ELKARRIZKETA

«Urte asko dira, baina ezinbestekoak orain naizena izateko»

Irati Irazusta 2024ko uzt. 7a, 07:59

Elena Aranbarri Leidorreko besaulkietan eserita. I.I.

30 urtez aritu da Elena Aranbarri Tolosako kultur etxeko antzerki irakasle lanetan, baina bizitzako etapa horri agur esan berri dio. Asko aldatu da taldea hasieratik hona, besteak beste, euren balioak finkatu eta indartu dituzte, eta horiek oinarri hartuta, jendaurrean erakusten dute hilabeteetan landutako obra, ikasturte amaieran. Leidorreko aurtengo saioan urte luzez egindako lana eskertu diote Aranbarriri.

Antzerkiari lotuta jarraituko badu ere, bizitzako etapa bateko ateak itxi ditu Elena Aranbarrik (Tolosa, 1967), Tolosako kultur etxeko irakasle izateari utzi baitio hiru hamarkadaren ondoren. Dramaturgoa, eskolako bitartekaria eta coacha ere bada, eta beti egon izan da antzerkiarekin harremanetan; hala jarraituko du aurrerantzean ere. Gaur egun Evaren Alabak konpainiaren parte da, eta Baketik fundazioan egiten dute bat bere jakintza guztiek, hain zuzen, Artea eta Eraldaketa izeneko atalean, arte eszenikoen bidez gizartea eraldatzeko proposamenak eta bideak ikertzen. 

Nola eta zergatik sartu zinen antzerkiaren munduan?

Uste dut komunikatzeko beste hizkuntza bat behar nuela, hitzetik edo eguneroko harremanetatik harago joango zena; beste kode batzuekin adierazteko leku bat, libre sentituko nintzena eta sormena garatuko nuena. Leku abstraktu horretan oso zoriontsu nintzen eta oraindik ere banaiz. Benetako fantasia-lekua zen niretzat, arnasa hartzeko behar nuen oxigenoa ematen zidana. Niretzat antzerkia ez da lanbide hutsa, baizik eta izateko modu bat eta bizitzeko aurkitu dudan lekurik atseginena eta bizigarriena.

Antzerkiaren bueltan zein postutan eta taldetan ibili izan zara?

Aktore hasi nintzen; uste nuen hori zela nahi nuena eta horretarako jaio nintzela. Pixkanaka, ordea, zuzentzen eta tailerrak ematen hasi nintzen, eta horri esker nire gaitasunak garatu nituen. Gero eta gehiago hasi nintzen idazten, hasieran egokitzapenetan eta gero obra eta pieza txikietan; ekuazio horren zati guztiek hunkitzen naute. Gaur egun gutxien erakartzen nauena antzeztea bera da, akaso, azken urteetan ez naizelako horretan trebatu eta urduriago jartzen naizelako.

Taldeei dagokienez, Teatro Circo, Colectivo Teatral Maite Aguirre, eta Bederen Bat antzerki taldeetan ibili izan naiz, eta Asvinenea arte eszenikoen laborategiaren sortzaileetako bat ere izan nintzen; bertan hainbat urtez txotxongiloen, argi beltzen eta antzerkiaren ingurua esploratu genuen. Gaur egun Evaren Alabak antzerki taldearen parte naiz.

Nola aldatzen da antzerkiaren ikuspegia zuzendariaren, aktorearen edo irakaslearen begiradatik?

Diziplina bakoitzean alderdi ezberdinak landu ditut: zuzendari lanetik liderra izaten ikasi dut, bidelagun izaten, begietan bistan daukagunetik harago behatzen; aktore gisa, berriz, neure burua hobeto ezagutu dut; eta irakasle lanetan entzuten ikasi dut, ulertzen besteen nahasmenduak, emozioak, krisiak eta minak eta hori guztia aitortzen, errespetuz eta entzukizunez zaintzeko. Oraindik ere ikasten jarraitzen dut. Arriskatzen dudanean eta ziurgabetasunari aurre egiten diodanean, motibatuago sentitzen naiz eta diziplina horietako edozeinetan aurrera egiten ari naizela sentitzen dut.

30 urte egin dituzu Tolosako kultur etxeko antzerki eskolako irakasle. Nola gogoratzen dituzu lehen urteak?

