«Euskarazko kultura-produktuak gazteen eskuetara eraman behar ditugu»

Ataria 2024ko uzt. 1a, 15:59

Iturria: Euskaltzaindia

Euskaltzaindiak Asun Garikano hizkuntzalari tolosarra euskaltzain oso izendatzeko ekitaldia egin du; Sarrera hitzaldian, Euskaltzaindiak aste honetan abian jarri duen Noeren ontzia egitasmoak «euskal kulturan barrena nabigatzeko aukera» emango duela esan du.

Euskaltzaindiak larunbatean egin zuen Asun Garikano tolosarra euskaltzain oso izendatzeko ekitaldia, Gasteizko Goiuri jauregian. Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Maider Etxebarria Gasteizko alkate andreak ongietorria egin zieten bertaratutakoei eta, jarraian, Asun Garikanok sarrera-hitzaldia irakurri zuen. Hitzaldiaren muina, Euskaltzaindiak online argitaratu duen Noeren ontzia egitasmoa izan zen; hain zuzen, «euskal kulturan barrena nabigatzeko aukera» emango duen proiektua dela esan zuen Garikanok eta horren nondik norakoak zehaztu zituen. Euskaltzaindiak, gazteen artean den euskal kultura-ondarearen gaineko ezagutza urriaz eta haien irakurmenaren gainbeheraz kezkatuta, eta, ildo beretik joanda, euskal kultura lantzeko material didaktiko adostu baten hutsunea zegoela ikusirik, Noeren ontzia proiektua mamitu eta plazaratu berri du. Esan bezala, euskal kulturaren «itsasoan» zehar ibiltzeko tresna digitala da.

Asun Garikanok kezka horiek guztiak aipatu zituen sarrera-hitzaldian, eta ondoren goitik behera aletu zituen proiektu berriaren nondik norakoak: «Irautea eta zabaltzea merezi duten testuak ari gara jasotzen Noeren ontzian. Gero eta beharrezkoagoa baita euskarazko kultura-produktuak erakusleihoetara eramatea, eta, bereziki, gazteen eskuetara. Gure literatura-ondarea, eta kultura-ondarea oro har, hurrengo belaunaldiei pasatu nahi badiegu, beharrezkoak diren baliabide guztiak jarri beharko dira hezkuntza-komunitatearen eskura». Hortaz, Noeren ontziaren helburuak argi daude: «Lehenengo helburua gure aurrekoen ondarea jasotzea da. Ez bakarrik euskaraz dagoelako, baizik eta, Koldo Mitxelenaren hitzak aipatuz, sakonagoko zerbait adierazten duelako».

Baina badu Noeren ontziak beste helburu bat ere, irakurmenarekin estuki lotua dagoena, eta horrela azaldu zuen euskaltzain osoak hitzaldian: «Denok dakigu azken urteetako PISA eta PIRLS probetan emaitzak kaskarrak izan direla irakurmenaren atalean. Horren aurrean, 2018an Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Euskadiko Irakurketa Plana argitaratu zuen Heziberri 2020 hezkuntza-eredu pedagogikoaren barruan. Bertan, askotariko testuak nahiz lexikoa lantzearen beharra azpimarratzeaz batera, ikastetxe bakoitzak bere irakurketa-plana diseinatzeko edo eguneratzeko pausoak zehazten ziren. Irakurgunea webgunea ere zabaldu zen, eduki guztiak bertan kokatzeko. Plan horretan, ordea, behar-beharrezkoena falta zen: askotariko testu horiek ez ziren inon ageri. Falta zen, hain zuzen ere, Noeren ontzian jasotzen ari garena: estilo, erregistro, tonu desberdinetako testuak».

Asun Garikano eta Bernardo Atxaga. Euskaltzaindia

Baina, testuez gain, gaiarekin lotutako ikonografiak ere (grabatuak, argazkiak, marrazkiak, mapak, grafikoak…) garrantzi berezia du proiektu berrian. Zenbaitetan, irudi horiek ez dira testuaren apaingarri hutsa izango, baizik eta testuaren edukiarekin batera aztertu beharreko elementuak. Eta hori ere nabarmendu nahi izan zuen bere berbaldian Garikanok: «Bai, bestelako erremintak ere izango dira. Behin entzun nion irakasle bati bere irakasgaian euskal curriculuma txertatzeko, erreminta-kutxa bat behar zutela, era guztietako tresnak izango zituena: irakurgaiak, bai, baina baita bideoklipak, audioak, dokumentalak eta abar ere. Ideia horrekin bat eginez, testu asko multimodalak izango dira».

Egitasmo berria norentzat sortu den ere azaldu du euskaltzainak; batez ere, DBHko eta Batxilergoko ikasleak gogoan hartuta atondu da Noeren ontzia, baina unibertsitateko ikasleentzat ere baliagarria izan nahiko luke, baita euskaltegi zein hizkuntza-eskolentzat, ikasmaterialak prestatzen diharduten Berritzegune eta argitaletxeentzat, edota Irakurketa Plana hezurmamitu behar duten ikastetxeentzat ere. «Esaterako —argitu zuen Garikanok—, eman dezagun historia irakasle batek Bigarren Mundu Gerrari buruzko testu bat nahi duela, gelan irakurtzeko; bilatzailean Bigarren Mundu Gerra idatzi, klik egin, eta garai horri buruzko artikuluak, kronikak, testigantzak, bertsoak aurkituko ditu». Honela bada, Noeren ontziak sei ataletan banatuta ekarriko ditu testuak: Historia, Herri-kultura, Hizkuntza, Literatura, Ahozko Literatura, Gaurko Gizartea eta Abestiak atalotan.

Andres Alberdi euskaltzain osoak Noeren ontziaren uberaren arrastoan titulupeko hitzaldiarekin erantzuna eman zion Asun Garikanoren sarrera-hitzaldiari. Garikanoren datuak eta merezimenduak izan zituen hizpide hitzaldiaren lehen partean. Bigarrenean, Garikanok buru egiten duen Euskaltzaindiaren Noeren ontzia izeneko proiektuak eragin dizkion gogoeta batzuk harilkatu zituen. «Ilusioz hartu da proiektua, baina ezin ahaztu liteke eskolak erronka handia duela; are gehiago azken amets eta helmuga, ikasle euskaldun osoak eta euskaltzaleak ateratzea bada», azaldu zuen Alberdik.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!