Felipe Noguerak eraman du Tolosa Herria argazki lehiaketako lehen saria

Ataria 2024ko eka. 15a, 15:31

Txapelketan 171 egilek hartu dute parte eta, guztira, 660 argazki aurkeztu dituzte; Tolosaldeko Txapelduna izendatu dute Josema Dieguez Rodriguez. Argazki saridunak Tolosako hainbat saltokitako erakusleihoetan daude ikusgai.

Goizean banatu dituzte aurtengo Tolosa Herria argazki txapelketako sariak eta lehena Felipe Noguera Tregonek irabazi du Tangara azuleja argazkiarekin. Haren atzetik bigarren eta hirugarren sailkatu dira, hurrenez hurren, Agustin Busselo Ortega Saltarina irudiarekin eta Hector Abela Arbues Chica y chicle argazkiarekin.

Gai libreko kategorian gailendu dira horiek. Bertakoen sailean, berriz, Fernando David Pradini izan da lehena Encuentros argazkiarekin; bigarren saria jaso du Javier Ortiz Morenok Basoa irudiagatik; eta hirugarren izendatu dute Ruben Caceres Aldapan gora argazkiagatik. Bestalde, epaimahaiak Tolosaldeko Txapelduna izendatu du Josema Dieguez Rodriguez Kuuki, Bost lagun, Solitaria multitud eta Sua argazkiengatik.

Zortzi eta hamasei urte bitarteko gazteek ere hartu dute parte lehiaketan, eta irudirik onena Amiur Ugalderen Non ote nago dela ebatzi dute epaileek. Haren ondotik izendatu dituzte Imanol Lopetegi Rodriguez Belem irudiarekin eta Naira Negrin Mugica Mamua argazkiarekin.

Epaimahaia osatu dute Soraya Lopez Lopezek, Luis Diaz Lunak eta Maider Sierra Menendezek eta Argizaiola sarira sailkatzeko aukeratu dituzte Agustin Busselo Ortega, Pilar Aguayo eta Patxi Irazabal Campo argazkilariak.

Kale erakusketa
Txapelketako hainbat argazkirekin erakusketa osatu dute Targazkiko antolatzaileek. Ez, ordea, nolanahikoa: Tolosako hainbat saltokitako erakusleihoetan daude ikusgai irudi saridunak. Horiek topatzea errazteko QR kode bana jarri dute erakusleiho horietan, eta bertara sartuta ikus daiteke non dagoen irudi bakoitza.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!