30 urte, ai ama! Esateak izutu egiten nau. Badirudi urte asko direla, baina ezinbestekoak izan dira orain naizena izateko. Lehen urteak izan ziren zoroenak, gazteak ginen eta gogo handia genuen, eta oraindik Maite Agirrerekin egindako lanen eragina zuten gureetan. Oso talde aberatsa genuen. Lehen obra Iparragirre antzokian egin genuen, eta eszenografian Mariano Arsuaga eta Maria Cueto artistek hartu zuten parte. Gogoan dut bazela Txorimaloak izeneko zati bat, Ellioten bertsoak berreskuratzen zituena, eta beste zati batean Jose Alonso Millanen Cuentalo tú que tienes más gracia komedia antzezten zela. Hori 1994an izan zen, hala jartzen du gordetako paperen artean aurkitu dudan egunkari horiztan, bestela ez nintzateke gogoratu ere egingo.

Nola aldatu da taldea ordutik?

Urte asko daramatzagu profesionaltasuna eta antzerki afizionatuaren onena batuta obrak estreinatzen, lanbidearekiko maitasun handiarekin. Etengabe egin behar izan diegu aurre erronkei gure maila gainditzeko eta aurrera egiteko. Taldea hazi egin da kide kopuruari, ilusioari eta teknikari dagokionez; egunero egiten dugu lan kultura guztiontzat izan dadin. 

 

«Urte hauetan helburu garrantzitsua izan da gizarte indibidualista honetako protagonismoak ekuaziotik ateratzea»

 

Gure ardatz nagusiak dira borondatea, laguntasuna, elkarbizitza eta errespetua, eta balio horiek pixkanaka sendotzen joan dira gure artean, bai norbanako gisa eta baita talde giroan ere. Hemen ez dago izarrik, denok gara osotasunaren parte eta urte hauetan helburu garrantzitsua izan da gizarte indibidualista honetako protagonismoak ekuaziotik ateratzea; prozesua ez da beti erraza izan, hasieran batez ere, egoak eta esperientzia faltak traba egin baitigute, baina barneratu dugu hau taldean aritzeko lekua da, eta horretarako funtsezkoa dela kideen arteko arnasketa komuna. Indartsua da eszenakideen arteko zaintza hori, eta oso harro nago daukagun giroaz.

Zein obrarekin eman diozu amaiera zure irakasle ibilbideari? Zer kontatzen da bertan?

Marat-Sade antzerkiaren barruko antzezlan konplexua da, eta bere trama Charlotte Cordayk Maraten etxera egin zituen hiru bisitetan oinarritzen da. Cordayk azken bisitan lortu egiten du bere asmoa, hots, Marat hiltzea. Obra Charentongo eroetxean dago kokatuta, eta antzerki taldeko aktoreek paper bikoitza antzezten dute: alde batetik, ospitaleko gaixoak dira, eta, bestetik, aktoreak dira Sadek eroetxeko bainugelan zuzendutako funtzioan. Tragikomedia honetan «iraultza» hitza asko errepikatzen da eta bi esanahi ditu: beldurra eta itxaropena. Esango nuke oso presente dagoela egun kaotiko eta nahasi hauetan.

Igaro berri den ikasturteko erronka izan da antzezlan handi honi aurre egitea; kultur etxeko 28 aktore aritu dira eszenan obra osoan zehar, eta ez da lan makala garai hartako eroetxe erdi-kartzela erdi-sendagarri hartan barneratutako pertsonaien azalean sartzea; maisu handiek antzeztu izan dute obra hau. Antzerkia euskaraz eta gaztelaniaz eskaini dugu, ohi bezala, tailerreko kide guztiek parte hartzeko aukera izan dezaten. Obra bere jatorrian musikala da, eta eraldatu egin dut; alderdi musikala pastoralei egindako keinu bihurtu da, eta Kepa Fernandez de Larrinoak gidatu du lana, baita horiei buruzko bere ikerketaren zati bat ere. Bost musikari profesionalek ere hartu dute parte. Oso lan atsegina izan da niretzat, eta uneoro izan dut gogoan nire bizitzako garai oso bat ari nintzela ixten kultur etxeko tailer honetan.

Urtero amaitzen duzue ikasturtea Leidorreko antzezlanarekin. Nolako pisua du saio honek taldean?

Egun hori oso garrantzitsua izaten da, urte guztiko lana erakusteko aukera ematen baitu, eta publikoarekin zuzeneko lotura sortzen baita. Jende asko etortzen da beti gugana, eta Tolosako publikoa oso esker onekoa da. Hala ere, aspaldi da lantaldeko pertsona askorentzat gustukoena lan-prozesua bera dela, eta bertan gozatzen dutela gehien. Prozesuan ez da pentsatzen egiten ari garena behin betikoa denik; lana lankidetza eta atzeraelikadura baten emaitza da, pertsonaia bakoitza eraiki eta berriro baztertzen da berriro eraikitzeko, benetan funtzionatzen duen arte eta sinesgarria eta egiazkoa den arte. Batzuetan etxera joaten gara harrapatuta, entseguetan bizitako emozioekin eta taldearen energiarekin liluratuta.

