Tolosaldea bigarren jarri da lehen bi estropaden ondoren

Imanol Garcia Landa 2024ko uzt. 1a, 18:36

Tolosaldea trainerua, igandeko estropadan. AITO ARRIZABALAGA/ACT

Euskotren Liga abiatu da asteburuan bi bandera jokatuz Galiziako uretan, eta Tolosaldea traineruak hirugarren eta bigarren postuak lortu ditu.

Gogoz ekin diote Tolosaldea trainerukoek Euskotren Ligari. Galizian jokatu dira asteburuan estreinako bi estropadak, eta ligaren sailkapeneko bigarren postuan jarri da eskualdeko trainerua, larunbatekoan hirugarren eta igandekoan bigarren izan ondoren. «Larunbatean nahiko urduri aritu ginen, lehen estropada izanik, eta ez ginen guk dakigun bezala aritu. Baina asteburuko emaitzak orokorrean hartuta oso gustura aritu gara eta ikusi dugu nahi badugu, ahal dugula», esan du Garazi Sorozabal arraunlariak. «Ez gara konformatuko lortutakoarekin, eta gehiagoren bila joango gara, beste traineruak bezala».

Lehen estropadan, larunbatekoan, VII Bandeira Cidade da Coruña banderan, Donostia Arraun Lagunak izan zen irabazlea, bigarren Orio izan zen, hirugarren Tolosaldea eta laugarren Donostiarra. Hondarribia, Cabo da Cruz, Hibaika eta Tiran sailkatu ziren ondoren. Garbi dago aurten ere lehenengo lau postuetan ibiliko direla iazko lau traineruak. Bigarren banderan, igandean, Bandera Femenina Concello de Bueu izenekoan, Arraun Lagunakekoak berriro izan ziren irabazle, ondoren sailkatu zen Tolosaldea eta hirugarren Orio. Donostiarra izan zen berriro laugarren, eta segidan Hibaika, Hondarribia, Cabo da Cruz eta Tiran.  

Ligaren sailkapenean Arraun Lagunak dago lehen postuan, 16 punturekin. Tolosaldea eta Orio berdinduta daude, 13 punturekin, eta laugarren doa Donostiarra 10 punturekin. «Aurten urtea ondo hasi dugu, eta urtetik urtera helburu altuagoak jartzen saiatzen gara», esan du Sorozabalek. «Aurten ikusita lehenengo asteburuan hirugarren eta bigarren postuak lortu ditugula, esango nuke aurreko urtean baino gerra gehiago emango dugula». Asteburu honetan izango dituzte beste bi estropada: VIII. Fabrika Bandera Donostian, eta IV. Edinor Bandera Zierbenan. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!