Txetxo Gaztañaga artista tolosarra hil da

Ataria 2024ko ekainaren 28a

Titirijai jaialdiaren sorreran parte hartu zuen, eta berak egina da San Frantzisko ibiltokian zuhaitzetatik zintzilik jartzen den Txantxo pertsonaiaren irudia.

Atzo zendu zen Txetxo Gaztañaga diseinatzaile tolosarra, 83 urterekin. Titirijai jaialdiaren sorreran parte hartu zuen, eta berak egina da San Frantzisko ibiltokian zuhaitzetatik zintzilik jartzen den Txantxo pertsonaiaren irudia.

Titirijai jaialdiko 'Txantxo' irudia.

Gainera, jaialdiaren lehen 25 edizioetako kartelen egilea izan zen, eta Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketako 46. edizioko kartela ere berak egin zuen. 2013ko sanjoanetan, berriz, udalak kartel lehiaketa herrikoia berreskuratu zuenean, epaimahaikide izan zen Gaztañaga, Eider Epelde, Nisa Goiburu, Nerea Ugarte, Tomas Hernandez eta Anjel Alonsorekin batera.

Titirijai jaialdiaren bigarren edizioko kartela.

Tolosako 46. Nazioarteko Abesbatza Lehiaketako kartela.

2008an, bere artelanak ikusgai jarri zituen, lehen aldiz, Aranburu Jauregian. Urtebetez margotzen aritu ondoren, 70 koadro prestatu zituen erakusketarako. 40 urte betetzean jarri zuen lehen erakusketa Euskadiko Kutxan, eta ondoren, Gure Kaiolan jarri zuen, elkartearen 75. urteurrenean. Hortik iritsi zitzaion Aranburun jartzearen proposamena. «Lehen marrazkilariak ginen honetan lan egiten genuenak, eskuz egiten baikenuen, eta ez ordenagailuarekin orain bezala», adierazi zuen 2008ko otsailaren 27ko Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitzaren 1372. zenbakian erakusketaren inguruan egindako erreportajean.

Gure Kaiola elkarteko bazkidea eta inauterizalea zen Gaztañaga. Inauterietan euskarazko doinuak sartzen lehenetarikoa izan zen, 1973koetan, elkarteko kide gehiagorekin batera, Cabaret karroza egin zutenean. Luis Ceberiok 2022an egindako elkarrizketa honetan azaltzen duen moduan, Estanis Urruzola Uxolak abesti ezagun baten letraren zati bat euskaratuta sortu zuen Inauterik diralako kantua abesten zuten.

Hileta elizkizuna bihar, larunbata, izango da, 17:00etan, Tolosako Andre Maria parrokian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!