Elkarrizketa

«Maskoten bizi-kalitatea hobea da; ondorioz, igo egin zaie bizi-itxaropena»

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko eka. 19a, 07:59

Mari Carmen Cayetano Larrarte andoaindarrak 17 urte daramatza Tolosako Ibaiondo Albaitari Klinikan lanean, eskualdeko maskotak osasuntsu mantendu eta beraien bizi-kalitatea bermatu asmoz. Urtetik urtera lana areagotu zaiela nabarmendu du.

Zer animalia ekartzen dizkizuete klinikara?

Batez ere, txakurrak eta katuak. Txorien eta narrastien kasuan, gutxi izaten dira hona ekartzen dituztenak, horien zaintzaz jabeak arduratzen direlako. Txakurren eta katuen kasuan, nahitaezkoa da azterketak egitea, txertoak eta mikrotxipak direla eta.

Eta zertarako dituzte?

Gehienek, konpainiarako. Zenbait txakurren kasuan, ehizarako edo artzaintzarako ere erabiltzen dituzte.

Tolosaldean 15 urtetik beherakoak baino txakur gehiago dago.

Pandemiaren ondorioz, maskota kopuruak nabarmen egin du gora, bakardadeak eta konpainia faltak bultzatuta. Txakurrak dezente ziren lehendik ere, baina azken urteetan, katuetan nabari da gorakada nabarmena. Batez ere, herritar gazteek izaten dituzte katuak, eta askok pentsatzen dute ez dutela lanik ematen, ez direlako kalera atera behar. Baina katuek ere zaintza on bat behar dute.

Gaur egun, herritarrek kezka handiagoa dute maskotekiko?

Bai. Joera asko aldatzen ari da. Geroz eta gehiago kezkatzen dira, eta hobeto zaintzen dituzte. Maskoten bizi-kalitatea hobea da orain; ondorioz, igo egin zaie bizi-itxaropena. Nabarmendu behar da ere maskotak hobeto zaindu ahal izateko baliabide hobeak ditugula gaur egun, eta ikerketetan ere aurrerapausoak ematen ari direla.

Hala ere, maskota bakoitzak bere zainketa beharko du, ezta?

Bai. Arrazen artean, edota arraza bereko maskoten artean ere, desberdintasunak izaten dira. Bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Jabe bakoitzak kontuan izan behar du etxean zer maskota mota duen, eta zein behar izaten dituen.

Zer da garrantzitsua maskota baten zainketan?

Espezie bakoitzak bere beharrak ditu, eta horiek ezagutzea ezinbestekoa da. Gaur egun, batez ere, obesitatea gaixotasun nabarmenetako bat da maskotetan. Ondorioz, ezinbestekoa da elikadura zaintzea eta ariketa fisikoa egitea.

Lege berria dela eta, zenbait aldaketa izan dira, eta txakur gehiago ekarri dituzte mikrotxipak eta amorruaren aurkako txertoa jartzera. Hala ere, aipatu behar da ezinbestekoa dela maskota bat tarteka albaitariarengana eramatea, azterketak egiteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!