko baitituzte. Aurten, esaterako, bi irakaslek Artificial Intelligence In Education proiektua egin zuten Maltan. Urrian bidaiatu zuten bertara, eta ondoren, Tolosara bueltatzean klaustro osoak honen formazioa jaso zuen.