Saralegi eta Regillaga judokak, txapeldunorde Espainiakoan

Ataria 2024ko uzt. 3a, 07:57

Nage No Kata modalitateko Espainiako Txapelketa izan da jokoan eta Judo Klub Tolosako hiru bikotek parte hartu dute, bik seniorretan eta batek kadete mailan.

Judo Klub Tolosako hiru bikote izan dira asteburuan Nage No Kata modalitateko Espainiako Txapelketan, Villaviciosa de Odonen (Espainia). Senior mailan Unai Saralegik eta Unai Regillagak txapeldunorde izatea lortu dute. Espainiako Txapelketa Europako Txapelketa egin eta gero izatea ez da ohikoa, eta denboraldi hasieran ez zegoen horrela planifikatua, baina aurten horrela tokatu dela azaldu dute klubetik.

Senior mailan Saralegi eta Regillagaz gain, Joseba Regillagak eta Joseba Etxarrik osatutako bikotea aritu da. Saralegi eta Regillaga iaz txapeldunak izan ziren, baina aurtengoa ezin izan dute mantendu, bigarren eginez. «Duela bi aste Europako Txapelketan ez bezala Extremadurako bikotearen atzetik geratu gara, berriro ere argi geratuz bi bikoteak oso pareko gaudela eta xehetasun txikietan erabakitzen dela», esan du Saralegik.

Bere aldetik, Regillaga eta Etxarri Europako Txapelketako sentsazio gazi-gozoak kentzeko gogoz aurkeztu ziren. Lehen aldia zuten senior mailan, baina erakutsitako mailarekin podiumera igotzea zen asmoa. «Lan dotorea egiten ari ziren eta hirugarren postua lortzekotan zeudela, azken mugimenduan akats potolo bat egin zuten eta ohorezko postuetatik kanpo geratu ziren. Horrelako akatsak onenei ere gerta dakizkieke eta ikaste prozesuaren parte dira», azaldu dute klubetik.

Markel Jaka eta Xuban Urkizar kadete kategorian lehiatu ziren, eta beren estreinako aldia izan zen Espainiako Txapelketan. «Gipuzkoako Txapelketan bigarren postua lortu eta gero gogotsu zeuden horrelako txapelketa batean parte hartzeko. Azken asteetan gogor egin dute lan eta euren helburua ikastea eta lan txukun bat egitea zen», esan dute klubetik. Euren kategorian 26 bikote ziren eta lehen postuan irtetea tokatu zitzaien. Momentu batzuetan ohorezko postuetan egon baziren ere azkenean postu batzuk atzera egin zuten, zazpigarren amaituz. «Lan txukuna egin zuten eta erakutsi dute lanean jarraituz gero datorren urtean podiumerako bidean egon daitezkeela», diote klubetik.

Senior mailakoek orain atseden txiki bat egiteko unea izango dute eta hurrengo helburua irailean, Madrilen, leku berean jokoan izango den European Kata Tournament izango da. Horrekin Las Vegasen azaroan izango den Munduko Txapelketarako prestaketa hasiko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!