Alde Zaharreko fatxadetako pintadak garbituko ditu udalak

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko uzt. 4a, 20:00

Alde Zaharreko kaleetako bateko eraikin baten fatxadan ikusi daitekeen pintada bat.

Udalak ez du garbiketa mota hau egiteko eskumenik, baina Alde Zaharra 'Monumentu multzo' denez, ofizioz jardun ahalko du, baimenak lortu ondoren.

Tolosako Udalak hirigune historikoko eta Euskal Herria Plazako eta bere inguruetako kaleetan bide publikoan dauden eraikin pribatuetako fatxadetan pintadak garbituko ditu. Bizilagunen aspaldiko eskaria da, baina udalak ez du eremu pribatuan halako esku hartze bat egiteko inolako eskumenik eta, nahi izanagatik, ezingo luke horrelako lanik egin. Eraikinak begirune eta apaintasun publikoko egoera onean mantentzeko betebeharra eraikinen jabeena da. Hala jasotzen du 7/2015 Legegintzaldiko Errege Dekretuak.

Badira, ordea, zenbait salbuespen. Esaterako, iraingarriak sexistak, arrazistak edo pertsona edo kolektibo jakin baten aurkakoak diren pintadak garbitzen ditu udalak, eta hala egiten jarraituko du. Kasu honetan, modu antolatuan eta errepikatuan egiten diren pintadak garbituko ditu udalak. Ondorioz, modu isolatuan egiten direnak edo antolakuntza modu bati erantzuten ez diotenak, jabekide erkidegoaren ardurapean geldituko dira.

Marko juridikoa aztertu eta gero, Alde Zaharrean garbiketa egin ahal izateko oinarria topatu du udalak. Euskal Kultura Ondarearen 14/2023 Legeak jasotzen duenez, titularrek ondasunak kontserbatzeko betebeharrak betetzen ez badituzte, foru aldundiek eta udalek ofizioz hartu ditzakete ondasun hori galtzea saihesteko beharrezkoak diren neurriak.

Udalak, baina, garbiketa lanak egin ahal izateko, eraikineko jabearen edo jabeen baimena beharko du, baita sor litezkeen balizko kalteengatik udala eta garbiketa enpresa erantzukizunetik salbuesteko berariazko adierazpena ere. Pintadak detektatuko dituzte udalak eta garbiketa enpresak, eta pintada bakoitza eta fatxadaren ezaugarriak materiala, babes-maila, eta abar kontuan izanda, bertan zerbait egiterik duen ala ez erabakiko du. Ondoren, eraikin horietako ordezkariekin jarriko dira harremanetan, baimenak kudeatzeko. Baimen bat beharko da garbiketa egiten den bakoitzeko. Datozen asteotan hasiko da udala jabeekin harremanetan jartzen.

Lanen baldintzak

Behin baimenak eskuratuta, kale-garbiketaren kontratua emakidan duen enpresak burutuko ditu lanak, gradualki. Eraikinaren edota materialen ezaugarrien arabera, egin beharreko lana ezberdina izango da: batzuetan pintada ezabatzeko garbiketa lanak egingo dira; hori posible ez den kasuetan, aldiz, gainetik margotzera mugatuko da zerbitzua. Eskaera-orrian zehaztu beharko da egin beharreko lana zein motatakoa izango den.

Udalak argitu nahi du ezingo direla detektatutako pintada guztiak garbitu, garbiketarako erabiltzen diren materialen ezaugarriengatik. «Osagai batzuk kalteak eragin ditzakete gainazal batzuetan. Hala, kalteak ez areagotzeko, erakusleiho, burdin hesi, arotzeria, egurrezko elementu eta beste gainazal delikatu batzuetan egindakoak ezingo dira zerbitzu honen bidez garbitu», azaldu du udalak.

Eremu pribatuak ere ez dira zerbitzu honen barruan sartuko, hala nola, patioak, garajeetarako edo atarietarako sarbideak eta titulartasun pribatuko beste leku batzuk. Beraz, udalak pintadak bide publikoaren mugakide diren fatxadetan bakarrik garbituko lituzke, baldin eta fatxadetako materialaren izaerak eta bitartekoak horretarako aukera emango balute. Errespetuz jokatzeko deia luzatu du Ander Figuerido Tolosako Udaleko hirigintzako zinegotziak: «Bat egiten dugu bizilagunen kezkarekin, eta herriko ondare guztia, izan jabetza publikokoa ala pribatua, zaintzeko eta babesteko dei egiten dugu».

'Monumentu multzo'

Baina udalak zergatik egingo du esku hartze hau Alde Zaharrean soilik? Ondarearen babes ikuspegitik legoke justifikatuta hori. «Ulertzen da babestu beharreko ondasun juridikoa ondare arkitektonikoa dela, eta ez jabetza pribatua. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak 1995. urtean Monumentu multzo izendatu zuen Tolosako Alde Zaharra, bere osotasunean», azaldu dute udaletik.

Bizi duen egoera ikusita, Alde Zaharra biziberritzeko Hiri-Berroneratzeko Plan Integrala abian du udalak. Azken boladan, gainera, askotariko pintadak ugaritu dira eta horiek garbitzea urrats bat izan daiteke biziberritze prozesuan. «Kontziente gara Alde Zaharretik kanpo bizi diren eta beren fatxadetan antzerako pintadak dituzten bizilagunen beharrak ez dituela aseko honek. Momentuz Alde Zaharrean bakarrik egiteko bide administratiboa topatu dugu, eta aztertzen ari gara zein beste eratara egin ote genezakeen zerbait Alde Zaharretik kanpo dauden pintadak ere garbitu ahal izateko», azaldu du Figueridok.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!