Tolosako txistulariak eta Xaxu txantxangorria

Jose Ignazio Ansorena Miner 2024ko uzt. 1a, 16:00

Igandero Tolosako Udal Txistulari Bandako kideek herriko Alde Zaharrean zortziko batez abiatzen dute goiz deia, eta jarraian eta, txandaka, auzotik auzora ibili ohi dira. 2024ko otsailaren 18an, Amarotz auzoan, Xaxu konfiterua, Joxe Mari Gorrotxategi zenaren eskariaz gozogile zahar haren oroimenezko kalejira jotzen ari zirela, hara non ikusi duten lurrean geldirik txantxangorri bat. Hotzez edo gaixorik dagoen itxura du. Gelditu egin dira. Ion Garmendia zuzendaria hurreratu zaio, eskuan hartu du, hark utzi hartzen, eta txistuaren gainean kokatu du. Huraxe da argazki honek jasotzen duen unea.

Hori jakitean zalantza etorri zait: ez al zen Joxe Mari bera izango txantxangorri eran txistulariei agertu zitzaiena? Agian gogorarazi nahi zien ekainaren 11n bost urte beteko zirela hil zenetik, oraindik ez duela bere Tolosa ahaztu eta eskertzen diela Xaxu konfiterua biribilketa jotzea. Joxe Mari benetako txantxangorria baitzen.

Txistularioi ere askotan konparatu zaigu txoriekin. Carmelo Bernaola konpositore handiak zioen txistu hotsa dela, txorienarekin batera, Euskal Herriko paisaia musikala. Eta maiz egokitu zaizkigu txori txorrotxalari eta moduko deiturak.

Gure errepertorioan doinu askok dituzte txorien aipamenak goiburuan. Tradiziozko dantzetan, Txoriarena, Biligarroarena, Añoar handi… Eta kontzertuen errepertorioan, Birigarroa, Txoriak, Txori kantak… Eta Roberto Garate, Amasako txistulari elektriko deitzen zioten adiskidearen Imitación a pájaros famatua, non hontzatik hasita, karnaba, kuku edo zozotik pasa eta istingorrarekin amai zezakeen. Baina txantxangorriaren
aipamenik ia ez dago. Nik dakidala, Aita Hilario Olazaranen Txoriak obraren hirugarren atala besterik ez. Eta hor amaitzen da txistulari eta txantxangorriaren arteko harreman musikala.

Bada beste obratxo bat, Chan-Changorriya (Ecos de Vasconia, Echeverria eta Guimon. A. Díaz y Cia. Donostia, 1912), Jose Mari Usandizaga musikari handiak sortutakoa eta makina bat aldiz jo izan duguna Donostiako txistulariok. Baina, kantu eta pianorako sortua da eta neuk egokitu nuen txistulari talderako. Usandizagaren kanta horrek Manuel Arreseren poema bat du oinarri:

Arbol baten gainian
zegon jarriya,
txoriyetan argiyena
txantxangorriya.
Mutil mukitzu batek
tira dio harriya,
lurrera eroritik
gaxua eriya.
Txorietan argiyena
txantxangorriya.

Guraso ta maisu
ta jende guziya,
zuben mende harturikan
txantxangorriya,
esan mutil koskorrari,
hau dalako egiya,
ez dala beñere hil bihar
halako txoriya.
Guztietan argiyena
txantxangorriya.

Hitzak jarri zituen Manuel Arrese izen hori nonbait Manuel Joaquin Arrese Ibargureni dagokio, Donostian 1862an jaioa eta Oñatiko artxiboan gorderik dagoen Zure begi izeneko beste poematxo baten egilea. Usandizaga familiako adiskidea omen zen. Ez du ematen funts handiko besterik egin zuenik. Baina tanta txiki horrek balio izan dio izena eta lana musikaren historian kokatzeko.

Usandizagaren abesti hori abiapuntu harturik eta Pin, pin, txoria izeneko herri kanta atxikirik eta izenburu horrekin, Xabier Telleria tolosarraren ekarpenaz, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen Barre egin diskoan hauxe grabatu genuen:

Pin, pin txoria,
Txori papogorria,
Utzi aidean,
Ez arren minik eman

Txorietan politena
txantxangorria.
Norbaitek asmo txarrez
bota dio harria.
Orduan isildu da
txoritxo kantaria.

Txorietan politena
txantxangorria.
Halakoxea zuen
gaiztoak punteria.
Adarretik lurrera
bota baitu eria.

Txorietan politena
txantxangorria.
Lurrean txorrotxio,
dardar laguntza eske,
neska-mutil pareak
jasotzen duen arte.

Txorietan politena
txantxangorria.
Etxera eraman dute
gozoro sendatzeko.
Eta gero atzera
guztiz libre askatzeko.

Euskal literaturan, aldiz, ugariak dira txantxangorriari eskainitako aipamenak. Hona, Salbador Zapirain, Ataño (1912-2000), idazle kaputxino errenteriarrak, hain zuzen ere Txantxangorri kantaria izeneko liburu ederrean (Auspoa Liburutegia, 137-138. Tolosa, 1979), utzi zigun aipamena:

Urte giro guzietan kantatzen duan beste txoririk ez dek. Hotz ta bero, udara ta negu, gose ta egarri, zorion ta zoritxar, txantxangorria kantari somatuko dek. Bertsolari bat bezela (...). Neguaren arnas izoztuak epeltzen hasten diranean, eta mendiak txapel txuria erantzita berdea jazten, txantxangorria, txukun, lirain ta apaina, atariko garo metaren gainean kantari somatuko dek, goizean, eguartean, eguerdian, arratsaldean, ilunabarrean, berdin beti, kabia egiteko garaia baitu eta inguruan han baitabilki maitea.

Bertsoak ere asko daude gure txoritxoaren inguruan. Tolosarrei lehentasuna ematearren, soilik Emeterio Arreseren (1869-1954) Txantxangorriya saileko bi jarriko ditut hemen:

Hain bakar, txukun eta geldiro
jardun ohi zera kantuan
non beti ernai zuri begira
egon arren bat orduan
atsekabe ta mineriturik
kantari zauden orduan
ari zeranik inoiz ez dizu
antzik emango mokuan.

Papar txiki ta gorrixta borboil
leher egiteko zorian
jardungai oso kupigarriaz
beterik daukazunean
hainbeste negar, eresi xamur,
axanpa guzik batean
ez dakit nola kabitzen diran
zure kolko politean.

Tolosako udal txistulariak eurak ere txantxangorri lagunak direnez, haiei eskaintzen diet artikulu hau. Izan gaitezen denok, gure Joxe Mari bezala, txantxangorri.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!