Fabi Jubinek (Tolosa, 1972) eta bere ahizpa Ana Jubinek 2007an hartu zuten Tolosako San Frantzisko pasealekuan dagoen liburu dendaren ardura. Babel izena jarri zioten, eta hor jarraitzen dute, besteak beste, bezeroei mota guztietako istorioak eskainiz.
Nola hartu zenuten liburu dendaren ardura zuk eta zure ahizpak?
Pixka bat errebotez iritsi zen. Berez, liburu denda honek urte asko daramatza. Hasieran Irazusta ahizpena zen, gero beraiengandik pasa zen Maria Teresa Galarragarena izatera, eta berak guri pasa zigun. Galarraga nire amaginarreba da. Beraz, bi ahizpa izan ziren, gero emakume bat, eta berriro bi ahizpa.
Nola izan zen zehazki eskualdatze prozesua?
Maria Teresa Galarraga jubilatu egin behar zen, eta aurretik iragarki bat jarri zuen. Pertsona batzuk pasa ziren, eta probak egin zituzten, baina ez zen inor ausartu. Nik Turismoa ikasi nuen eta Oria hoteleko harreran ari nintzen lanean. Hor neramatzan hamar urte, eta haurdun geratu ondoren, ez nuen ikusten berriro lan horretara bueltatzea, ordutegiagatik. Beraz, liburu dendan probatzea pentsatu genuen. Nire ahizpak Kazetaritza eta Diseinu Grafikoa ikasi zuen, eta lanean zegoen enpresa batean. Galdetu nion ea zer iruditzen zitzaion liburu dendaren ardura hartzearena. Txikitatik beti esaten genuen gustatuko litzaigukeela liburu denda eta paper denda izatea, Lucia y el sexo pelikularen eszena batean esaten den moduan. Gustatu zitzaigun eta hemen gaude.
«Ez genuen ezagutzen liburu dendaren martxa, eta egia esan, oso ausartak izan ginen»
Ezagutzen zenuten dendaren martxa nolakoa zen?
Ez genuen ezagutzen, eta egia esan, oso ausartak izan ginen. Ardura hartu baino urtebete lehenago egon nintzen, testu liburuen garaian, eta eromena zen; inauterietan taberna batera lanera joatea bezalakoa. Ez dakit nola pentsatu nuen gero hona sartuko nintzela... Epe bat izan genuen, nire amaginarreba oraindik jubilatu gabe zegoela, elkarrekin aritu ginenekoa lanean. Hainbat hilabetez ikasten aritu ginen, eta gero berak utzi eta guk jarraitu egin genuen. Hasiera oso gogorra izan zen: ordu pila bat, urduritasuna...
Liburu dendek zer etorkizun dute?
Tolosan garai batean hamahiru egon ziren, baina eskolak beraiek testu liburuak ekartzen hasi zirenean, liburu dendentzako garai indartsuena zena kendu ziguten. Lehen ez zegoen eskolan liburuak hartzeko aukerarik, eta gaur egun ia denek hartzen dituzte liburuak eskolan. Oso erosoa da, baina uste dut gobernuak zeozer egin behar zuela horren kontra.
Irakurleek internetez liburuak eskatzeak nola eragiten dizue?
Eragiten digu, noski, baina Tolosa eta bere ingurua kontuan hartuta, bi liburu denda bakarrik egoteak, oraindik ere ahalbidetzen digu mantentzea. Asko jotzen dugu enkarguetara; jendea etortzen da, edo deitzen digu edo WhatsApp bitartez eskatzen du. Oso erraza da gaur egun, ez dute dendara etorri beharrik. Entzuten duzula irratian liburu baten berri ematen dutela, ba whatsapp bat idatz dezakezu eta guk eskaera egingo dugu; normalean egun batetik bestera edo bi egunera etorriko da. Bestalde, bezero asko kontzientziatuta daude, eta etxeko liburu dendarekin jarraitu nahi dute. Gazteak, adibidez, ez dira kontziente, ez dira konturatzen, eta ikusten badute Internet bidez egunero gauzak erosten ditugula, liburuak ere zergatik ez dituzte horrela erosiko? Baina ezin gara kexatu alde horretatik, jendeak dendan eskatu egiten duelako, eta horregatik mantentzen gara.
Liburuez gain, beste gauza batzuk ere saltzen dituzue, ezta?
Eta horrek ere laguntzen du. Prentsa dugu, eta horrek esan nahi du egunero, aldiro, jendea sartzen dela. Gero eta prentsa gutxiago saltzen da, hori ere egia da, baina dendara sartzen dena prentsa erostera, tarteka aldizkari bat edo liburu bat erosiko du. Eskolako materiala, motxilak... Gaur egun soilik liburu denda bezala funtzionatzea zaila da. Izan dugun lankide bat orain Zarautzen dago; liburu denda bakarra dago Zarautzen, eta ondo lan egiten dute, baina bakarra dagoelako.
Liburu dendek badute xarma berezi bat: liburuak begiratu, ukitu, liburu saltzaileekin hitz egin...
Ahizpak eta biok elkarri esan izan diogu: «Begira hemen zenbat istorio dauden, zenbat gai ezberdin ditugun hemen, batzuk barre egiteko, beste batzuk negar egiteko, batzuk bidaiatzeko...». Edozein adinekoak sartu daitezke dendan, edozeinentzako opariak dituzulako. Oparia egin behar dion horri zer gai gustatzen zaion galdetzen diogu bezeroari, eta berdin zaio zein den gaia, egongo da horren inguruko libururen bat, eta hemen ez badago, ekarri ahalko dugu. Beraz, polita da, gai pila bat ukitzen dituzulako. Bestalde, guretzako alde txarra da dena azkarregi doala. Egunero 365 liburu inguru editatzen dira. Guk ez dugu bat egiten hainbeste publikazio berri ateratzeko joera horrekin. Komertzial bati esaten nion azkarregi doala, ez digula denborarik ematen ezta kontrazala irakurtzeko ere. Bada, berri on bat zuela esan zuen, datorren urtean editatzen den liburu kopurua %20a jaitsiko dela. Esfortzua egingo dute kopurua gehiago mugatzeko, eta kalitatea gehiago zaintzeko.
