Udako turismo eskaintza, bisitari zein herritarrentzat

Ataria 2024ko uzt. 4a, 07:58

Tolosako azokara eginiko bisita gidatu baten unea.

Tolosako ondarearen berezitasunak ezagutzeko ohiko bisita gidatuak eskainiko dira. Audiogidei esker, Tolosako historia ezagutzeko aukera bisitarien eskura egongo da uneoro.

Tolosaren historia eta ondarearen berezitasunak lau haizetara zabaltzeko turismo eskaintza osatu du, beste urte batez, Tolosako Udalak. Uda honetan, Tolosa ezagutu nahi duen orok bi aukera izango ditu eskura: bisita gidatuak eta audiogidak. Azken urteotako joera jarraituz, Tolosako Alde Zaharra, larunbateroko azoka eta Andre Maria parrokia ezagutzeko bisitak eskainiko dituzte, abuztuaren 31ra bitarte.

Alde Zaharreko kale plaza eta eraikin historikoak nahiz bertako istorio bitxiak eta hirigunearen gaur egungo itxura ezagutzeko bisitetarako hiru aukera izango dira: asteartetik ostiralera, 11:00etan, eta larunbatetan 10:00etan edo 17:30ean. Andre Maria parrokia –Gipuzkoako bigarren elizarik handiena– eta bere ganga originalak ezagutzeko bisitak ere hiru ordutegitan izango dira: asteartetik ostiralera, 12:30ean, eta larunbatetan 13:00etan edo 16:00etan. Azkenik, duela zazpi mendetik egiten den azoka, bere bilakaera eta herrian duen garrantzia ezagutzeko aukera bakarra izango da, larunbatetan, 11:30ean hasita.

Bisita guztiek ordubeteko iraupena izango dute, eta bisitari arruntek lau euro ordaindu beharko dituzte. Erretirodunek, 4 eta 16 urte bitarteko haurrek, langabeek, eta Nekatur edo Basquecard txartela dutenak bi euro ordainduko dituzte. Talde arduradunek eta lau urtetik beherakoek, berriz, doako tarifa izango dute. Erreserba aurrez egitea nahitaezkoa izango da, Tolosaldeko Turismo Bulegora –Plaza Zaharra, 10– bertaratuz, Tolosaldea.eus webgunean, 943 697 413 telefonora deituz edo tour@tolosaldea.eus helbidera mezua idatziz. Erreserba egitean, hizkuntza hautatu ahal izango da: euskara, gaztelania, ingelesa edo frantsesa.

Historiaren berri, edonoiz

Bisita norbere kabuz egitea nahiago dutenek, audiogida izango dute eskura. Bisita gidatu birtual hauekin, bertatik bertara egiten diren bisita gidatuetan aipatzen diren berezitasunak jasotzeko aukera izango du erabiltzaileak, audio bidez.

Tolosako interesgune nagusiak ezagutzeko ibilbide bat proposatzen du 17 kapitulu biltzen dituen audiogida-podcast honek, eta audioak berak gidatuko du erabiltzailea puntu batetik bestera; hori bai, nork bere erritmora egin ahal izango du, nahi duen geldialdi guztiekin. Gehienez ere bi minutuko iraupena du kapitulu bakoitzak. Besteak beste, Zerkausiko, Atodo, Iturritza edo Idiakez jauregietako edota Euskal Herria eta Euskal Pizkundearen plazako ezaugarri nahiz bitxikeriak kontatzen dituzte, audio-efektuekin murgiltze esperientzia bat lortuta. 

Audiogidetara sartzeko, interes-puntu bakoitzean dauden ondare plaketan eskuragarri dauden QR kodeak eskaneatu daitezke, Tolosaldea.eus webgunea bisitatu daiteke, edo Spotify eta Google Podcast plataformetan bilatu daitezke.

Bestelako eskaintzak

Bisitariei begira, herriko beste hainbat eragile eta ekoizlek ere eskaintza indartuko dute. Txotxongiloen munduan murgiltzeko, txokolatearen prozesua ezagutu eta dastatzeko, edota erlezaintzaren berezitasunak eta produktuen aniztasuna ezagutzeko aukera izango da, besteak beste. Topic txotxongiloen museoa asteartetik ostiralera –10:00-13:00 eta 16:00-19:00– eta asteburu eta jaiegunetan –10:30-14:00 eta 16:00-19:30– egongo da zabalik. Rafa Gorrotxategi txokolatearen museoan bisita gidatuak eta tailerrak –aurrez hitzartuta– egingo dituzte, asteartetik ostiralera –09:00-14:00 eta 16:00-18:00– eta larunbatetik astelehenera –09:00-14:00–. Azkenik, Balerdipeko Erleak proiektuko kideek, egun batez erlezain izateko aukera eskainiko dute, bisita gidatuekin eta produktuen dastaketarekin, larunbatetan, 10:00etatik 12:00etara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!