Tolosan irisgarritasuna bermatzeko 12 urteko ekintza plana aurkeztuko dute asteazkenean

Ataria 2024ko ekainaren 17a

Tolosako Irisgarritasun Plana eguneratzeko hirugarren saio irekia egingo dute, 17:00etan, udaletxeko batzar aretoan. Interesa duen herritar eta eragile orori dago zuzendua.

Urtarrilaz geroztik Tolosako Udala Irisgarritasun Plana berrikusi eta eguneratzeko lanean ari da. Egun indarrean dagoen plana orain 20 urte sortu zen, eta egungo zein etorkizuneko errealitate eta beharretara egokitzea da helburua. Prozesuan zehar informazio saio irekiak egin dira, eta herritar eta eragileei ekarpenak egiteko aukera eman zaie. Asteazkenean, hirugarren saioa egingo dute, orain arte egindakoa aurkezteko.

Lehen saioan prozesuari buruzko informazioa azaldu zen; bigarrenean, berriz, diagnosiaren inguruko azalpenak eman eta herritarren eta eragileen proposamenak jaso ziren. Hirugarren saio honetan, diagnostikotik abiatuta, irisgarritasuna bermatzeko 12 urteko ekintza plana aurkeztuko du udalak. 

Asteazkeneko saioa ere irekia izango da. 17:00etan izango da udaletxeko batzar aretoan, eta gaiarekiko interesa duen herritar edota eragile oro dago parte hartzera gonbidatuta.

Irisgarritasun Planaren berrikuspen eta eguneraketa lau esparrutan oinarrituta dago: erabilera publikoko eremuak, garraioa, komunikazioa eta eraikin publikoak. Prozesuaren inguruko informazio guztia eskura dago Partaidetza.tolosa.eus webgunean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!