Asun Garikanok larunbatean egingo du sarrera hitzaldia

Ataria 2024ko eka. 26a, 14:22

Asun Garikano eta Andres Alberdi. Iturria: Euskaltzaindia

Euskaltzaindiak pasa den irailaren 29an izendatu zuen Asun Garikano hizkuntzalari tolosarra euskaltzain oso. Larunbatean egingo du sarrera hitzaldia eta Noeren ontzia egitasmoaren azalpenak emango ditu, hain zuzen, «euskal kulturan barrena nabigatzeko aukera emango duen» egitasmoaz hitz egingo du.

 

Euskaltzaindiak Osoko Bilkura egingo du larunbatean 10:00etatik aurrera Gasteizko Goiuri Jauregian, eta ondoren egingo du sarrera hitzaldia Asun Garikano hizkuntzalari tolosarrak. Garikano 2023ko irailaren 29an izendatu zuten euskaltzain oso. Orain, eta akademiaren barne arauei jarraiki, sarrera hitzaldia egitea dagokio euskaltzainari. Garikanoren saioa 12:00etan hasiko da eta musikaz giroturiko atariko saio baten ondotik hasiko da ekitaldi instituzionala. Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Maider Etxebarria Gasteizko alkate andreak ongietorria egingo diete bertaratutakoei eta, jarraian irakurriko du Asun Garikanok Mendi-zelaiak estali baino lehen sarrera hitzaldia. Hitzaldiaren muina Euskaltzaindiak aste honetan abian jarriko duen Noeren ontzia egitasmoa izango da, hain zuzen, «euskal kulturan barrena nabigatzeko aukera emango duen» proiektuaz ariko da. Euskaltzaindiak, gazteen artean den euskal kultura-ondarearen ezagutza urriaz eta haien irakurmenaren gainbeheraz kezkatuta, eta ildo beretik joanda, euskal kultura lantzeko material didaktiko adostu baten hutsunea zegoela ikusirik, Noeren ontzia proiektua mamitu eta asteon plazaratuko du. Esan bezala, euskal kulturaren itsasoan zehar ibiltzeko tresna digitala da, bihartik aitzina denon eskura izanen dena Euskaltzaindiaren webgunean.

Garikanori Andres Alberdi euskaltzain osoak emango dio erantzuna Noeren ontziaren uberaren arrastoan hitzaldiarekin. Garikanoren datuak eta merezimenduak izango ditu hizpide hitzaldiaren lehen partean. Bigarrenean, Garikanok gidatzen duen Euskaltzaindiaren Noeren ontzia proiektuak eragin dizkion gogoeta batzuk harilkatuko ditu. Ilusioz hartu du proiektua, baina ezin ahaztu liteke eskolak erronka handia duela; «are gehiago azken amets eta helmuga, ikasle euskaldun osoak eta euskaltzaleak ateratzea bada».

Azkenik, euskaltzain berriak karguaren zina egingo du, eta euskaltzain osoaren domina, diploma eta ikurra jasoko ditu euskaltzainburuaren eskutik.

Asun Garikano Iruretagoiena (Tolosa, 1962) Euskal Filologian lizentziaduna da. Gasteizko IRALEko irakasle eta Eusko Jaurlaritzako EIMAko kide izandakoa. Ameriketako euskaldunei buruzko bi libururen egilea ere bada: Far Westeko Euskal Herria (Pamiela, 2009) eta Kaliforniakoak 1533-1848 (Pamiela, 2013). Itzultzaile gisa, ingelesetik euskarara itzuli ditu Robert Louis Stevensonen, William Faulknerren, John Steinbecken, Patricia Highsmithen eta beste zenbait egileren lanak; euskaratik gaztelaniara, berriz, Bernardo Atxagaren obra guztiak. Edizio-lanaren arduradun izan da Garziarena aldizkarian (1992-1994) eta Euskaltzaindiaren Erlea aldizkarian (2009-2016). Halaber, Bernardo Atxagaren euskarazko eta gaztelaniazko obra guztien edizioaz arduratu da. Gaur egun, Euskaltzaindiak laster abian jarriko duen Noeren ontzia proiektua gidatzen du. Batez ere, hezkuntza-komunitateari zuzendutako egitasmo horrek, euskal dimentsioarekin lotutako testu hautatuez jantziko du hezkuntza-curriculuma, gaurko eta lehenagoko testuez, lau esparrutan banatuta eurok: Historia, Hizkuntza, Literatura eta Gaurko Gizartea ataletan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!