Etxez etxeko laguntza zerbitzua indartuko du udalak

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko uzt. 3a, 07:59

Tolosako etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileak, ekainaren 13an, akordio berria sinatu ondoren. ELA

Hiru zerbitzu-kontraturen espedienteak onartu eta horien lizitazio prozesuak martxan jartzea erabaki du Tolosako udalbatzak ekaineko osoko bilkuran.

Tolosako Udalak etxez etxeko laguntza zerbitzua indartuko du. Lizitazioa martxan jartzeko pleguak onartu dituzte udalbatzako zinegotziek ekaineko osoko bilkuran, aho batez. Hiru urteko iraupena izango du kontratu berriak, eta udalak diru ekarpena handituko du: %40 gehiago bideratuko du 500.000 euro. Urteko aurrekontua 1.766.107 eurokoa izango da, eta hiru urteetako balio zenbatetsia, 6,6 milioi eurokoa. Zerbitzuaren ordu kopurua ere igoko da, 44.000tik 55.000ra. Modu horretara, erabiltzaile gehiagorengana iritsi edo denbora gehiagoz egon ahal izango dute langileek.

Langileek eta gaur egun zerbitzua kudeatzen duen enpresak adostasuna lortu berri dute, lan hitzarmena sinatzeko. Horri esker, udalak baldintzak jarri ahal izan ditu hitzarmen horretan langileen oinarrizko soldata %28 igo dadin. «Funtsezko zerbitzua da etxez etxeko laguntzarena, egoera zaurgarrian edo mendekotasun egoeran dauden pertsona eta horien senide askorentzat. 160 erabiltzaile inguru ditu eta honakoa urrats garrantzitsua izango da etorkizunera begira zerbitzua bera sendotzeko», adierazi zuen Kristina Pelaez udal gobernuko zinegotziak.

Bestetik, kale garbiketako zerbitzu-kontratuaren espedientea onartu du udalbatzak, erabateko adostasunez. Behin lizitazioa martxan egonda, kontratazio-organoak azterketa ekonomikoan akats bat antzeman zuen, hain justu, makineriaren amortizazioa behar bezala ez zela sartu. Hori berrikusi eta administrazio-pleguak zuzendu ondoren, berriro lizitazioa abiatzea onartu du udalbatzak, aho batez. Bi urterako kontratua da, beste bi urtez, urtez urte, luzatzeko aukerarekin. Guztira, 7,8 milioi euro bideratuko ditu udalak.

Kirol instalazioen afera

Udal kirol instalazioen zerbitzu-kontratuaren lizitazioa ere martxan jarri du udalbatzak, pleguetan egin beharreko aldaketak egin ondoren. Kirol instalazioen kasuan, KEAOk oinarrien aurka jarritako helegiteen ebazpena aintzat hartuta egin dira aldaketak. Kontratu berria trantsiziorako izango da: bi urterako iraupena izango du, eta urteko aurrekontua 2.284.583 eurokoa izango da. Aurreko kasuan bezala, kontratua baldintzatua dago gaur egungo kontratuaren behin betiko suntsiarazpenarekin.

Erabakia gehiengoz onartu zuten, EAJk eta PSE-EEk abstentziora jo zutelako. Oposizioak zalantzan jarri zuen lizitazioa presakotzat jotzea, zerbitzua indarrean dagoelako eta instalazioak irekita daudelako. «Egia da prozesu administratiboa laburtzen duela, baina enpresek denbora gutxiago dute euren proposamenak eraiki eta aurkezteko. Badaude premiazko atentzioa behar duten bestelako gaiak, kontratuak behartzen dituenak, BPXport enpresak gauzatu gabeko inbertsioak eta kudeatzailearen figuraren ordezkatzea, besteak beste. Jakin nahiko nuke zenbat denbora daramagun Usabalen kudeatzailerik gabe», esan zuen Xarles Iturbe EAJko zinegotziak. «Esleipena geroz eta azkarrago egin, orduan eta lehenago konponduko dira arazoak», erantzun zien Pelaezek.

