Elena Arreseren lanak ikus daitezke Kordoban

Ataria 2024ko uztailaren 1a

Tolosako Elena Arrese sortzaileak Relatos silentes erakusketa jarri du Kordobako La Inaudita espazioan. Uztailaren 15era arte egongo da ikusgai.

Era berean lankidetza berezia itxi du Kordobako unibertsitatearekin eta artista gonbidatua izango da bertan, irailetik urrira bitarte.

Relatos silentes erakusketan 10 margolan bildu ditu. Gizakia gaia lantzen du bertan eta teknika mistoan egin ditu. Emakumeen erretratu eta irudi anonimoak direla esan du, eta ikusizko narrazioak birsortzen dituztela, figurazioaren eta abstrakzioaren arteko nahasketa moduko baten bidez, pertsonen esentzia eta une iragankorrak atzemanez. «Arpegirik gabeko erretratuak dira, eta horiekin interpretazio desberdinak sortu eta emozio desberdinak eragin nahi ditut», esan du Arresek. «Erretratua esperimentaziorako eta nire adierazpen berezirako eremu emankor bihurtzen da, horrela erretratatutako gizabanakoaren interpretazio zabalagoa eta subjektiboagoa ahalbidetuz. Ikusleak bere esperientziak eta emozioak proiekta ditzake. Eszena biziek ez dute inor bereziki hilezkortu nahi, gizabanakoa oro har baizik. Esperientzia unibertsal bat sortzen saiatzen naiz, edozein ikuslerengan eragina izan dezan», gaineratu du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!