Milioi bat euro bideratuko ditu udalak, 20 diru laguntzatan

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko eka. 25a, 11:57

Kirol instalazioen grebak kirol taldeei eragin zizkien eraginak arintzera bideratutakoa izango da laguntza berrietako bat. IMANOL GARCIA LANDA

Zenbait alorretan aurreko urteetan baino altuagoa izango da eskatzaileek jasoko duten kopurua; adibidez, ia hirukoiztu egingo da eraikinak birgaitzeko laguntza.

Tolosako Udalak laster argitaratuko du herritarrei eta herriko eragileei zuzendutako diru laguntza deialdi bateratua. Guztira, milioi bat euro inguru bideratuko ditu udalak, 20 diru laguntza lerrotan banatuta, besteak beste, etxebizitza, gizarte zerbitzuak, hirigintza, euskara, kultura, berdintasuna, hezkuntza, merkataritza, enpresa eta kirol arloetakoak. Horien artetik bi dira diru laguntza berriak: kirol instalazioen grebak kirol taldeei eragin zizkien eraginak arintzera edota katalogatutako eraikinak berritzera bideratutakoak.

Aldaketa esanguratsuena hirigintza alorrekoa da; ia hirukoiztu egin da eraikinak birgaitzeko laguntzetara bideratutako diru kopurua: 120.000 eurotik 300.000 eurora igo da. Eskatzaile bakoitzak jasoko duen kopurua ere altuagoa izango da, bai azken kasu honetan, baita beste kasu batzuetan ere, hala nola, etxebizitza alorreko diru laguntzetan (alokairuan eta birgaitzean), euskara ikastekoetan, eragile sozialei bideratutakoetan edota berdintasuna sustatzeko jardueretara bideratutakoetan.

Tramitazioa errazteko neurriak

Urtetik urtera moldaketak egin eta malgutasun handiagoa izateko, aurten «aldaketa esanguratsua» egin duela esan du udalak. «Otsaileko osoko bilkuran diru laguntza guztiak arautzen zituen ordenantza orokorraren aldaketa onartu zen, eta gerora deialdi bakoitzaren ordenantza propioak indargabetu eta oinarri arautzaile espezifikoak egin dira», azaldu dute udaletik.

Neurri horiek barne mailan «lanketa handia» ekarri dutela esan dute, baina prozedura arinagoa izango dela aurreratu dute, bai udalarentzat, baita eskatzaileentzat ere. «Aldaketa honekin, gainera, beste administrazio batean aurkeztutako dokumentazioa ez da udaletxera berriro eraman beharko. Eskaera orrien ereduak ere sortu dira, eskatzaileentzat prozesua errazagoa izan dadin».

Eskaerak egiteko epea

Aurki argitaratuko dira diru laguntza guztien oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta argitaratu eta hurrengo egunetik hasita egin ahalko dira eskaerak.

Eskaera erregistro elektronikotik egiteko gida eta bideo bat landu ditu udalak; eskuragarri daude Tolosa.eus webgunean. Behin Udaten BAkQ ziurtagiri elektronikoa eskuratzen dutenetik, herritarrek euren etxetik egin ahal izango dute eskaera, erregistro elektronikoaren bidez. Dena dela, informazio gehiago izateko, nahi duenak 010 edo 943 65 44 66 telefono zenbakietara deitu dezake.

Informazio guztia eta eskaerak nola egin jakiteko gida esteka honetan.

