Tolosan bizi diren Jon Irisarri leaburuarrak eta Yamila Chialvo argentinarrak oso gustuko dituzte txakurrak. Duela zortzi hilabete inguru hartu zuten etxean Richi, bederatzi urte inguruko galgo espainiarra; aurretik, Kira izeneko pug bat izan zuten.
Zein txakur duzue?
Galgo espainiar arrazako txakur ar bat daukagu, Richi izenekoa. Ez dakigu zehazki zenbat urte dituen, baina gure kalkuluen arabera, 8 eta 10 urte artean dituela esango genuke.
Zer dela eta hartu zenuten?
Betidanik eduki nahi izan dugu txakur bat etxean. Aurrez, pug arrazako Kira izenekoa izan genuen, baina hura hil egin zen. Pena handia hartu genuen, eta txakur gehiago ez edukitzea erabaki genuen. Beranduago, Galgo Leku Galgoen Erreskaterako eta Adopziorako Elkartearen bitartez, Richiren berri izan genuen; Zaragozan abandonatuta azaldu zen, zenbait zaurirekin eta oso argal. Pena handia sentitu genuen, eta ondo bizitzeko aukera eman nahi izan genion.
Zer ematen dizue?
Emozionalki sekulako konpainia. Egoera txarrenetan beti dago hor, eta maitasun handia ematen digu. Bestetik, ekarri genuenean zer egoeratan zegoen ikusita, nola hobetu duen ikustea zoragarria da. Orain, jolasten ikasten ari da. Azkenik, kalera atera eta txakur gehiago ezagutzeko aukera izaten du, eta guk, noski, jabe berriak ezagutzen ditugu.
Nolako jokabidea du eta nola zaindu behar izaten duzue?
Richik jokabidea markatua du. Galgoak, berez, txakur bakartiak dira, nahiko zozoak, eta horrez gain, Richi nahiko beldurtia da, tratu txarrak jasan zituelako. Lehen hilabeteetan berehala beldurtzen zen, ia edozerekin. Lan handia egin behar izan dugu, eta horretarako, hezitzaile baten laguntza izan dugu. Hobekuntza nabarmena izaten ari da orain eta, etxean nahiz kalean, lasaitasuna topatzen hasi da apurka.
Nola eramaten duzue aurrera etxeko elkarbizitza?
Gure familiako kide bat da Richi eta asko maite dugu. Berak markatzen du gure errutina, baina asko laguntzen gaitu. Etxean oso lasai egoten da, eta gutxienez hiru aldiz ateratzen dugu kalera. Mendira eta korrika egitera ere joaten gara berarekin. Gu kirolariak gara, eta beraz, alde horretatik ez daukagu arazorik, eta gustura egiten dugu. Horri lotuta, elikadura ere zaindu behar da.