Zuei ere liburuak ezagutzeko aukera gehiago ematen dizue produkzioa mantsotzen bada.
Hori da. Guri galdetu izan digute ea liburu guztiak irakurrita ditugun, eta ez da posible dendan dauden liburu guztiak irakurtzea, bizitza osoak ez du ematen horretarako. Saiatzen gara irakurtzen ahal dugun guztia, eta batez ere autoreak ezagutzen.
Liburu saltzaile bati gustatu egin behar zaio irakurtzea...
Bai, hori nahitaezkoa da.
Eta zer liburu saltzen dira gehien?
Batez ere eleberriak, baina aurten Zuhaitz Gurrutxagaren Subcampeon entsegua asko saltzen ari da. Ander Izagirre idazlearekin atera du, eta biak euskaldunak izan arren, gazteleraz bakarrik atera dute, momentuz behintzat. Batzuk erosi dute, seme-alaba kirolean ari delako, eta baita autolaguntza bezala ere. Oso dibertigarria da, gai konplexu bat jorratzen badu ere.
Erosleek asko galdetzen dizuete?
Denetarik dago. Asko etortzen dira zehazki zer nahi duten garbi dutela; beste batzuk etortzen dira esanez zer arlo gustatzen zaien eta hortik aurrera gure aholkua nahi dute; eta beste batzuk oso irekita etortzen dira, eta horiei galderak egiten joaten gara jakiteko zer eros dezaketen. Gaur egun pil-pilean nobela beltza dago, baina denetik dugu. Hemen gehiago saltzen da emakumeentzako; emakume tolosarrek gehiago irakurtzen dute gizonezkoek baino. Badaude gizonezko bezero batzuk ere asko irakurtzen dutenak, eta etortzen direnak zerrenda batekin eta agian sei liburu eramaten dituztenak.
Zuen lana bezeroari arreta egitea baino gehiago da, ezta?
Hemen, dendaostean, lan asko dago, egunero jasotzen baititugu eskariak, berritasunak... Jasotzen ditugun liburuak eta beste produktuak ondo iritsi direla ikusi, prezioa jarri, ordenagailuan sarrera egin, ezagutu gauza berriak direnean, produktu bakoitza bere lekuan jarri...
Liburu dendaren antolakuntzak edo diseinuak badu modu jakin bat?
Anarkiko samarrak gara. Ez ditugu atalak jarrita, guri galdetzea nahi dugulako. Horrela beraiekin joaten gara ikustera, gauzak komentatzera, eta iruditzen zaigu errazagoa dela bezeroarengana gerturatzea.
Dendara sartzen den jende asko ezaguna izango da, ezta?
Hamazazpi urte daramatzagu, eta badaude ohiko bezeroak, eta horiek ezagutzen ditugu. Niri gozamena iruditzen zait, adibidez, senarra etortzen denean bere emaztearentzako liburu bat erostera, eta guk badakigu aurretik zer eraman duen, zer gustatzen zaion eta normalean asmatzen duzu eta gustura doaz. Gero etortzen direnean esatera zer liburu polita den eta gustura irakurri duten, oso polita da, eta gure arteko harreman hori osatzen doa. Gertutasun hori eskaintzen dugu.
Eta nola informatzen zarete liburuez, denak ezin dituzuelako irakurri...
Badaude sinopsiak, iritziak... eta asko fidatzen gara komertzialez. Urteak daramatzagu beraiekin; beraiek irakurri dituzten liburuak gomendatzen dizkidatenean, gero nik irakurri eta gustatu izan bazaizkit, aurrerantzean fidatuko naiz. Hori da errazena guretzako, eskatzea beraiek gomendatzen dituzten liburuak. Bestela, aldizkariak ere badaude, jendeak zer irakurtzen duen eta zer kritika egiten duen, guztiak laguntzen du. Niri oso zaila egiten zait gustatzen ez zaidan zerbait saltzea. Kontua da denok ere ez dugula gustu bera, eta niri gustatu zaidan liburu bat agian ez zaiola nire ahizpari gustatu. Lau gaude lanean liburu dendan, eta elkarri ematen diogu irakurritakoaren berri.
Motzean
Liburu gustukoena?
Azken aldi honetan, Cervantes para cabras, Marx para las ovejas, Pablo Santiagorena. Oso liburu berezia da eta asko gustatu zaigu dendako denoi. Beste hiru ere aipatuko dizkizut: Balzac y la joven costurera china, Dai Sijie autorearena; Hamnet, Maggie O'Farrell idazlearena, eta Negro sobre negro, Ana Briongos idazlearena.
Idazle bat?
Asko daude, baina bi esango dizkizut, Almudena Grandes eta Ander Izagirre.
Generoa?
Eleberri historikoa eta bidaia literatura.
Une bat irakurtzeko?
Gauean, ez dudalako beste aukerarik. Bestela, eguraldi txarrarekin, larunbat arratsaldean. Edo udan, denborarekin, edozein momentutan.
Leku bat irakurtzeko?
Gauean izaten denean, ohean. Bestela, udan, edozein lekutan, baina etxetik kanpo, zuhaitz baten azpian adibidez.