Tolosako Trianguloa plaza festa batean bihurtu da, ehunka mendi korrikalari iritsi baitira gaur jokoan izan dira bi probetan. T3T mendi maratoian emakumezkoetan Oihana Zubillaga anoetarra izan da irabazlea (5.13.06), eta ondoren sailkatu dira Itxaro Zabaleta leitzarra (5.18.31) eta Maria Zorroza gernikarra (5.27.43). Laugarren postuan sartu da Zarautzen bizi den Nerea Amilibia zizurkildarra (5.38.26) eta bosgarren postuan Irene Iturria bidaniarra (5.15.41). Gizonezkoetan Ibarran bizi den Iñigo Uribeetxebarria legazpiarra izan da garailea (4.17.03), eta bere ondoren oso gertu Ander Amonarriz hernaniarra (4.17.47) helmugaratu da; hirugarren postuan Adur Mendizabal zaldibiarra (4.21.47) iritsi da. Tolosaldeko lehenengo emakumezkoaren saria Zubillagak jaso du, eta gizonezkoaren saria sailkapen orokorrean seigarren izan den Aitor Sanchez ibartarrari eman diote (4.31.13). Herniora lehenengo iristen zirenak tarteko helmugaren saria zuten, eta probako irabazle berberak izan dira: Oihana Zubillaga eta Iñigo Uribeetxebarria.
Oihana Zubillagarentzat «gogorra» izan da proba: «Sufritu dut, baina gero garaipena lortzerakoan satisfazioa bikoitza da». Bere erritmoan joan da eta Herniora igo eta jaitsi nahiko gustura egin duela azaldu du. «Jaitsieran hanka azpiak pixka bat erretzen hasi zaizkit, baina Irura bitartean nahiko gustura joan naiz». T2Tn podiuma egina du Zubillagak, baina irabazi behin ere ez, beraz, anoetarra izanik T3T proba irabazteak «ilusio berezia» egiten diola esan du. «Zegama-Aizkorri mendi maratoian oso sentsazio onak izan nituen, eta gaur nire asmoa orduan bezala disfrutatzea zen. Banekien eguraldi iragarpenekin zailago izango nuela, eta azkenean sufrituta baina oso pozik lortutakoarekin».
Uribeetxebarriak azaldu du «sekulako ilusioa» egiten dion txapela dela, orain hiru urte Ibarran bizi delako: «Nire etxe ondoko mendiak dira, nire etxeko lasterketa da nolabait, eta oso pozik nago irabazi dudalako». Lehendabiziz irabazi du proba, eta «izugarri sufritu» duela esan du: «Bero asko egin du, eta Erroizpe puntaraino Ander Amonarriz eta biok batera joan gara. Hor, beherakoan, erasoa jo dut, eta pixka bat atzean utzi dut; eskerrak, Tolosako kaleetan esprinta egiten imajinatzen nuelako neure burua, eta asko urduritzen ninduen ideia horrek». Erroizpe ezagutzen du Uribeetxebarriak, eta ihes egiten lagunduko ziola uste du. Bere aldetik, Aitor Sanchezek gustura amaitu du gaurko proba, egindako denbora espero zuenaren barruan izan delako: «Hasieran ondo joan da proba, erregulatzen joan naiz, eta gero Belabietatik behera bero egin du eta hor sufritu egin dugu. Lartetik behera nahiko lan izan dugu erritmoa eustearekin, baina lortu dugu eta gustura egindakoarekin».
Ibai Madina, bigarrenez irabazle
Bigarren aldiz irabazi du Tolosan bizi den Ibai Madina berrobitarrak T2T lasterketa. Aurtengoan 2.09.55 egin du, eta bigarren helmugaratu den Josu Urrestarazu idiazabaldarra hiru minutu eta erdira utzi du (2.13.27). Hirugarren izan da Beñat Ibañez zumarragarra (2.14.39). Hurrengo hiru sailkatuak eskualdekoak izan dira: Iosu Elola bidaniarra (2.15.50), Urko Arizeta asteasuarra (2.16.15) eta Eneko Morales tolosarra (2.16.25). Emakumezkoetan Ainara Urrutia aretxabaletarra nagusitu da (2.29.03), bigarren Ainhoa Intxausti segurarra (2.36.12) izan da eta hirugarren Ainhoa Garikano tolosarra (2.40.15). Laugarren postuan Laiane Arrospide tolosarra helmugaratu da (2.46.02).
Ibai Madinak 2019an irabazi zuen aurreneko aldian. Gaurkoan gustura abiatu da, «nahiko fresko» zegoelako: «Bakarrik geratu naiz Uzturrera bidean, eta gero nire karrera egin dut, inork ez dit pasa eta gustura geratu naiz». Aurkarien erreferentziak izan ditu, baina «estutu» egin behar izan duela zaldu du: «Pistoia jaisten baduzu, atzetik harrapatzen zaituzte. Hala ere, distantzia pixka bat baldin baduzu, aukera duzu atseden pixka bat hartzeko». Egun Tolosan bizi da Madina, eta gustura hartu du bigarren aldiz irabazi izana. Ainara Urrutia «oso pozik» azaldu da garaipenarekin: «Aurreikuspenik gabe nentorren, ez nuen ezagutzen zonalde hau, baina hasieratik hartu dut nire erritmoa, oso gustura joan naiz eta asko disfrutatu dut». Ainhoa Garikanorentzat «sekulakoa» izan da podiuma egitea T2T proban: «Ez nuen espero hirugarren amaitzea. Ezagutzen ditut bideak eta gustura joan naiz, baina momentu batetik aurrera kalanbreak izan ditut. Jendeak asko animatu nau eta oso eskertuta nago. Lartetik aurrera ezin nuen, baina ez dakit nondik atera ditudan indarrak eta iritsi naiz».