2024ko diru laguntza deialdia. Zerrenda eta aldaketa nabarmenenak:

EUSKARA

  • Euskara-ikasle tolosarrentzako diru laguntzak: 54.000 euro. Euskaltegian euskara ikasteko edo maila hobetzeko diru laguntzak dira, 16 urtetik gorako tolosarrei zuzenduta (Aitzol Udal Euskaltegian nahiz beste euskaltegiren batean aritu diren tolosarrei). Aurtengo ikasturtean matrikularen zati hau estaliko dute diru laguntzek: A1, A2, B1 eta B2 mailetan, %75; C1 mailan, %50; eta C2 mailan, %25. Laguntza jasotzeko betekizunetan ez dago aldaketarik: %85eko asistentzia izatea eta aprobetxamendu ona egitea.
    • Eskaerak aurkezteko bi epe daude:
      • Ekainaren 30a baino lehen amaitutako ikastaroak: deialdia argitaratzen denetik hilabete.
      • Irailaren 30a baino lehen amaitutako ikastaroak: urriaren 15a.
  • Establezimendu komertzialetako hizkuntza-paisaia euskalduntzeko: 3.000 euro. Tolosako establezimenduei zuzendutako diru laguntza da. Oain arte denden errotulu nagusia euskaratzera bideratzen zen laguntza; aurten elementu gehiagotara zabalduko da. Kanpoko errotuluak, toldoak, ibilgailu komertzialak, webguneak, irudi korporatiboko elementuak (bisita-txartelak, poltsak…), aplikazio informatikoak…
    • Eskaera epea: urriak 31.
  • Lan-arloan euskararen erabilera sustatzeko diru laguntzak: 6.000 euro. Tolosako enpresei bideratutako diru laguntza. Orain arte soilik euskara-planak egiteko diru laguntza zen, eta orain hauek ere dira diruz lagungarriak: euskara-maila handitzeko ikastaroak, hizkuntza-ohiturak aldatzen laguntzeko jarduerak, sentsibilizazio-jarduerak.
    • Eskaera epea: deialdia argitaratzen den hurrengo egunetik hasi eta 30 egun natural.

HEZKUNTZA

  • Eskolaz kanpoko programak antolatzeko, eta zaintza eta lana bateragarri egiteko programak: 60.000 euro. Tolosako ikastetxeei (HH, LH eta DBH) eta familia-elkarteei bideratutako laguntzak dira. Puntuazio-irizpideak aldatu dira deialdi honetan, hezkuntza-komunitate bakoitzaren konplexutasuna kontuan hartuta banaketa egokiagoa izan dadin.
    • Eskaera epea: Deialdia argitaratzen den hurrengo egunetik hasi eta 20 egun natural.

ETXEBIZITZA

  • Alokairurako diru laguntzak: 81.400 euro (agortuko balitz, 20.000 euro gehiago bideratuko dira). Diru laguntza bakoitzaren zenbatekoa handitu da: hilabetean 250-300 euro bitarte ematetik, 300-350 euro bitarte ematera pasako da. Bizikidetza unitatearen errentaren arabera finkatuko da kopuru hori, hau da, progresiboa izango da. Gainera, onuradun gehiago izango ditu aurrerantzean: orain artekoez gain gain, Tolosan erroldatuta dagoen edonork ere eskatu ahal izango du, beti ere etxerik jabetzan ez badu, Etxebiden izena emanda badago eta beste erakundeetatik diru laguntzarik jasotzen ez badu.
    • Eskaera epea: urriak 15.
  • Etxebizitza hutsak eraberritu eta alokairu soziala sustatzeko: 70.000 euro (agortuko balitz, beste 70.000 euro gehiagorekin osatuko da poltsa). Diruz lagundu daitezkeen gastuak 2023ko urtarrilaren 1etik 2024ko irailaren 30a bitartean egindako eta amaitutako obrei dagokien gastuak dira, etxebizitza Bizigune programan sartzeko eta jabetzaren konturako obrak egiteko laguntza ekonomikoak dira. Diru laguntza handitu da: Alokabidek eskatutako obraren zenbatekoaren %50, gehienez 6.000 euro (lehen 4.000 euro), edo Alde Zaharrean dauden etxebizitzen kasuan, 12.000 euro (lehen 8.000 euro).
    • Eskaera epea: irailak 30.

