ELKARRIZKETA

«Behar genuen atseden bat, eta ez oporraldi zentzuan»

Aitor Arroyo Askarai 2024ko uztailaren 5a

Iñaki Gereñu Peachy Joke musika taldeko kidea da. A.A.A.

Zortzi urteko geldialdiaren ondotik itzuli da Peachy Joke taldea oholtza gainera; «helburu zehatzik gabe» berreskuratu dute jarduna, eta zenbait kontzertu joko dituztela iragarri dute Iñaki Gereñuk Gere, Iban Matinek Lemy, Roberto Granadok Bop eta David Louzaok Lou. Iñaki Gereñu Odriozolak taldearen historian atzera egin du hurrengo lerrotan.

Eskola garaiko lau lagun elkartu, lokal bat alokatu eta zertan ari ziren «oso ondo jakin gabe» taldeari forma ematen hasi ziren «poliki-poliki». Hala sortu omen zuten Peachy Joke talde tolosarra. Bartzelonara joan ziren bizitzera, hiruzpalau disko argitaratu zituzten, hainbat lehiaketa irabazi, Wallapop aplikazioarentzat abesti bat egin eta Netflixek euren kantaren bat erabili, besteak beste. Oholtzatik desagertu ziren 2016an; orain, bueltan dira eta Tolosan jo zuten itzulerako lehen kontzertua, San Joan jaietan. Iñaki Gereñu Odriozola (Tolosa, 1983) taldeko baxu eta teklatu jotzailea da, eta euren nondik norakoez aritu da.

Rock-and-roll musika egiten duzue, baina baditu beste elementu batzuk ere. Nola definituko zenuke zuen musika?

Hori da: rockero samarra da gure musika, baina beste mota askotik edaten dugu. Adibidez, nik musika elektroniko asko entzuten dut, eta musika klasikoa ere asko entzuten dut. Taldean ere nahiko irekiak gara musika entzuten; ez gara inoiz izan oso zurrunak. Rock musika egiten dugu eta hori da ardatz nagusia, baina beti gustatu zaigu gauzak probatzea. Batzuetan ez dugu asmatu; izatez, askotan ez dugu asmatu; baina saiatzen gara jolasten.

Itzulerako lehen kontzertua aurtengo sanjoanetan. A.A.A.

Nortzuk dira zuen erreferenteak?

Taldekide bakoitzak bereak izango ditu. Baina badaude, orokorrean, lauoi gustatzen zaizkigun taldeak ere, betikoak, klasikoak: AC/DC, Metallica, The Beatles... Horietakoak. Baina gero, hain ezagunak ez direnak: Blue, Jack White, The Black Box Revelation... Ez dakit, asko bururatzen zaizkit.

Musika ulertzeko modu antzekoena izan duten taldeekin identifikatu gara gehien eta, azkenean, horietatik asko edan dugu. Beti egon izan gara prest talde berriak ezagutzeko: gerta liteke, adibidez, Jet ikustera joan eta aurreko kantari gonbidatuak gehiago gustatzea; eta, handik hiru urtera, aurreko talde hori Jet baino gehiago gustatzea. 

Nolako harrera izan zuen taldeak?

2014an Radio3n eskainitako kontzertua. PEACHY JOKE

Oihartzuna izan zuen, batik bat, lehiaketa batzuk irabazi genituelako; baina, batez ere, asko mugitu ginelako eta kontzertu asko jo genituelako. Horrek ez du esan nahi berebiziko arrakastarik izan genuenik; izan gara talde oso langile bat. Demagun aukera ateratzen zitzaigula Murtzian hilabete barru jotzeko; bada, saiatzen ginen asteburu berean inguru haietan beste kontzerturen bat lotzen. Horrela asteburua egiten genuen: bertara joan, bi kontzertu jo eta buelta; eta hala egin ditugu kontzertu pila bat. Ez dakit zenbat izango ziren, baina kontzertu asko eman genituen. Euskal Herriko talde batentzat kanpoan hainbeste kontzertu jotzea, atzean babes edo laguntza handirik izan gabe, ez da erraza.

Lau bat disko argitaratu zenituzten, baita hainbat lehiaketa irabazi ere... Eta Bartzelonara ere joan zineten bizitzera.

Espainia mailan oso garrantzitsuak ziren bi lehiaketa irabazi genituen 2013an: Festimad eta Villa de Madrid. Lehiaketa bakoitzean 700 bat talde izango ziren izena emanda. Bietan finalera pasa ginen, eta zuzenean jotzea zen azken proba. Bada, biak irabazi genituen. Ordurako Bartzelonan bizi ginen... Eta aurretik beste lehiaketa batzuk ere irabazi genituen: Villa de Laredo, Villa de Sanadrian... Urte horretan Radio3 eta beste hedabideren batek ere oihartzun dezente eman zigun. Festetan asko jotzen hasi ginen: Bartzelonan, Eivissan, Lanzaroten, Madrilen... Beste kontzertu mota batzuk jotzen hasi ginen. Bartzelonan txalet moduko bat alokatu genuen taldeko guztion artean, estudioa garajean muntatu genuen eta gure bizimodua zen lantxo txikiak egitea aurrera ateratzeko; baina, batez ere, entseatzea eta kontzertuak jotzea.

Oholtza partekatu zenuten hainbat talde handirekin, besteak beste, ZZ Top.

