Saralegi eta Regillaga, brontzea Europako Judo Txapelketan

Ataria 2024ko eka. 19a, 11:57

Judo Klub Tolosako bi bikoteak lehiatu dira senior mailan. Unai Saralegi eta Unai Regillaga hirugarren izan dira, eta Joseba Regillaga eta Joseba Etxarri ez dira finalera pasa.

Judo Klub Tolosako bi bikoteak izan berri dira Nage No Kata modalitateko Europako Judo Txapelketan. Unai Saralegik eta Unai Regillagak brontzezko domina lortu dute, eta Joseba Regillagak eta Joseba Etxarrik ezin izan dute finalerako sailkatu, senior mailan parte hartzen duten lehenengo Europako Txapelketan.

Finalera sailkatzeko bi multzo zeuden, eta bikote bakoitza talde batean zegoen. Multzo horretatik lehenengo hirurak pasatzen ziren finalera. «Gure kasuan multzo zailena ez zitzaigun tokatu, eta pentsatzen genuen gure lana txukun eginez gero, finalera pasako ginela», esan du Unai Regillagak, eta horrela izan zen, beren multzoan bigarren sailkatuz. «Multzo errazagoa tokatzean, lasaitu ordez presio handiagoa sartu zitzaigun, baina ondo atera zitzaigun lana eta aurrera egin genuen», esan du Unai Saralegik.

Regillagak eta Etxarrik osatutako bikoteak ezin izan zuen finalera sailkatu. «Gure lehenengo urtea izan da senior mailan, eta lehiakortasuna eta behar den kata maila asko igo da, eta hori nabaritu dugu. Asko hobetu behar dugu eta askoz gehiago landu behar dugu», esan du Etxarrik. Beren multzoan zortzigarren geratu ziren.

Beteranoen eta seniorren mailak bateratuta zeuden, eta finalean maila handia zegoela azaldu du Saralegik: «Europa eta munduko txapelketetan dominak lortutako bikoteak geunden, Munduko Txapelketako final baten antzekoa izan zen». Zozketan hirugarren ateratzea tokatu zitzaien; alemaniarrak atera ziren lehenengo, ondoren Extremadurako (Espainia) bikotea, eta hauek atzetik jarri ziren. Saralegi eta Regillaga atera ziren ondoren, eta bien tartean geratu ziren, behin behineko bigarren postuan. Azkenean Italiako bikotea sartu zen bigaren postuan, eta Judo Klub Tolosakoak hirugarren postuarekin geratu ziren. «Lehen eta seigarren sailkatuaren arteko tartea bakarrik hiru puntu eta erdikoa izan zen. Beraz, edozein akats txikik asko zigortu zezakeen, eta azken postuan utzi. Beraz, kontentu gaude lortutakoarekin», esan du Saralegik. Laugarren domina dute Saralegik eta Regillagak Europakoan, aurreko hiru aldietan zilarrezkoa lortu baitute.

Regillagak azaldu duenez, «ez da urte erraza izan, eta gure helburua finalera sartzea zen. Gero pentsatu genuen, behin finalean sartuta, ea aurreko urteko postua berdintzen genuen, baina zaila zegoen, eta azkenean hirugarren postua lortuta oso pozik». Saralegik gaineratu duenez, «gure izena ezagun egiten ari da Europa mailan, eta ikusten dugu jendeak errespetua digula. Arantzatxoa dugu Munduko Txapelketako final batera ez garela oraindik sartu, eta ea hori aurtengoan ateratzen dugun».

Hemendik aurrera, bi bikoteek Espainiako Txapelketa izango dute ekainaren bukaeran. Ondoren, irailean Europako Kopa bat izango dute Madrilen, urrian beste bat Alemanian, eta azaroan Munduko Txapelketa Las Vegasen (AEB).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!