Duela hiru bat urte iritsi zen Ximon Miren Izagirre Elizaranen (Tolosa, 1998) bizitzara. Ez omen zen «propio» bilatutako zerbait izan, baina hartzea erabaki izanaz pozik eta gogobeteta hitz egin du Izagirrek.
Zergatik erabaki zenuen txakur bat hartzea?
Egia esan, ez zen propio bilatutako zerbait. Momentu hartan ez zen gure asmoa txakur bat izatea: beste herrialde batean geunden, plan zehatzik gabe, egonkortasun handirik gabe... Bikoteak eta biok askotan hitz egin izan dugu txakur bat edo pare bat inguruan izateari buruz; gure planetan sartzen zen, baina etorkizunera begira.
Eta nola egin zenuten topo?
Kanpoan lanean ginela lagun batzuk egin genituen, zeinak etxalde moduko batean bizi ziren. Hamar bat txakur zituzten, eta gehiegi zirela-eta, ingurukooi galdetu ziguten ea baten bat nahiko genukeen.
Hasieran katu bat eskaini ziguten, beste hainbeste ere bazituzten-eta. Baina ordurako harreman ona genuen Ximonekin, eta sekulako kariñoa genion. Harengatik galdetu genion, baietz esan ziguten eta gehiegi pentsatu gabe, hartzea erabaki genuen.
Zein onura ditu txakur bat edukitzeak?
Oso kontu pertsonala da, azkenean, harremana aldatu egiten baita norberaren eta txakurraren arabera. Onura asko ditu: lehena, konpainia izugarria dela; baina txakurrek badute beste sentsibilitate bat ere, eta hori ere nabaritzen da. Badaki noiz zauden triste, noiz gaixo... Eta horietan badaki zer egin ere.
Horrez gain, guk jaso dugun beste onura bat da lasaitasuna. Aktibitate handia behar du, baina oso txakur lasaia da Ximon. Bikotean askotan hitz egin dugu lagundu izan gaituela lasaitzen; eta gauzak beste ikuspuntu batetik begiratzen estu edo korrika genbiltzanean. Eta hori, gaur egun, balio handiko zerbait da.
Tamaina dezentekoa du, nola eragiten du horrek?
Txakur handi samarra da, bai [barrez], baina ez du okupatzen. Esan nahi dut, zortzi kiloko txakur oso bizi batek asko gehiago okupatuko du, gure 50 kiloko Ximonek baino, oso lasaia baita.
Gertatu izan zaigu jendeak erreparo pixka bat ere edukitzea; lehen momentuetan, batez ere. Baina edozein lekutan lasai egoten daki: bai kalean, bai jendartean... Beraz, tamainak ez dauka eragin handirik.
Bizitza nomada samarra duzuela esan liteke. Nola moldatzen zarete txakurrarekin?
Lehen esan dut gehiegi pentsatu gabe hartu genuela Ximon gurekin Euskal Herrira ekartzeko erabakia. Bada, gutxi hori izan zen, hain zuzen, bagenekielako mugitu egingo ginela. Kezka sortu zigun txakur bat izateak ez ote gintuen gehiegi lotuko edo arazo bihur ote zitekeen. Baina, alde horretatik, oso erraz moldatzen da Ximon leku berrietara. Gaixoa asko mugitu dugu, baina ondo moldatu izan da.
Uste genuena baino askoz gutxiago eragin digu. Izatez, esango nuke ekarri ez bagenu urte hauetan egin dugun bera egingo genukeela, hau da, ez da muga bat izan. Furgonetan asko mugitu gara, eta hor ere oso ondo moldatu da. Orain pixka bat egonkortu gara leku batean eta, guk behar genuen bezala, nik uste berak ere behar zuela leku bat bere sentitu. Hara eta hona ibili gara, eta oso ondo moldatu gara; baina geratu izana ere oso ondo etorri zaigu, bai guri, bai berari.