Haurren aisialdia hobetzeko sei proposamen

Ataria 2024ko eka. 18a, 07:58

Haurren Hiria egitasmoaren barruan, jokoak izan zituzten gaztetxoek Zumardiaundian.

Haurren Hiria proiektuaren barruan, Baso Eskolaren erabilera zabaltzea, parkeetan jarduerak antolatzea edota bere agenda izango duen espazio propioa izatea proposatu dute gaztetxoek.

Joan den astean burutu zen Haurren Hiria proiektuaren ikasturte amaierako saioa. Haurrei hitza eman eta haien ikuspegia politika publikoetan txertatzea helburu duen proiektuaren 10. edizioa izan da aurtengoa, eta 8 eta 12 urte bitarteko 42 ikaslek osatu dute Tolosako Haurren Kontseilua. LH 3, 4, 5 eta 6ko hamalauna ordezkari, ikastetxe bakoitzeko, adin, genero, bizitoki eta jatorriaren artean oreka mantenduta.

Haurren aisialdia aztertu dute aurten, eta horretarako lan-saio batzuk egin dituzte ikasturte osoan zehar. Saio horietako bakoitzean beste leku batzuetako esperientziak ezagutu dituzte adituen eskutik, eta gero ordezkari bakoitzak bere ikaskideekin elkarbanatu ditu jasotakoak. Familiekin ere egin dira lan-saioak. 

Sei proposamen

Landutako guztiarekin, Tolosan haurren aisialdia nola hobetu daitekeen pentsatu dute. Haurren Kontseiluko zenbait gaztetxok, udalbatzako zinegotzien eserlekuak hartu eta osoko bilkura baten ereduari jarraituz, aurten egindako lanaren berri eman zieten iragan astean udal ordezkariei. Hain zuzen, sei proposamen helarazi zizkieten alkateari eta zinegotziei. 

  • Baso Eskolaren erabilera zabaltzea
  • Herriko parkeetan ekintzak antolatzea, parkeetan hezitzaileak jarrita.
  • Orientazioa lantzeko ekintzak antolatzea, mendira txangoak eginda.
  • Herriko kirol instalazioetan hobekuntzak: kirola egiteko leku guztietan takilak jartzea, txirrindulari proba herrikoia antolatzea haurrentzat (mendirako edo errepiderako)...
  • Kirol berriak ezagutu eta txapelketak antolatzea.
  • Bere agenda izango duen espazio propio bat izatea haurrentzat: antzerkia, musika emanaldiak, bideo-jokoak, liburuak, sukaldaritza tailerrak, ipuin-kontaketak...

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!