Kirmen Uribe idazlea, gaur, Tolosan

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko eka. 27a, 11:00

19:30ean Topic-en egingo den literatura emanaldi musikatuan parte hartuko du, Iñar Sastrerekin eta Olatz Pratekin batera.

Kirmen Uribe idazle ondarroarra Tolosan izango da gaur. Lizardi elkarteak antolatutako literatura emanaldi musikatuan parte hartuko du; 19:30ean izango da, Topic-en. Uriberekin batera, Iñar Sastre musikariak eta Olatz Prat abeslariak parte hartuko dute ekitaldian; Pratek, gainera, saioa gidatuko du.

Elkarteko kideak jarri ziren Uriberekin harremanetan, hitzordua zehazteko. «Tolosako euskaltzale eta kultura zaleekin saio bat egitea proposatu zidaten», esan du. Emanaldi berezia izango da idazlearentzat, «sekula» ez baitu horrelakorik egin.

Uribek azaldu duenez, batetik, musika hutseko zatiak izango dira, beste momentu batzuetan, 17 segundo bere azken liburuko olerkiak errezitatuko ditu musika oinarri batekin, eta azkenik, zuzeneko elkarrizketari ere tartea egingo diote; askotariko gaien inguruan ariko dira, hala nola, bere lanez, euskaraz eta gizarteaz. «Abestera ere ausartuko gara», aurreratu du idazleak.

Uribek adierazi duenez, euskal komunitatearekin harremana sendotzea da saioaren helburua. «Gaur egun New Yorken bizi banaiz ere, euskal komunitateko kidea naiz. Horrelako saioek euskaldunon arteko harremanak indartzen dituzte, eta kezkak partekatu eta elkarren arten horien inguruan hitz egitea izango da nire asmoa».

Hausnarketarako tartea ere zabaldu nahiko lukeela esan du idazleak. «Euskaldun gisa aurrerapauso bat eman behar dugu. Askotan sentitzen gara baztertuak, erasoak, eta baikortasun aktibo bat planteatu behar dugu, bai euskararekiko, baita euskal kulturarekiko ere. Euskaraz hitz egiteko eta euskaraz bizitzeko motibazioa indartu behar da».

Literatura eta musika uztartzen dituzten saioen garrantzia azpimarratu du Uribek. «Oso gustuko ditut. Idazleak bakarrik bizi gara, bakarrik lan egiten dugu, eta gogoetarako eta idazketarako ordu asko hartzen ditugu. Ondorioz, beti da esker onekoa jendearekin egotea». Nabarmendu duenez, udan egingo duen gisa honetako saio bakarra izango da.

Sarrerak Topic-eko leihatilan edo entradas.cittolosa.com-en daude eskuragarri.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!