HIRIGINTZA

  • Bizitegi eraikin kolektiboak birgaitzeko, sendotzeko zein irisgarritasuna hobetzeko eta etxebizitzak egokitzeko eginak dauden obrak diruz laguntzeko: 300.000 euro. Ia hirukoiztu egingo da helburu horretara bideratutako kopurua, 120.000 eurotik 300.000 eurora. Sei lerro ditu, elementu komun edo pribatiboen arabera sailkatuta. Berria da bat, katalogatutako eraikinak hobetzera bideratutakoa. Bada beste aldaketa esanguratsu bat: orain arte laguntza eskatzeko obra baimena izatea eskatzen zen; aurrerantzean, aldiz, obrak amaituta egon beharko du eta, besteak beste, obra amaierako ziurtagiria eskatuko da. Obra horiek 2023ko urriaren 16tik 2024ko urriaren 15era bitartean egindakoak izango dira.
    • Elementu komunetan egindako obrak:
      • Irisgarritasuna hobetzeko instalazio eta obretarako. Igogailurik ez duten eraikinetako igogailuak, arrapala eta plataformak, eskaileren aldaketa…
      • Inguratzailearen energia-eraginkortasuna hobetzea (teilatua edo fatxada). Lehen banatuta zeuden bi deialdiak, eta orain lerro bakarrean batu dira.
      • Eraikinaren egiturazko elementuak sendotzeko: forjatuak, karga-hormak, portikoak, segurtasuna, agente xilofagoen aurkako esku hartzeak…
      • Katalogatutako eraikinen inguratzailea eta fatxadako elementuak hobetzea: Zurezko begiratoki edo balkoiak zaharberritu edo ordeztea; akaberak zaharberritzea; fatxadako baranda, apaingarri edo dekorazio elementuak zaharberritzea; fatxaden gainazala konpontzea; kanpotik igarotzen diren instalazio komunak (kableak) berritzea, berrantolatzea edo ezkutatzea.
    • Elementu pribatiboetan egindako obrak:
      • Kanpoko arotzeria aldatzea: Energia eraginkortasuna eta isolamendu akustikoa hobetzen dutenak.
      • Mugikortasun mugatua duten pertsonen eta 65 urtetik gorakoen etxebizitzak egokitzeko. Komuna, igarotzeko ateak; argi, ur eta gas sentsoreak…).
  •  
    • Eskaera epea: azaroak 15.

GIZARTE ZERBITZUAK

Gizarte zerbitzuen eta osasunaren arloko Tolosako irabazi-asmorik gabeko entitate edo elkarteentzat. Proiektuaren edota eskatzailearen izaeraren arabera, lau lerrotan sailkatzen da laguntza. Kasu gehienetan justifikaziorako epea luzatu da oraingoan: 2025eko martxoaren 31ra arte.

