Laskorainek eta Tolosalak bat egin dute

Imanol Garcia Landa 2024ko uztailaren 3a

Laskorain eta Tolosala arteko derbia, hirugarren mailan, 2022-2023ko denboraldian.

Gizonezkoen areto futboleko hirugarren mailako Tolosako bi taldeak elkartu egin dira, eta Tolosala izenarekin ariko dira hurrengo denboraldian lehiatzen maila horretan.

Hurrengo denboraldian ez da gizonezkoen areto futboleko Tolosako derbirik izango hirugarren mailan. Laskorain eta Tolosala klubak talde bakarrarekin lehiatuko dira. Laskorainek bere plazari uko egin dio eta, beraz, Tolosala izenarekin ariko da lehian talde berria. Aurreko denboraldian Laskorain 2. B mailatik hirugarren mailara jaitsi zen, eta bertan izan da azken urteotan Tolosala, azken denboraldi honetan lehen postuetan izanik. Orain bi denboraldi derbiak ere jokatu zituzten bi taldeek hirugarren mailan.

Laskorain klubeko Iñigo Gonzalezek azaldu duenez, «gai hau urte dezentetan hitz egin izan dugu modu informal batean. Nabarmena izan da bai Laskorainek eta bai Tolosalak lortutako emaitzak, bakoitza bere bidetik, eta ikusten zen zein izango zen hemendik aurrera gure kirolaren egoera. Talde asko daude, baina maila batetik aurrera ez daude hainbeste. Emakumezkoen areto futbola ere nahiko kili-kolo dabil, eta ikusten genuen areto futbolean paradigma aldaketa bat izan zitekeela. Hitz egiten hasi ginen zer egin genezakeen eta honetara iritsi gara».

Tolosala klubeko Antton Garrok gaineratu duenez, «ikusten zen urte hauetan areto futbolean beste talde batzuk ere iritsi direla, baina gero iristen da momentu bat jokalariak lehiatzeari utzi nahi diola, edo beste modu batera bizi nahi duela lehiaketa maila horretan. Hor irauteko erraztasuna izateko eta herri mailan talde sendo bat sortu ahal izateko, ikusi genuen bide zuzenena izango litzatekeela goran gabiltzan taldeak elkartu eta elkarren artean talde hori bideratzea».

Talde berria sortzeko kidetza edo filiazio hitzarmen bat egin dute bi kluben artean. Ez dute aukerarik izan izen berri bat sortzeko taldearentzako, epeen aldetik justu ibili direlako, eta horregatik Tolosala izenarekin ariko da talde berria datorren denboraldian. Hain justu, inguruan izen berri posibleen inguruko interes handia jaso dute. Garbi dagoena da talde nagusiaren kantxa Usabal kiroldegia izango dela, eta bertan entrenatuko dute.

Datorren denboraldiaren helburuei dagokionez, 2. B mailara igotzea izango du helburu Tolosako taldeak. «Oinak lurrean izan behar ditugu, baina bi taldeetako jokalariek elkar ezagutzen dute, batzuk jokatu izan dute elkarrekin, eta 2. B mailara igotzeko helburu hori izatea zilegi da», esan du Gonzalezek, eta Garrok gaineratu: «Laskorainek hainbat urtetan erakutsi du 2. B mailan lehiatu egin duela, eta Tolosalakoek pauso handi bat eman dute azken urteotan. Beraien artean ondo ezagutzen dute elkar, eta bai izan behar duela helburua igoerarengatik borrokatzea. Horretarako taldea izango da».

Martxan jarri duten proiektu honen helburuetako bat bi klubek bat egitea da senior mailan, baina oraingoz talde nagusian bateratu dira. Oraindik ez dago osatuta klub berri bat, eta, beraz, datorren denboraldiari begira senior mailan bakoitzak bere klub eta taldeen izenen bitartez funtzionatzen jarraituko du.

Taldeei dagokionez, gizonezkoetan Laskorainen egituran datorren denboraldian bi talde izango lirateke kadete mailan, infantil taldea, jubenilen taldea eta seniorretan Gipuzkoako mailan bakarra izango da, lehen mailan. Tolosalan, areto eskolaz aparte infantiletako maila mantenduko dute. Seniorretan Gipuzkoa mailan bigarren mailan talde bat izango dute eta agian hirugarren mailan beste bat. Emakumezkoen senior taldea badu Tolosalak gaur egun, baina irail inguruan ikusi beharko da liga osatzeko aukera izango den.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!