Erabakiak hartzeko «gaitasun handiagoa» eskatu dio EAJk udal gobernuari

Ataria 2024ko eka. 17a, 19:34

Tolosako udal gobernuaren aldaketa eman zenetik urtebete igaro denean, EAJk azaldu du «pil-pilean» egon ziren gaiekin EH Bilduk zer egin asmo duen ez dakitela.

Urtebete igaro da Tolosako Udalean gobernu aldaketa eman zela, eta EAJk esan du «arrazoizko denbora» igaro dela lehen balorazioa egiteko udal gobernuaren jardunaren inguruan. Hala, «paralisira ez eramateko» erabakiak hartzeko «gaitasun handiagoa» eskatu dio EAJk udal gobernuari. «Azterketa integralak enkargatzeaz gain, oraindik ez dakigu zer egin nahi duen EH Bilduk orain urtebete pil-pilean egon ziren gai askorekin».

Alde Zaharraren inguruan, piztu zen «haserrea» eta «trapu gorrien mugimendua» gogoratu dute jeltzaleek. «Zumardi Txikiarentzat landu zen proiektuak harrotu zituen hautsak, baina batik bat, proiektu haren gauzatzeak suposatzen zuen aparkaleku galerak. Gaur, Zumarditxikiaren gaia ez dago Udal Gobernuaren agendan eta ziur gaude, legealdia amaitzean, kotxeek Zumarditxikian jarraituko dutela, espazio publiko hori berroneratzeko eta herri osoarentzat berreskuratzeko alderdi guztien arteko kontsentsua erabatekoa zen arren». Ildo horretatik, diagnostiko integralak eta epe-luzerako begirada «ponposoak» lantzea «ondo» dagoela esan dute, «baina paralisira eraman gaitzaketen analisi amaigabeetan nahastea ez zaigu komeni». Egungo egoera «iraultzeko» epe motzean ere erabakiak behar direla diote.

Zubi Berriaren inguruan, bestalde, duela urtebete «zalantzak eta kezkak astintzen» aritu izana gogoratu du EAJk: «Badirudi Tolosako EH Bilduk erreferentziazko adituak aldatu dituela gai honetarako udal hauteskundeak irabazi ostean. Badirudi Tolosako uholdegarritasuna aldatu egin dela urtebeteren buruan». EAJk adierazi du Eusko Jaurlaritzako Ura agentziako arduradunek «argi eta garbi» esplikatu zietela tolosarrei 2023. urteko udaberrian zubiaren ordezkatzeak herriari suposatuko liokeen onura. «Ez da ezertxo ere aldatu. EH Bilduren taktizismoak baldintzatu zuen orduan proiektuarekiko haien jarrera. Ez gatoz bat, inolaz ere, unean-uneko politika egiteko estilo honekin».

Aparkalekuen gaiari dagokionez, «soluzioak eta alternatibak» behar dituen gaia da EAJren ustetan, «baina, urtebete ondoren, ez dago ezer mahai gainean. Beste azterketa integral bat gauzatzen ari omen da udal gobernua. Bitartean, geroz eta zailagoa da herriko auzo batzuetan aparkatzeko tokia topatzea». Bada, EAJk esan du, aurreko udal gobernuak herriak dituen aparkaleku azpiegiturak «hobeto ustiatzeko» zituen proposamenak kaxoi batean gorde dituela udal gobernu honek.

Etxebizitzaren gaiari buruz, EAJk aipatu du udal gobernua, Tolosa «gune tenkatu» izendatzeko pausoak ematen ari dela. Baina, jeltzaleen ustez, «horrek ez dio soluzio magikorik eskainiko etxebizitzaren gaiari». EAJk dio, udal gobernuaren eskuetan «%100ean» dauden erabaki «gauzagarriak» badaudela, eta premiazko arreta eskatu dio gobernuari horiei begira: «gazteei zuzendutako Euskal Herri plazako etxebizitza erdiek baino gehiagok hutsik jarraitzen dute eta Udal Etxebizitza Azpisailean egiturazko arazoak onartu ditu publikoki Udal Gobernuak». Etxebizitza eskubidea bermatzen saiatzeko udalak dituen diru laguntza lerroei dagokienean, berritasunik ez dagoela ere aipatu du EAJk.
 