Bestetik, Iturbek esan zuen Tolosarentzat «emankorra» izan den kudeaketa eredu bat «hankaz gora» jarriko duela zerbitzu-kontratuak. «Emakida formatua oso emankorra izan da urte luzetan, eta kudeaketa eredu aldaketak ez dakigu, zehazki, zer arazo konponduko duen», gaineratu zuen. Joxe Mari Villanueva PSE-EEko zinegotziak ere ez du begi onez ikusten aldaketa: «Erantzukizuna hiru eragileren artean banatzen da: langileak, enpresa eta udal gobernua. Prozesu honen amaieran jakingo dugu nola banatzen diren erantzukizun horiek». Pelaezek erantzun zien lehengo kudeaketa eredua ez zela egokiena: «Udalak zerbitzuaren kontrol guztia galdu du eta ezin izan du eskua sartu arazoak sortu direnean».

Euskara Plana 2024-2027

Tolosako Udalean Euskararen Erabilera Normalizatzeko 2024-2027 Plana eta hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak onartu ditu udalbatzak, biak ala biak, aho batez. Planak mugarri izan nahi du, errealitatea hobeto ezagutu eta hobetzekoak identifikatu eta gero, ahulguneak indartzeko. Horretarako, metodologia aldatu da. Udaleko langileei galdetegi bat bidali zaie, argazki osatua jasotzeko, eta %80ak baino gehiagok erantzun du.

Launa indargune eta ahulgune identifikatu ditu diagnostikoak. Komunikazioan, herritarrekiko harremanetan, langileen eta ordezkari politikoen hizkuntza-gaitasunean eta udal barruko harremanetan euskararen erabilera sendoa dela ondorioztatu du. Aldiz, hobetzekoen artean daude, hizkuntzaren kudeaketa, lidergoa, plan eta irizpideen barne komunikazio hobea edota udal kontratu, emakida eta hitzarmenetan sartzen diren hizkuntza-klausulen jarraipena.

Onartu berri den planak, besteak beste, alor horiek hobetzea izango du helburu, euskararen erabileran urrats bat emateko. Norabide horretan laguntzeko, Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideen proposamena ere onartu du udalbatzak. Printzipio gidariak, eta kudeaketarako, zerbitzurako eta lanerako hizkuntza irizpideak finkatzen ditu dokumentuak, baita komunikazio korporatiboko, ekitaldi publikoetako eta itzulpen eta zuzenketetako irizpideak ere.

47 eraikinen azterketa

Tolosako HAPOko Ondarearen Udal-katalogoa berritzeko lehen urratsa ere eman du udalak, udal gobernuaren babesarekin. Maiatzean behin betikoz onartu zuten San Frantzisko ibiltokiko 37. zenbakian dagoen Villa Sagrado Corazon eraikina babestea. Bada, orain interes arkitektonikoa duten herriko gainerako txalet, bizitegi-eraikin eta eraikin instituzionalak katalogoan barneratzeko egokitasunaren azterketa jarriko dute martxan.

Udal arkitektoek eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egindako proposamenak aintzat hartuta, 47 eraikin aztertuko dituzte: txalet tipologiako 19 eraikin besteak beste, Arkaute, Izaskun, Villa Maria, Ibai-gain, Itxaropena edo Oriaburu etxeak, bizitegi-eraikin kolektiboko 25 eta hiru eraikin instituzional. Horietako bakoitzaren azterketa egin eta dagokion fitxa osatuko du udalak, eraikinak berak edota bere elementuek zein babes-maila duten ikusteko. Bien bitartean, eraikin horiek osorik eraisteko lizentziak, edota fatxadei eragiten dieten lanetarako baimenak eten egingo dituzte, gehienez ere urtebetez, hau da, katalogoa aldatzeko hasierako onespenaren erabakia hartu arte.

Oposizioko alderdiek abstentziora jo zuten. «Ondorio negatiboak eragin ditzakeen prozesu bati ekin diogu. Katalogo honek tolosarrek etxebizitzak izateko duten eskubidea erraztu edo zailtzen du?», esan zuen Villanuevak. «Katalogoa eguneratzeak arazoak sortuko ditu udalaren eta jabekide sustatzaileen artean. Neurtu dituzue sortu ditzakeen talka urbanistiko eta juridikoak? Eta ondorio ekonomikoak?», gaineratu zuen Iturbek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!