Aukera hori izan genuen eta guretzat oso kontzertu berezia izan zen. Bartzelonan, bost edo sei mila pertsona egongo ziren eta halako kontzertu bat jotzea, jaialdi bat izan gabe... Gu eta ZZ Top izan ginen. Egoera horretan hain urduri zaude eta hain azkar pasatzen da dena, ia-ia ez zara konturatu ere egiten zer gertatzen ari den. Gogoan dut ordu erdi inguru genuela jotzeko, eta ikaragarri azkar jo genituela kanta guztiak. Oso momentu bereziak izan ziren. Nire osaba bat, zeina justu aurten zendu den, oso zalea zen; asko gustatzen zitzaion ZZ Top eta Tolosatik Bartzelonara joan zen gu haiekin jotzen ikustera. Momentu hunkigarria izan zen.

Horrez gain, zenbait jaialditan ere aukera izan dugu miresten ditugun talde handiekin jotzeko. Eta hori gozamena da, ohorea. Ez da egunero gertatzen den zerbait zure idoloa ezagutzea, eta gainera berarekin eszenatokia partekatzea; eta ez du zerikusirik sarrera ordaindu eta behetik ikustearekin.

Bakarrik sortzen da galdera: zer gertatu zen?

Ez zen ezer berezirik gertatu. Gainera zarata handirik egin gabe utzi genuen; ez genuen esan uztera gindoazenik... Eta egia da jende askok ez zuela ulertu, goraldi handienaren momentua zelako zentzuren batean: kontzertuez gain, Wallapopek abesti bat egiteko eskatu eta AEBetako iragarkietan jarri zuen, Netflix gure abestiak erabiltzen hasi zen...

Nik uste denok genuela motxila moduko bat bizkarrean, sakrifizio handia zelako. Azkenean, ogibide bat zen, baina ekonomikoki ez zigun ematen lau taldekideak, managerra eta beste mantentzeko adina. Gu beti izan gara dirua gordetzekoak: irabazten genuena hurrengo diskorako gordetzen genuen. Diskoen grabaketak esponentzialak izan dira dirua gordetzen genuelako etengabe. Baina elkarbizitza, hainbesteko sakrifizioa, bidaia pila bat... Behar genuen atseden bat, eta ez oporraldi zentzuan. Bizitzan bakoitzak bere bidea egin du, eta orain berriro gogoa piztu zaigu zerbait egiteko. Intentzio handirik gabe hasi ginen, abesti zahar horiek jotzeko gogotik, eta horrela itzuli gara. 

Eta zein asmorekin elkartu zarete?

Ez dugu zehaztu. Ez daukagu beste disko bat argitaratzeko edo bira bat egiteko helbururik. Gogoan dugu nola nekatu ginen, eta ez gaude lauok momentu berean. Kontzerturen batzuk lotzeko intentzioa badaukagu; Tolosan izan da lehena. Eta badugu intentzioa zerbait berria ateratzeko, baina ez dut konpromisorik hartu nahi.

Oraingo entseguak ez dira lehengoak bezain gogorrak. Lehen sartzen ginen eta lanpostu bat bezala hartzen genuen: oso argi zertan ari ginen, oso kalkulatuta... Oraingoa, berriz, argi dugu ondo pasatzeko dela. Seriotasun batekin eta konpromiso batekin, eta argi daukat ez ditugula gauzak egingo egiteagatik. Saiatuko gara ahalik eta ondoen egiten, baina ez daukagu atzean presio hori. Lehen zerbaiten bila gindoazen: musika bizimodu bihurtzera. Orain, berriz, bizimodua antolatuta daukagu; eta musika ondo pasatzeko modu bat da.

Lehen kontzertuaren aurretik dezente entseatu omen duzue. 

Nork esan dizu hori? [Barrez]. Askotan ez, baina entsegu luzeak bai. Duela urtebete inguru hasi ginen elkartzen, eta hasieran oso bizi aritu ginen, baina bueltan ere hustu egin zen kontua. Batik bat, hasieratik ohartu ginelako lehen genituen kantek zuzenean ez zutela funtzionatuko; moldatu egin behar genituela. Kanta zaharrak hor ditugu, baina berriro egin dugu konposatze lan hori.

Nik adibidez baxu eta teklatu analogiko batekin jotzen nuen. Orain, berriz, sintetizadore batekin noa eta horrek zabaldu didan abanikoa oso handia da. Soinuekin gehiago jolastu dugu, eta horrek bere denbora eta lana eskatu digu.

Hortaz, Peachy Joke berritu bat izango da oholtzan.

Baietz esango nuke. Gero, jarrera aldetik-eta, zahartu garenez, gure gerriak ere ez dira garai batekoak [barrez]. Baina soinu aldetik bai; berrituta gatoz.

 

«Gure gerriak ere ez dira garai batekoak [barrez]. Baina soinu aldetik bai; berrituta gatoz»

 

Itzulerako lehen kontzertua Tolosan jo zenuten. Berezia izango zen, ezta?

Bai, zalantzarik gabe. Tolosan, gainera, jo izan dugu; baina ez hainbeste. Bertakoak izateko, esan nahi dut. Azken batean, tolosarrak bai, baina Bartzelonan bizi ginen, eta jende gehiena Madrilen mugitzen genuen. Oso xelebrea zen dena. Beti esaten genuen ez genuela bizi nahi egon beharko genukeen lekuan [barrez]. Tolosan Plaza Berrian behin jo genuen, baina lehen edo bigarren diskoarekin. Ez du zerikusirik orduan jo genuenak eta orain jotzen dugunak. Guretzat oso berezia izan da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!