  • Gizarte Zerbitzuen eta osasunaren arloan jarduerak sustatzeko: 54.000 euro. Onuradunen artean aldaketa bat sartu da, Tolosan egoitza izan ez arren, beste lekuren batean 20 tolosar baino gehiagori arreta ematen dieten elkarteek ere jaso ahal izan dezaten laguntza hau. Urte osoko programak garatzeko laguntzaren gehieneko kopurua 6.000 eurokoa da. Ekintza puntualak antolatzeko laguntza, berriz, handitu egin da: 500 eurora.
  • Elkarteen mantenu gastuetarako diru laguntzak: 10.500 euro. Tolosan egoitza duten irabazi-asmorik gabeko elkarteek eska dezakete laguntza hau. Gehieneko kopurua igoko da aurten: 1.200 eurora.
  • Larrialdi-egoeretan proiektu eta ekintza humanitario puntualak egiteko: 8.500 euro. 2024ko urtarrilaren 1etik 2025eko irailaren 30era bitarte gauzatutako ekintzak dira diruz lagunduko direnak. Orain arteko ezaugarri berak izango ditu deialdiak. Aldaketa bakarra justifikazio epeari dagokiona da, 2025eko irailaren 30a arte luzatuko baita.
  • Gobernuz kanpoko erakundeei eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei, garapen bidean dauden herrialdeetan lankidetza proiektuak egiteko: 30.000 euro. Garapen proiektuak egiteko bi urtez behin argitaratzen den deialdia da. 2024ko urtarrilaren 1etik 2025eko irailaren 30era bitarte gauzatutako proiektuak aurkeztu ahal izango dira. Justifikazio-memoria 2026ko martxoaren 31rako aurkeztuko beharko da.
    • Eskaera epea: deialdia argitaratzen den hurrengo egunetik hasi eta 20 egun natural.
  • Diru laguntzak nazioarteko lankidetzan boluntarioki dihardutenentzako: 2.500 euro. GKE edo irabazi-asmorik gabeko elkarteren batekin hitzartuta boluntario lanak egitera doazen pertsonei zuzenduta dagoen diru laguntza da. Orain arte bidaia-gastuak eta txertoak ordaintzen ziren; bada, aurrerantzean ostatua ere ordaintzeko emango dira laguntzak, pertsonak berak ordaindu behar izan baditu egonaldian zehar. Laguntzaren gehieneko kopurua ere handitu egin da, 600 eurotik 800 eurora.
    • Eskaera epea: Deialdia argitaratzen den hurrengo egunetik hasi eta 20 egun natural.

BERDINTASUNA

  • Emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatzen duten elkarteentzako: 10.000 euro. Berdintasuna sustatzeko proiektu, programa eta ekintzak antolatzeko ematen den laguntza da. Diru laguntzaren poltsa handitu da, eta 10.000 euro banatuko dira, hau da, 2.000 euro gehiago. Laguntza bakoitzaren gehieneko kopurua ere altuagoa izango da, 2.500 eurokoa da muga.
    • Eskaera epea: deialdia argitaratzen den hurrengo egunetik hasi eta 30 lanegun.

KULTURA

  • Programa eta jarduera kulturalak egiteko laguntzak: 17.000 euro. Irabazi-asmorik gabeko kultur-elkarte eta pertsonei zuzenduta dago, programa eta jarduera kulturalak antolatzeko. Balorazio irizpideak guztiz aldatu dira, puntuazio hori ahalik eta era objektiboenean egin ahal izateko. Besteak beste, euskararen sustapena gehiago lehenetsiko da. Gainerakoan, laguntzaren kopurua eta onuradunak mantentzen dira.
    • Eskaera epea: deialdia argitaratzen den hurrengo egunetik hasi eta 20 lanegun.

GAZTERIA

  • Gazteriarekin lotura duten programa eta jarduerak laguntzeko: 21.000 euro. Urteko programazioa lantzeko, elkartegintza sustatzeko, prestakuntzarako, egitasmo puntualak sortzeko edota materiala erosi edo berritzeko banatzen dira laguntza hauek. Aurreko deialdiekin alderatuta, ez dago aldaketarik.
    • Eskaera epea: deialdia argitaratzen den hurrengo egunetik hasi eta 20 lanegun.
  • Gazte Informazio Guneak (GIG) kudeatzeko diru laguntzak: 4.000 euro. Gazteek udalaren informazioaren zabalkundean parte hartzen laguntzeko beka sistemako laguntzak dira, beraiek gehien erabiltzen dituzten kanalak erabiliz lan hori egin dezaten. Guztira zortzi beka banatuko dira. Aurreko deialdiekin alderatuta, ez dago aldaketarik.
    • Eskaera epea: deialdia argitaratzen den hurrengo egunetik hasi eta 20 lanegun.

