Jarduerak, udan zein neguan eta natura, heziketa eta kirola, ardatz

Aitor Arroyo Askarai 2024ko eka. 26a, 11:58

Zumardia elkarteak antolatutako mendi irteera, 2022an. ATARIA

Kurtso guztian zehar antolatzen dituzte kirola eta natura ardatz dituzten jarduerak; udan egun osoko ekimenak ere egiten dituzte eta aurten, lehenengoz, surf ikastaroa egingo dute.

Zumardia elkarteak eskolaz kanpoko jarduerak antolatzen ditu ikasturtean zein udan zehar, betiere ardatz hartuta natura, hezkuntza eta kirola. Datozen hilabeteetan berrikuntza bat ere izango dute, hain zuzen, lehenengo aldiz egingo baitute surf ikastaroa. Patricia Urretabizkaia arduradunak nabarmendu du «familia handi bat» bezala direla elkartean.

«Tolosan jendeak askotan ikusiko gintuen Oria ibaian, piraguan ibiltzen», arduradunak azaldu duenez, hori da haien jarduera «bereizgarrietako bat». Urtean bitan egiten dituzte saioak: irailean eta maiatzean; eta ordubetez esperientzia probatzeko aukera izaten dute haurrek. Horrez gain, beste hainbat ekimen ere egiten dituzte urtean zehar, besteak beste, Olentzaroren basoa, Gurpilgunea Zumardiaundian, ikastaro puntualak eta irteerak udan zein neguan.

Urtaroaren arabera
Urteko sasoiaren arabera antolatzen dituzte jarduerak eta udan «eskaintza bereziagoa» ere izaten dute. «Haurrek urtean zehar egiten dituzte atletismoa, futbola, saskibaloia... Udan beste gauza batzuk probatu nahi izaten dituzte», horrela hitz egin du Urretabizkaiak udako kanpaina antolatzeko arrazoiaren inguruan.

Hain zuzen, hortik abiatuta astebete irauten duten ikastaroak egiten dituzte hainbat diziplinatan: piragua, mendi bizikleta, eskalada, oreka ariketak... Eta, horrez gain, udako hilabeteetan «guraso gehienek» lan eta umeek jai izaten dutela «kontuan hartuta», jarduera «luzeagoak» ere antolatzen dituzte, horien artean, Natur kirol goiz pasak eta mendi zeharkaldiak.

Aurtengo berrikuntzak
Proposamenen eta eskaeren arabera egokitzen omen dute eskaintza, eta badituzte zenbait berrikuntza. Esate baterako, aurten, lehen aldiz egingo dituzte skate eta surf ikastaroak.

Horrez gain, lehen aipatutako mendi zeharkaldia «normalean» Aralar mendilerroaren inguruan egiten dute; aurten, berriz, haurrak helduagoak direla-eta, «apustu egin» eta Pirinioetara egingo dute irteera.

Azken hori «bereziki erakargarria» izaten dela uste du Urretabizkaiak: «Bost egunetako mendi ibilaldia izaten da; eta irteeran zehar xume-xume ibiltzea da asmoa: mendia, motxila, kanpin-gasa... Eta besterik ez». 
Arduradunaren hitzetan, helburuetako bat omen da haurrek eta gazteek ezagutzea zer den aisialdia «mugikorrik gabe eta garai bateko moduan» pasatzea: «Gauza horiek gehiago asetzen dituzte, agian, beste kanpaldi batzuk baino. Hasieran iruditzen zaie aspertu egingo direla, baina gero gustatzen zaie eta errepikatu nahi izaten dute».

Bestelako eskaintza
Aipatutako jarduerez gain, ikastaroak «ia nahieran» ere eskaintzen dituztela gehitu du Urretabizkaiak: «Propio talde bat osatu eta jarduera bat eskatuko baligute, moldatuko ginateke talde horrentzat zerbait egitera».

Arduradunak nabarmendu du Zumardia ez dela «enpresa bat, elkarte bat baizik». Hari berari tiraka azaldu du bazkidetzen bitartez antolatzen direla, eta eskaintzen dituzten prezioak ez direla «etekinak lortzeko», baizik eta «beharrezko kostuak ordaintzeko». Bestalde, interesa izanez gero harremanetan jartzeko dei egin du, eta «gustuz» emango dutela informazio gehiago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!