Afizionatu mailako gizonezko txirrindulari onenak, Tolosan eta eskualdean

Ataria 2024ko eka. 14a, 18:35

IƱaki Murua, iazko irabazlea, helmugara iristen. LABORAL KUTXA

Tolosako San Frantzisko pasealekutik abiatuko da XLVI. Jose Maria Anza Oroimenezko proba, 09:15ean. Leku berean izango du helmuga, eta 12:30ak aldera iritsiko dira.

Oriako Txirrindulari Eskolak antolatzen du proba, eta aurten 46. aldia beteko du. Tolosatik abiatu ondoren, txirrindulariak Alegia aldera joango dira, N-1 errepidetik igaroz. Alegiatik Ordiziara joango dira errepide zaharretik, eta ondoren berriro itzuliko dira Alegiara. Berriz buelta eman eta Larraizko itzulia bezala ezagutzen dena hiru aldiz egingo dute, Ordizia, Zaldibia, Larraitz, Abaltzisketa, Amezketa eta Alegiatik igaroz. Hirugarren itzuliaren bukaeran, Altzora igoko dira eta ondoren Txarama aldera jaitsi eta handik Tolosara iritsiko dira, Araba etorbidetik igaro eta San Frantzisko pasealekuan amaituz. Ibilbide honekin tropelean iristea ez da ohikoa, eta normalean taldetxotan iristen dira. Tropeltxo bat ihes eginda badago, Altzoko igoerak eragin handia izan dezake azken emaitzan. Iazkoan Iñaki Murua altzotarrak irabazi zuen, eta Altzotik behera jaisten ari zirela ihes egin zuen eta segundo gutxirekin irabazi zuen proba.

Txirrindulari proba 23 urtez azpikoentzat eta elite mailakoentzat da, beraz, gizonezko afizionatu mailako txirrindulari onenak izango dira bertan. Euskaldun Torneoarentzat puntuagarria da, eta torneoa bukatzeko gutxi falta denez, garrantzi handia izango du sailkapenean aurrean daudenentzat. Oriako Txirrindulari Eskolatik igaro diren hainbat txirrndulari izango dira biharko proban: Ibai Irisarri belauntzarra (Grupo Eulen-Nuuk), Unax Olano tolosarra (Grupo Eulen-Nuuk), Eñaut Otegi alegiarra (Grupo Eulen-Nuuk), Asier Arteaga tolosarra (Grupo Eulen-Nuuk), Manex Tejeria zizurkildarra (Sima Cepial), Eneko Arrospide Leaburuarra (Elektro Alavesa), Eneko Arozena tolosarra (Eibar), Iñaki Murua altzotarra (Laboral Kutxa), Urko Vidal berastegiarra (Laboral Kutxa) eta Ibai Mozo tolosarra, azken hau Oriako Txirrindulari Eskolaren izenean. Horietatik faboritoen zerrenda sartu daitezke Iñaki Murua eta Eneko Arrospide, eta beste hautagaiak Aitor Agirre (Laboral Kutxa) eta Diego Ruiz de Arkaute (Caja Rural) izango dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!