MERKATARITZA

  • Berriz Tolosa: negozioen arteko eskualdaketa sustatzeko: 45.000 euro. Helburua da enpresa baten eskualdaketa egin, eta Tolosako negozio baten ardura hartu nahi duten pertsonei laguntzak ematea, alokairu edo lokalaren erosketa gastuetarako. Alokairu gastuetarako 25.000 euro bideratuko dira; erosketa gastuetarako, berriz, 20.000 euro. 2023ko urriak 15aren eta 2024ko abuztuaren 31ra bitarteko eskualdaketak lagunduko dira. Hortik aurrerakoak hurrengo deialdian sartuko dira. Hiru urterako dira diru laguntzak, hau da, onuradunek hiru urtez jasoko dute laguntza.
    • Eskaera epea: abuztuak 31.
  • Ekin: Tolosan enpresaritza ekimen bat abiarazteko: 80.000 euro. Helburua da Tolosako hiri-ekonomiako sektoreren batean enpresa-ekimen bat abiarazten duten pertsonei edo entitateei laguntzak ematea lokalen alokairu, erosketa eta birgaitzerako. Birgaitzeak Alde Zaharrean kokatuta dauden saltokietan bakarrik lagunduko dira. Guztira, 20.000 euro bideratuko dira birgaitze eta erosketa gastuetara. Alokairu gastuetara, aldiz, 60.000 euro. Kasu honetan ere 2023ko urriak 15etik 2024ko abuztuaren 31ra bitarte martxan jarritako enpresak lagunduko dira. Hortik aurrerakoak hurrengo deialdian sartuko dira. Hiru urterako dira diru laguntzak, hau da, onuradunek hiru urtez jasoko dute laguntza.
    • Eskaera epea: abuztuak 31.

GARAPEN EKONOMIKOA ETA ENPLEGUA

  • Lehiakortasun programarako: 15.000 euro. Tolosan eta Apatta industriagunean kokatutako enpresen garapen esperimentalei, prototipoen egintzari eta soluzio edo zerbitzu berritzaileei bultzada ematen dieten proiektuak laguntzeko dira. Iazko deialdiarekin alderatuta ez da aldaketarik.
    • Eskaera epea: deialdia argitaratzen den hurrengo egunetik hasi eta 30 egun natural.

KIROLAK

Lau lerro dira. Horietako bat berria da, kirol instalazioen grebaren eragina arintzeko sortu dena. Bosgarren lerro bat ere argitaratuko da aurki, eskolen igeriketa kanpainarena. Kasu guztietan, eskaerak eta memoriak aurkezteko epea gehiago luzatu da, irailaren 15era arte.

  • Kirol elkarteen urteko jardueretarako eta egiturak sendotzeko: 18.000 euro. Irabazi asmorik gabeko kirol-klubei bideratutako laguntza da, haien ohiko jarduera eta funtzionamendua garatzeko.
  • Eskola Kirolaren kudeaketarako egitura espezifikoak sortu eta garatzeko: 50.000 euro. Tolosako ikastetxeei edo guraso-elkarteei eskola-kiroleko jardueren kudeaketa eta arreta hobetzeko egitura egonkorrak sortzeko eta garatzeko ematen dira laguntza hauek.
  • Kirol-jarduera bereziak antolatzeko: 10.000 euro. Tolosan 2024an zehar kirol-jarduera bereziak antolatzeko laguntza da. Gehienez ekitaldi horren aurrekontuaren %60a laguntzen da. Eskaera epea irailaren 15ean amaituko da; justifikazio-memoriak aurkezteko epea, kasu honetan, abenduaren 31ra artekoa izango da.
  • Tolosako kirol-klub eta taldeei kirol-instalazioetako grebak izandako eraginagatik ezohiko diru laguntzak: 50.000 euro. Usabal itxita egon zen garaian kirol taldeei sortutako ondorio ekonomikoak konpentsatzeko laguntzak dira. Herritik kanpoko instalazioak erabili behar izateagatik sortutako gastuak (desplazamenduak, erreserbak…) edota kirol eskoletan galdutako parte hartzaileen ondorioz kuotetan izan duten galera sartzen dira laguntzaren barruan.
    • Eskaera epeak: irailak 15.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!