 

«Batzuetan etxera joaten gara harrapatuta, entseguetan bizitako emozioekin eta taldearen energiarekin liluratuta»

 

Hain zuzen, emanaldiaren eguna aukeratu dute zuri agurra egiteko ere. Nola bizi izan dituzu amaierara itxi arteko uneak?

Heldu da momentua etapa hau amaitzeko. Urte hauetan saiatu naiz tailerra osatzen duten pertsona guztientzat lana ahalik eta atseginena izan dadin. Nire aldetik, eskerrak eman nahi dizkiet denbora honetan nigan konfiantza izan dutenei eta antzerki taldea eraiki dutenei. Asko ikasi dut eta bihotzean daramatzat. Antzerki taldea urte askoan egin dugun lanaren emaitza da, eta orain profesional bat beharko du mantentzeko, zaintzeko eta hazteko konpromisoa hartuko duena. Espero dut Tolosako Udalak zainduko duela tailerraz arduratuko den pertsona hori eta, oro har, herri honetan hainbat arlotan lan egiten duten profesional guztiak. Izan ere, horiek lehiaketa publikoen mende daude, eta hor ekonomia jartzen da lanaren kalitatearen eta profesionaltasunaren gainetik. Ea aldatzen den, hori da nire nahia. 

Gaur egun Evaren Alabak antzerki taldean zabiltza. Nortzuk eta zein testuingurutan sortu zenuten taldea?

2017an izan zen, udalak indarkeria matxistaren aurkako egunerako zuen enkargu baten harira. Marta Garcia, Sonia Sanz, Nieves Peña eta laurok sortu genuen; udal antzerkiko tailerretik ezagutzen genuen elkar, eta lana hain bizia eta terapeutikoa izan zenez, gure konpromisoarekin jarraitzea erabaki genuen. Gaur egun gutaz gain ezinbesteko kolaboratzaileak ere baditugu: Jeronimo Otegik oraindik ere martxan daukagun lehen obran hartzen du parte, Iratxe Ramirezek Ring antzezlanean eta Elixabete Garmendiak laguntzen digu sare sozialekin, grabazioekin, webgunearekin eta abarrekin.

Zergatik Evaren Alabak?

Hori izan zen lehen antzezlanaren izenburua. Gata Cattana abeslari eta poeta kordobarraren Lisistrata rapetik atera genuen; artista 25 urterekin hil zen, feminismora eta justizia sozialera bideratutako obra inspiratzailea utzita. Talde gisa jarraitzea erabaki genuenean, izen ezin hobea iruditu zitzaigun guretzat duen esanahiagatik eta sinbolismoagatik; izan ere, gure lanetan feminismoaz, berdintasunaz, egunerokoaz, tabuez, gezurrez... funtsean, emakumeon bizitzez aritzen gara, errespetutik, ironiatik eta umoretik. Lehen lana indarkeria matxistaren aurkako salaketa izan zen, eta errealitatea apaingarririk gabe baino ezin zitekeen erakutsi; funtsezkoenean jarri nahi genuen arreta, inpaktu handiagoa lortzeko. Beste bi obretan, ordea, umorea tresna bat da beste modu batera latzak izango liratekeen gaiei heltzeko. Axolagabekeriaren aurkako ekintza-antzerki lotsagabea eta probokatzailea da gurea, eta horretan lagun dugu umorea.

Evaren Alabak obra ez duzue aretoetan antzezten, ez duzuelako ikuslea eroso sentitzerik nahi. Nola aldatzen da obra bat leku batetik bestera? 

Ez dugu nahi publikoa deseroso sentitzea, bai, ordea, bertan egotea eta inplikatzea. Ez dugu publikoa beldurtzerik nahi eszenara aterako dugulakoan, ez baita horrela. Espazioa fisikoki partekatu nahi dugu, aurpegiak ikusi, eta irudien, hitzen eta emozioen bitartez lotura eta sinergia sortu. Horregatik pentsatzen dugu publikoa gugandik gertu dagoen formatuetan, baita iluntasunean ere, antzerki tradizionalean bezala. Aldi berean, guk bakarrik mugitzeko kontrola eta autonomia ematen diguten formatuen alde egiten dugu; hau da, ez dugu argi-teknikaririk behar, ezta antzokirik ere, eszenografia erabilgarria diseinatzeaz ere gu arduratzen gara, geuk muntatu eta garraiatu ahal izateko. Gainera, guretzat funtsezkoa da kultura demokratizatzea eta herri txikietara hiri edo herri handietara baino lehenago iristea.

