Tolosaldeko ospitale publikoa

Osasun Sailari eskatu diote «argi eta garbi» azaltzeko zein den «alternatibarik egokiena»

Ataria 2024ko eka. 18a, 19:59

Elkarretaratzea egingo du TOPAk datorren asteko larunbatean, hilaren 29an; herritarrek informaziorik «ez jasotzea» salatu eta eskualdeak «zerbitzu guztiak» izango dituen ospitale publiko bat «behar duela» nabarmendu dute.

«Sailburuordeak berak onartzen du bereizmen handiko zentroa bakarrik ez dela nahikoa eskualdeko osasun beharrei erantzuteko», horrela hitz egin dute Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde (TOPA) plataformako kideek Osasun Sailak Tolosan eraiki asmo duen zentroaren inguruan.

Zer da, baina, bereizmen handiko zentro bat? Zalantza sor dezakeenaren jakitun, argitu egin dute bozeramaileek: «Espezialitateen anbulatorio eguneratua da; ez gehiago, ez gutxiago».

Haien hitzetan, «inposatutako zentro bat da» ez baitu bat egiten hamahiru urtez eurek eskatu dutenarekin, hots, eskualdeko ospitale publiko bat, zeina «hornituta» egongo den «zerbitzu guztiekin». Plataformako eledunek sailburuaren hitzak ekarri dituzte gogora: «Zentro horretan ez da egingo ospitaleratzea eskatzen duen ebakuntzarik, ezta ebakuntza traumatologiko handirik ere. Ez da egongo ospitaleratze eta azterketetarako plantako espezialitate medikoen ekiporik». Hari berari tiraka, nabarmendu dute EAEko gainerako eskualdeko ospitaleetan egiten direla halako ebakuntzak, eta badaudela halako ekipamenduak.

Erreferentziazko zentroa
Zentro berri hori nahikoa ez izatekotan, gehitu dute erreferentziazko beste ospitale publiko bat beharko lukeela eskualdeak eta, gaur egun, pribatua dela izendatuta dagoena: Asuncion Klinika. Zentzu berean, TOPAk nabarmendu du udalak, gizarte entitateak eta herritarrak «maiz» agertu direla horren aurka eta hainbat arrazoi ere ekarri ditu gogora: «Besteak beste, homologatu gabeko espezialistak dauzka eta ekipo medikoak falta ditu».

Aipatutakoak gainerako eskualdeen «pare ez egotea» dakar plataformako kideen iritziz eta uste dute herritarrek ez dutela informaziorik jaso Osasun Sailaren asmoen zein klinikako langileen etorkizunaren inguruan.

Irtenbiderako deia
Egoera konpontzera begira, TOPAren iritziz «komenigarriena» litzateke Osasun Saila, udalak, gizarte entitateak eta alderdi politikoak elkartzea «irtenbiderik egokiena» erabakitzeko. Eta hainbat konbinazio ere bota dituzte airera: «Bereizmen handiko zentroa eta Donostia Ospitalea? Eskualdean ospitale publiko bat eraikitzea? Asuncion Klinika publiko bihurtzea?».

Gaiaren harira elkarretaratzeko deia ere luzatu dute plataformatik. Datorren asteko larunbatean, hilaren 29an, izango da kontzentrazioa, 12:00etan, Tolosako Trianguloa plazan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!