Larrialdietarako formazioa eskaintzen duen HCA enpresako zuzendaria da Heiko Callens (Tolosa, 1997) eta zuzendariordea, berriz, Yeray Arakistain (Zumarraga, 2002). Euren lanaren inguruko argibideak eman dituzte.
Nondik datorkizue larrialdietan aritzeko interesa?
Heiko Callens: Larrialdien mundutik nator ni. Beti izan dut buruan larrialdien inguruan sakontzeko eta proiektu bat sortzeko gogoa. Pandemiarekin geldialdi handia izan nuen eta erabat utzi zuen buruan nenbilkien asmoa. Tarte horretan suhiltzaile pribatu bezala aritu nintzen, eta baita anbulantzietan ere, Yerayrekin batera. Duela ia bi urte, ideia berreskuratzeko bultzada bikoteak eman zidan. «Zergatik ez diozu ekiten berriro?», esanez animatu ninduen. Horrela jarri genuen martxan HCA. Nire izenaren inizialak jarri nizkion, Heiko Callens Atxaga.
Zer-nolako zerbitzuak eskaintzen dituzue?
Callens: Nagusiki lehen sorospenetako ikastaroak ematen ditugu, erreanimaziokoak ere bai, eta suteen aurkakoak. Horiek dira gure adar garrantzitsuenak. Guk garrantzia berezia ematen diogu materialari eta inbertsioa arlo horretan egiten dugu. Iruditzen zaigu garrantzitsua dela gero larrialdietan erabiliko den materiala aurrez eskutan erabiltzea.
Yeray Arakistain: Guk ez dugu manta termikoa zer den azaltzen eta listo, manta termikoa atera eta ikastaroan parte hartzen dutenek ukitu eta nolakoa den ikusten dute. Praktikoak eta dinamikoak izaten dira gure ikastaroak.
Callens: Arlo guztiak zaintzen ditugu. Larrialdietarako erabiltzen diren eskularruak ezin dira edozein motatakoak izan. Ikastaroetan, jantzarazi egiten dizkiegu ikasleei jakin dezaten zeintzuk diren euren tamainakoak eta zeintzuekin egin dezaketen lan behar den bezala.
Jende asko al zabiltzate lanean?
Callens: Lantaldea beharren arabera moldatzen dugu. Formazioak edo bestelako eginbeharrak ordu berean egokitzen bazaizkigu, bikoiztu egiten dugu plantilla. Lan poltsa bat badugu eta lanerako larrialdietan adituak diren pertsonekin kontatzen dugu.
Zein beste zerbitzu eskaintzen dituzue zuen enpresan?
Callens: Formazio saioetara materiala eramaten dugunez, askok galdetu izan digute non erosi ditzaketen horrelakoak. Jende askok Interneten edo toki ez oso fidagarrietan erosten ditu larrialdietarako materialak. Demagun tornikete bat egiten hasten garela eta puskatu egiten zaigula indar pixka bat egiterakoan. Horregatik pentsatu genuen gu hasi gintezkeela material hau hornitzen. Badugu ezagupena, beraz, gure beste adarretako bat da hornitzailearena.
Arakistain: Hainbeste material edukita irtenbide bat ere eman nahi diogu honi guztiari eta inguruko eragileen eskura jarri. Material erreala da, balio duena egoera askotarako.
Callens: Esate baterako, uholdeak daudenean ura xukatzeko tresnak dauzkagu. Hemen inguruan ekitaldi asko antolatzen dira. Izan daitezke lasterketak edo festa jendetsuak. Horrelakoetan larrialdi planak eskatzen zaizkie antolatzaileei eta guk plan horiek diseinatzen laguntzen dugu. Arriskuen analisi bat egin eta prebentziorako beharrezkoak diren baliabideak proposatzen dizkiegu bezeroei: koordinazio eta segurtasunerako walkie-talkieak, seinaleztapenerako tresnak, argiztapenerakoak... Beharrezkoak diren baliabide material eta pertsonalak jarri ditzakegu, edo bestela, bitartekari lana egin beste batzuk zerbitzu hori eskaini dezaten. Koordinazioa eta logistikaren adarra da hau HCA enpresaren barruan.
Zer-nolako bezeroak izan dituzue orain arte?
Arakistain: Formazioaren arloan ikastetxeetan, udaletxetan eta enpresatan aritzen gara gehienbat. Haien beharren arabera moldatzen dugu kurtsoaren luzapena. Eta gero, prebentziorako planak egiten dituzten enpresen bidez sartzen gara, nagusiki, lantokietara.
Callens: Toki bitxietatik ere deitu izan digute. Film baten grabaziorako kontratatu gintuzten Bizkaian. Itsas zabalean filmatu zuten pelikula, eta filmaketan parte hartzen ari zirenei itsasoan larrialdiren bat gertatuz gero nola mugitu azaltzeko ikastaro bat eman genien. Ni urpekari profesionala naiz eta zerbitzu horiek ere ematen ditugu eskatuz gero.
Arakistain: Zerbitzu batzuk ere doan egiten ditugu. Tolosako erreka garbiketan parte hartzeko asmoa dugu, adibidez, eta gure baliabideak eskainiko ditugu garbiketarako.
Murphy legearen inguruko ohar bat duzue zuen egoitzaren sarreran. Zergatik?
Arakistain: Ikastaroetan beti egoerarik okerrenean jartzen zaizkigu ikasleak. «Eta hau gertatuko balitz? Estaldurarik ez badugu mugikorrean? Errepide bazterrean kamioi batek eztanda egiten badu?». Horrelako egoerekin etortzen zaizkigu maiz. Guk esaten diegu hori bera dela Murphyren legea. Zerbait gaizki joan badaiteke, hala joango da.
