Felix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatua

Ataria 2024ko ekainaren 26a

Felix Urkola tolosarra. Argazkia: Gipuzkoa.eus

Tolosarra diputatu nagusiaren kabinete buru zen 2019az geroztik, eta Maria Ubarretxenaren lekukoa hartuko du.

Felix Urkola (Tolosa, 1970) izango da Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatu berria, Eider Mendoza diputatu nagusiak bihar, osteguna, gauzatuko duen izendapena. Orain arte diputatu nagusiaren kabineteburu zen, eta aurrerantzean  Maria Ubarretxenaren lekukoa hartuko du. Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramailea eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua da astelehenetik aurrera.

Urkolak gidatuko duen sailari dagokionez, izena eta funtzioa berritu diote, eta azaldu dutenez, udalekiko eta eskualdeko erakundeekiko harremana hartuko du bere baitan, «eginkizun horiek indartzeko asmoarekin». Arlo berria ez zaio arrotz egingo Urkolari, Plangintzako eta Kudeaketako zuzendaria izan baitzen Bide Azpiegituretako departamentuan 2007-2011 legegintzaldian. Era berean, Gipuzkoako udalekiko eta toki- eta eskualde-erakundeekiko lankidetza arintzeko eta sakontzeko lan egingo duela adierazi dute, «herritarren beharrei erantzun hobea ematea ahalbidetuko duen lurralde-ikuspegiarekin». Udal errealitatea eta udalen funtzionamendua «ondo» ezagutzen ditu tolosarrak, izan ere, Lazkaoko alkate izan zen 1999 eta 2007 artean, eta 2015 eta 2019 artean, eta udalerri bereko zinegotzi 2007 eta 2015 artean. Euskalduna da Urkola, Zuzenbidean lizentziatua EHUn, eta graduondoko diplomatua Herri Administrazioetan (UPV/EHU eta IVAP).

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!