Usabal kiroldegia ere izan dute hizpide jeltzaleek. «Berriki jakin dugu baliogabetuak izan direla Tolosako kirol instalazioak kudeatzeko EH Bilduk iazko azaroan onartu zituen lizitazio berriaren oinarriak eta berriz ere zerotik ekin behar izango zaiola prozesuari. Beraz, puntu berean gaude, baina 6 hilabete beranduago». Bien bitartean, udal kirol instalazioetan premiazkioak diren inbertsioak gauzatu gabe daudela esan dute: «Berazubiko tenis pisten, Usabal futbol zelaiko itxitura sareen edota Berazubi eta Usabal kiroldegiko gimnasioetako makina askoren egoera premia horren erakusle argiak dira». Langileei dagokienez, 2020ko lan baldintzekin jarraitzen dutela adierazi dute, eta kudeatzailerik gabe dagoela kiroldegia nabarmendu dute.
 

Ospitale publikoaren inguruan, eskumen arrazoiengatik, erabaki batzuk ez daudela udalaren eskuetan adierazi dute. «Denok ulertzen dugu eskualdeko Ospitale Publikoaren gaia Eusko Jaurlaritzaren eskumena dela, Osasun Sailarena zehazki. Badago, aldiz, %100ean udal ardurakoa den gai bat, orubearen katalogazio urbanistikoari dagokiona, hori egikaritzea bai baita udalaren ardura bete-betean». Urtebete igaro dela eta oraindik ez dela gauzatu esan du EAJk. «Lehentasuna eman beharko lioke udal gobernu honek izapidetze urbanistiko horri». Ildo horretatik, «jarrera leial eta eraikitzailea» izatea hurrengo Jaurlaritzarekiko eskatu diote jeltzalek udal gobernuari, «unean-uneko politika alboratuz, eskualdeko Ospitale Publikoa ahal bezain lasterren errealitate izan dadin».

Bestalde, herriko merkataritzari buruz, «proposamenik ez» dagoela mahai gainean adierazi dute. «Hiri-ekonomiari lotutako erronkak ez dira nolanahikoak. Tokiko komertzioa sufritzen ari da, eta zein da EH Bilduren udal gobernu honek egin duen ekarpena gai honetan? Zein dira martxan ipini dituen berrikuntzak, programak, ekimen berriak edota diru laguntza lerroak urtebete luze honetan gai honi erantzun bat ematen saiatzeko? Labur esanda, ezertxo ere ez».

 

Larunbateroko azokaren inguruan, iazko ekainetik lau postu gutxiago daudela esan dute. «Kezkagarria da egoera. Zer egin du udal gobernuak joera iraultzen saiatzeko? Ezer konkreturik ez.». Aldi berean, BCC (Basque Culinary Center) eta HAZI Fundazioarekin udalak zuen elkarlana zergatik eten duten galdetu dute jeltzaleek. Eta, azoka berezietan, berritasunik ez dagoela azpimarratu dute. 

Udal zerga eta tasei buruz, EH Bilduk lehen «izoztea» proposatzen zuela esan du EAJk. «Aurten, baina, tasak eta zergak %5 igotzeko erabakia hartu du Tolosako Udalak, hain zuzen, orain Udal Gobernuan den EH Bilduren proposamenari jarraiki».

Azkenik, herria «txukun eta garbi» mantentzearen beharra nabarmendu dute jeltzaleek. «Behin eta berriz gogorarazi diogu  udal gobernuari erreparatu ziezaiola zaborren gaiari, batez ere tamaina handiko hondakinen bilketari, eta baita pintaden ugaritzeari. Gure eraikinetako fatxadak ez dira muralak. Ondarea babesteko lehenengo pausoa, daukagun hura zaintzea eta errespetatzea da, eremu publikoa denona dela ulertuz».

EAJk gogoratu du legealdi hasieran esan zutela oposizio «zorrotza eta eraikitzailea» egingo zutela, «proposamenetan oinarriturikoa, errespetutik betiere, baina exijentea udal gobernuaren jardunarekin» Bada, horretan ari direla eta jarraituko dutela datozen hiru urteetan ere esan dute, «hori baita tolosarren aurrean hartu genuen konpromisoa».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!