Yeray Arakistain: «Muturreko egoera bat gertatu arte nola erreakzionatu jakingo ez dugunaren ustea aldatu nahi dugu»
Callens: Hori larrialdi kasuetan askotan gertatzen da. Muturreko egoeran zaude eta ingurunea aldakorra denez edozer pasa daiteke. Beti eduki behar duzu buruan B plana eta Murphyren legea betetzen bada, badaezpada, baita C plana ere.
Heiko Callens: «Beti eduki behar duzu buruan B plana eta Murphyren legea betetzen bada baita C plana ere»
Lehen sorospeneko ezagutzak izan beharko genituzke denok?
Callens: Bai. Azken batean desfibriladoreak kalean geroz eta gehiago daude. Eraikin publikoetan eta baita etxebizitza pribatuetan ere. Berdina gertatzen da su-itzalgailuekin, ia bazter guztietan daude. Tokatzen bazaigu, hauek nola erabili jakitea garrantzitsua iruditzen zaigu.
Arakistain: Inguruan badugu material hori, eta iruditzen zait hauen inguruko jakintza derrigorrezkoa izan beharko litzatekeela. Saiatzen gara ikastetxeetan, gazteen artean jakintza hori transmititzen. Lehen sorospenak denok eman ditzakegu, akaso, gero larrialdietako esku hartzeak profil teknikoagoa eskatzen du. Prestakuntza handiagoa.
Callens: Otsailean Valentzian izan zen sute handi horren ondoren nabaritu genuen jende dezente gerturatu zela gurera informazio eske. Horregatik esaten dugu garrantzitsua dela aurretik egoera horiek prebenitzea. Horrelako egoera batean, jendea biluzik geratuko balitz bezala da, askok ez dakite zein den euren izena, ez dakite nora hots egin behar duten, zein lekutan dauden... Puntu horretara iristen garenerako ezagutza batzuk izatea oso gomendagarria da.
Arakistain: Esaerak dio muturreko egoera bat gertatu arte ez dakigula nola erreakzionatuko duen geure buruak. Guk uste hori aldatu nahi dugu. Prestatu dezakegu geure burua egoera horietara ahalik eta ondoen iristeko.
Zer behar da larrialdietan lan egin ahal izateko?
Callens: Zuhurtziaz jokatzea garrantzizkoa da. Arrisku guztiak ez dira aurreikusgarriak, ez dira denak hautematen. Gas guztiek ez dute usaintzen, adibidez, eta arriskua nabaritu ez arren, gasa ibili badabil. Beti erne egon eta ekin aurretik ondo-ondo aztertu behar da egoera.
Arakistain: Gero, indartsu eta fisikoki egoera onean egotea komeni da. Pisu handiarekin ibili behar izaten dugu askotan eta toki zailetara iristeko arin mugitu behar izaten da. Zaintzea beharrezkoa da.
Zenbateraino da garrantzitsua larrialdi egoera batean lasaitasuna mantentzea?
Callens: Garrantzitsua da, bai. Kasurik txarrenean jarrita, pertsona bat erreanimatu behar baduzu, eta lanean hasi aurretik minutu bat hartzea beharrezkoa ikusten baduzu, hartu lasai. Buelta erdia eman, sakon arnasa hartu, lasaitu eta orduan ekin lanari. Denbora hori galtzea hobea da askotan, eroa bezala pausoak jarraitu gabe dena batera egitea baino.
Arakistain: Nik bokazioa edukitzea garrantzizkoa ikusten dut, baita ere. Egoera nahiko okerrak tokatzen zaizkigu lanbide honetan, eta horiek asimilatzeko barrena behar da. Gustuko izan beharra daukazu mundu hau. Badago jendea anbulantzietara lanera sartu eta astebete ere irauten ez duena.
Ausarta izan beharra dago?
Arakistain: Ausardia apur bat beharrezkoa dela esango nuke.
Callens: Bai, egoera moldatzeko gaitasuna eduki behar duzu. Uneren batean, egoerak horrela eskatzen badizu, altuera handietara igo beharko duzu eta horretarako prest egon behar duzu. Kikildu gabe, segurtasunarekin beti, baina aurre egin behar diogu situazioari.
Non eskaintzen dituzue zuen zerbitzuak?
Callens: Gure inguruan aritzen gara gehienbat. Gipuzkoan, batez ere, baina Bizkaian, Araban eta Nafarroan ere ibiltzen gara, baita Errioxan ere. Gure metodologia gustagarria denez eta materiala eskura jartzen dugunez, toki gehiagotatik deitzen hasi zaizkigu azken aldian.
Zuen bulego nagusia Tolosako Larramendi kalean dago. Toki egokia da horretarako?
Callens: Bai. Gipuzkoaren erdigune xamarrean gaude. N1 errepiderako sarbidea bertan dugu eta ondo komunikatuta gaude.
Arakistain: Duela pare bat hilabete zabaldu dugu Larramendiko egoitza. Aurretik Amarotz auzoan eta Ibarran ere egon izan gara, baina gure lanerako toki aproposagoa iruditzen zaigu hau. Azkeneko ukituak ematea falta zaigu, baina egokia da. Formazio saioak ere eskaintzen ditugu hemen gure lokalean.
Zer esango zeniekete Tolosaldeko herritarrei?
Callens: Animatzeko lasai asko, eta larrialdien inguruko edozein kontsulta badute gerturatzeko gugana. Galdetzeko lasai eta argituko dizkiegu zalantzak.