 

«Guretzat funtsezkoa da kultura demokratizatzea eta herri txikietara hiri edo herri handietara baino lehenago iristea»

 

2016an May Gorostiagak eta biok 'Eta hik zer?' izeneko antzezlana jarri zenuten martxan, Baketik fundazioko Antzerki Forumaren barruan. Zer da antzerki foruma eta zer lantzen da bertan?

Baketik 2007az geroztik ari da teknika horrek orientatutako lan-ildoak abiarazten eta bultzatzen. Antzerki forumak Brasilen du jatorria, Augusto Boal dramaturgo eta antzerki zuzendariak sortu baitzuen, Paulo Freireren pedagogia oinarri hartuta. Bere helburua ahotsik ez duten pertsonei ahotsa ematea da, esaterako, 70eko hamarkadan nekazariek eta langileek beren eskubideak aldarrikatzeko erabili zuten, geroago hezkuntzan hasi ziren erabiltzen, eta, gaur egun, hainbat arlotan erabiltzen da, besteak beste, artean, gizarte lanean, psikoterapietan, eta gobernuz kanpoko erakundeetan. Antzezpenaren lehenengo zatian zoritxarreko amaiera duen istorio bat kontatzen da, eta horren ondoren, moderatzaileak entzuleei galdetzen die ea nola alda daitekeen istorioa amaiera positiboago bat izateko. Iradokizunak momentuan inprobisatzen dira, eta, azkenik, publikoa bera ere aktoreekin batera taularatzen da.

Gaiak askotarikoak izan daitezke; Eta hik zer? antzezlanean, esaterako, indarkeria politikoak bizikidetzan eragiten dituen ondorioez aritzen gara. Oraindik ere lanean ari gara horrekin, esaterako, udazkenean Katalunian antzeztuko dugu, Aipaz elkartearen urteroko jardunaldietan.

Zure lanak ikusita ondoriozta daiteke antzerkiaren bitartez kritika soziala eta pedagogia ere egin nahi dituzula. Nola egiten da hori?

Baketiken egiten dugun lanaren kasuan, Peter Brooken esaldia oso adierazgarria dela uste dut: «Antzerkia ez da errealitaterako ispilu bat, forma emateko mailu bat baizik». Zapalduaren antzerkia edo antzerki-foruma kultura-bitartekaritzarako tresna bikaina da, oztopoei aurre egiteko eta gizartea aldatzeko balio duena. Antzerkia, oro har, itsusitasuna eta kaosa zentzuzko zerbait bihurtzeko tresna da, norberaren bizi-esperientziak birbideratuz eta berrerabiliz, eta, jakina, galderak eginez. 

Bestalde, diziplina honekin nahi dut magia gertatzea, konektatzea eta komunikatzea, emozioak aztertzea eta azaleratzea eta ikusleengan inpaktua sortzea, ez daitezela joan etorri diren bezala. Egia eta edertasuna aurkitu eta partekatu nahi ditut. Gauza asko, ezta?

Nola ikusten duzu antzerkiaren mundua gaur egun? Indartsu al dago?

Dena aldatzen ari da, ikusmenarekin zerikusia duen guztia oso azkar kontsumitzen dugu, sare sozialetan, telesailetan, zineman... Horrek eskatzen du antzerkia ere berritzea eta formula berriak pentsatzea, atzean ez geratzeko. Bestalde, alderik kezkagarriena eta mingarriena dago: profesionalen egoera. Artistak beti bizi dira egoera zaurgarrian, ezin dute beren lanetik bizi, eta hori ulertezina da jakinda nolako garrantzia daukan kulturak gizartean. 

Zure alaba da Verde Prato musikaria. Amarengandik datorkio artista sena? Pisu handia al du arteak zuen etxean?

Artea beti izan da garrantzitsua etxean, baina ez modu sofistikatu batean edo estatus sozial batetik. Pertsona arruntak gara, eta musikarekiko maitasuna eta pinturarekiko, irakurketarekiko eta artearekiko sentiberatasuna ere partekatu ditugu. Artea guztiona da eta inspiratzailea da. Baina uste dut Verde Pratok ez duela amaren eraginik izan, beste eragin indartsuago batzuk izan ditu bere bide profesionalean ere. Nolanahi ere, asko miresten dut hartu dituen erabaki zailengatik eta bere ausardiagatik, musika eta euskara urruneko lekuetara eramateagatik, eta bere proiektu eder, arriskutsu eta bakartiak horrela defendatzeagatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!